Irungo Euskal Jira antolatzen duen Batzordea.-Komunikatu honen bidez, Irungo Euskal Jira antolatzen duen Batzordeak Irungo herritarrei bizi duen egoera ekonomiko zailaren berri eman nahi die, eta egoera honek Irungo Euskal Jira ospatzeko sor dezakeen arriskuaz.
Irungo Euskal Jira antolatzeko batzordea garen aldetik, Euskal Jiraren asteburuan egiten diren jarduera guztiak modu desinteresatuan antolatzeko erronka dugu. Horretarako, Euskal Jirak bi diru-iturri nagusi ditu: Irungo Udaleko Kultura Sailak urtero ematen digun dirulaguntza eta Jira egunean Urdanibia plazan jartzen dugun txosnan lortzen diren diru-sarrerak.
Txosna bidezko diru-sarrerak ez dira nahikoak Euskal Jirak dakartzan gastu ugariei aurre egiteko, eta horregatik, Kultura Sailak emandako dirulaguntza ezinbestekoa da Euskal Jira urtez urte ospatu ahal izateko. Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiogu Irungo Udalari urte hauetan guztietan emandako babesagatik.
Dena den, koronabirusaren pandemiaren ondorioz Euskal Jira bi urtez eten ondoren, egora ekonomikoak okerrera egin du. 2020 eta 2021 urteetan diru-sarrerarik ez izateak, Jiran antolatutako jardueren gastuak nabarmen handitzeak, elkartearen lokalaren eta gurdien mantentze-gastuak handitzeak, aseguru guztiak ordaintzeak eta batzordeko boluntario faltagatik hainbat zerbitzu Batzordetik kanpo kontratatzeko beharrak -laguntza hau ezinbestekoa zaigu- Irungo Euskal Jira, elkarte gisa, desagertzeko zorian egotera eraman gaitu. Arrazoi horiei gehitu behar zaie aurreko edizioan, arratsaldean eguraldi txarra egin zuenez, Jirak ez zuela behar adina diru-sarrerarik izan.
Horren guztiaren ondorioz, Irungo Euskal Jirak ezin izan die aurre egin 2023ko edizioko gastu batzuei, eta ezin diegu aurre egin 2024an izan ditugun gastuei. Egoera hain da larria, non komisioko kideok dirua jarri behar izan baitugu gure poltsikoetatik faktura batzuk ordaindu ahal izateko.
Urte batzuk (pandemia aurretik) daramatzagu Irungo Udala konbentzitu nahian Euskal Jirari zuzendutako laguntza ekonomikoa handitzeko beharraz, (hiriko kultur ondare gisa izanik merezi duen neurrian) honen etorkizuna ziurtatzeko helburuarekin. Gure ustez, dirulaguntza handitzea inbertsio interesgarria izango litzateke, Irun hiriarentzat erakargarritasun turistikoa ekarriko lukeelako (Hendaiako festarekin gertatzen den bezala).
Bai Kultura Arloak, bai Udaleko alderdi politiko gehienek, ezagutzen dute zein egoeratan gauden eta gurekin bat egiten dute Jiraren etorkizunarekiko kezkarekin, eta daukagun arazo ekonomikoari irtenbidea aurkitu ahal izateko interesa agertu dute.
Egoera honetan, Irungo Euskal Jira elkartetik hau eskatzen dugu:
Kultura Sailari:
- Aktiba ditzala Irungo Euskal Jiraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzeko beharrezko mekanismoak.
Herritarrei oro har:
- Gure festa maitea antolatzeko laguntza. Antolakuntza batzordeak ateak zabalik ditu Euskal Jira antolatzen parte hartu nahi duen ororentzat, bai Batzordeko kide izanda, bai iradokizunak, ideiak, proposamenak eginez...
Bukatzeko, adierazi Euskal Jiraren antolakuntza batzordeak espero duela Udalak ahal duen guztia egitea egoera zail honetatik ateratzen laguntzeko. Gaineratu behar da laguntza horrek, aurtengo Jira antolatu nahi badugu, otsailean zehar iritsi beharko lukeela.
Batzordeak Euskal Jira gero eta ederrago baten alde lan egiteko gogoz jarraitzen du.
Guztion artean egin beharrekoa egingo dugu Irungo Euskal Jira kultur ondarea inoiz baino biziago mantentzeko.
GORA IRUNGO EUSKAL JIRA!!!