Bidasoaldeko Etxera egunak

Bidasoaldeko Etxera egunak

Sare Bidasoa.- 2024a hastearekin batera, aurrera egiten jarraitzen dugu, ez nahi bezain azkar, baina aurrera goaz azken finean, bizikidetza eraikiz eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak defendatzeko konpromisoari eutsiz.

Duela urte bete, 2022 bukaeran, ia hogei euskal preso zeuden oraindik Espainiako Estatuko espetxetan. Beste 13 Frantziako espetxeetan zeuden. Sakabanaketaren amaiera gertu zegoen une hartan. Urte bat lehenago aldiz, 2021aren amaieran, ia ehun preso zeuden oraindik Espainiako espetxeetan, eta 20 baino gehiago Frantziako espetxeetan

Gauzak aldatu dira. Hobera. Dudarik ez. Gaur egun, dakizuenez, preso guztiak (Frantzian diren 9ak izan ezik), Hego Euskal Herriko espetxeetan daude.

Bidasoaldeko euskal presoak, Iratxe Sorzabal Diaz, Fermin Vila Mitxelena eta Aitor Olaizola Baseta Zaballako espetxean daude, eta azken honek kondenaren 3/4ak bete diru aurten.

Aurten, Francisco Jose Ramada Estebez “Bera”, zorionez, gure artean dugu, baldintzapeko askatasun egoeran.

Hala eta guztiz ere, Espainiako salbuespeneko auzitegi batek euskal presoen etorkizunari buruz hartzen dituen erabaki arbitrarioen gatibu jarraitzen dugu, Euskal Herriak gaur egun bizi duen errealitatetik urrun, eta etxerako bidea blokeatzeko asmoz, iragan denbora batean zaharkitutako erabakiak errepikatzen tematuta.

Urte berri bat dugu aurrean, erabakigarria izan behar duena preso, errefuxiatu eta iheslariei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurriak behin betiko bertan behera uzteko, eta, haien eskubideak errespeta daitezen lortzeko.

Horrexegatik, lanean jarraitzea ezinbestekoa da eta Euskal preso politikoek jasaten duten egoera bidegabea salatzeko ekintza ezberdinak antolatu ditugu. Animatzen dugu Bidasoa eta inguruetako jendea antolatu ditugun ekintzetan parte hartzera.

Etiquetas: