Abotsanitzek egindako alardearen balorazioa

Argazkia: Allende Arnaiz.

Abotsanitz.- Bi aste pasa direnean herriko jalak amaitu zirelarik, Abotsanitz Herri Batzarretik balorazio eta hausnarketa publikoa plazaratu nahi dugu. Lehenik eta behin, alkatea eta udal gobernuari babes eta elkartasun osoa adierazi behar diegu, jasan duten eraso kanpaina publikoaren harira.

Abuztu erdialdea izan zen tentsio eta gatazkaren abiapuntua. Hilaren 22an, inoiz baino lehenago eta inoiz baino adostasun gehiago zuen dekretua sinatu zuen alkateak, baita ere berau aurkeztu alderdi guztiei bozeramale batzorde batean. Baina hortik egun gutxira, higadura-politikoa eta gizartearen polarizazioa bilatzen zuten estrategia-kanpaina bat abiatu zen, eta izan dira zurrumurruak, gezurrak, Irainak eta “fake-news”-ak. Adibidez, esan izan da alkatetza dekretua “sekuestratua” zegoela, legea urratuz ez zela publiko egin nahi, eta oinarririk gabe beste hainbat baieztapen.

Legeak hala egiteko agintzen ez badu ere, gardentasunaren baitan eta tentsioa baretzeko, udal honek lehenengo aldiz publiko egin ditu gatazkatsuak izan diren hainbat gaien inguruko dekretuak (tabernen ordutegiak, irailaren 8ko antolakuntza, etab.). Hondarribiar guztiek izan dute aukera, lehenbizikoz, jaien inguruko dekretuak irakurri eta aztertzeko, bertan jasotzen zena zuzenean eta manipulaziorik gabe ikustekoa, eta dagozkien ondorioak ateratzekoa.

Dekretuak, ibilbideak, ordutegiak, eta espazio publikoaren erabilera gardentasunez publiko egin ditugun arren, eta funtsean aurreko urteetakoekin alderatuta berdinak diren arren, gezur komunikazio kanpaina bat bizi izan dugu.

Hortaz gain, azken asteetan ere konpainiatatik pertsonak kanporatzen aritu dira, azken finean, desberdin pentsatzeagatik. Bazterketa hori gaitzesten dugu eta kanporatuei gure elkartasuna adierazi nahi diegu.

Aldaketa orok, txiki zein handi, beldurra eragiten digu, deserosotasuna. Ulertzen dugu egungo egoeran gizon bati alardea maite eta era berean emakume batekin desfilatzeko arazorik ez duela adierazteak sortzen dion beldurra, kanporatu izatearena, baztertua izatearena. Baina herri indartsu batek, beldur horren aurrean elkartasunaz eta ausardiaz erantzun behar du, elkar babestuz, elkar ulertuz, inola ere ez zatiketarekin.

Irailaren 2an, Abotsanitzek herri batzarra deitu zuen Kultur Etxeko areto nagusian, eta herritarrek aretoa lepo bete zuten, haien artean, HAOSEko (Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkartea) 20 bat agintari bertaratu ziren. Orain arte bizitu gabeko egoera izan zen hura eta zinez eskertzen dugu bilerara etorri izana. Argi geratu zen ateak irekita ditugula, gardentasun osoz jokatzen dugula eta desberdin pentsatzen dutenekin espazioak elkarbanatu eta bakoitzak libreki bere Iritzia emateko aukera ematen dugula. Funtsezkoa iruditzen zaigu adierazteko askatasuna izatea, eta errespetuz entzutea, eta horregatik momentu historikotzat kataloga genezake batzar hura.

Azpimarratu behar da eragile ezberdinek adierazi dutela jaiak elkarrekin alaitasunez, soseguz eta errespetuz igarotzeko nahia, eta ez dugu zalantzarik herritarren gehiengoaren desioa horixe dela.

Zubigile izan zareten guztioi, gorrotoaren aurrean maitasuna aldarrikatu duzuenoi, eskerrak eman nahi dizkizuegu.

Hala ere, ezin da izkutatu zehaztu gabeko segurtasun-arazo eta tentsio-guneen aitzakipean, gatazka eta banaketa bilatu izan dutela zenbaitzuk, izua erabiliz, sentimendu eta emozioak mugitu eta gizartean banaketa eta ezinegona sortzeko helburuarekin.

Eta horren adierazle, irailaren 7an gertatutakoa. Arratsalde hartan, urtero bezala, Salbea burutu ostean, demokratikoki aukeraturiko udal-korporazioa aurreskua dantzatzera zihoan Arma Plazan.

Baina plazara sartu bezain laster, bi muturreko egoera bizi izan ziren, alde batetik, irainak eta txifloak, beste alde batetik txaloak. Kritika beharrezkoa eta zilegia da, baina errespetuz egin behar dela sinisten dugu, eta zentzu horretan eman zen egoera gaitzetsi beharrean gaude, eta babesa eta gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu udal ordezkari guztiei.

Alderdi honek datozen hilabeteetan aurtengo gertakarien irakurketa kritikoa egin eta lanean jarraituko du, gauzak geroz eta hobeto egin eta komunikatzeko, etorkizunera begira eraikitzen jarraitu ahal izateko.

Irakurketa kritiko hori bera egitera gonbidatu nahiko genituzke oposizioko gainerako alderdiak ere.

Kezkagarria iruditu zaigu oposizioko alderdiek gobernu taldeari leporatutakoa, tentsio giroaren erantzule garela esanez eta gardentasun faltaz jokatu dugula errepikatuz. Eta gure buruari galdetzen diogu, zer du irabazteko udal gobernuak tentsioa sortuaz?

Gardentasunari dagokionez, herritarrek jakin behar dute bozeramale batzordean azaldu zela dekretua, berau sinatu baino lehen. Tamalez, mahaian hitz egindakoaren erabilera desegokia egin da. Bertan azaldurikoaren konfidentzialtasun akordioari muzin eginez, filtratu zen informazioa eta horrekin egin zuen denak eztanda. Benetan uste dugu horrelako jarrerak onartezinak direla; herritarrek erantzukizunez eta instituzioarekiko leialtasun eta errespetuz diharduten ordezkari politikoak merezi dituzte. Zer irabazten du oposizioak beharrezkoa ez den tentsioa sortuz?

Dena dela, alardeari begira, EAJ dagoen goi-instituzioek bat egin dute udal gobernuak prozesu honetan emandako pausuekin. Adibide gisa, Ibone Bengoetxea lehendakariordearen hitzak: “Errespetua eta elkarrizketa ezinbesteko elementuak dira bizikidetzarako, eta are gehiago, hondarribiarrentzat hain garrantzitsua den egun batean”. Bat gatoz adierazpen horiekin.

Baina paradojikoki, Hondarribiko EAJ-PNVren udal taldearen osotasunak ez zion harrera egin Jaizkibel Konpainiari, 6 zinegotzitik erdia baitzegoen eliza atarian hilaren San, barne zatiketaren adierazle garbia. Beraz, EAJ-PNVri eskatu nahi diogu, haien alderdia dagoen goi instituzioetako jarrera berdina izan eta udal-prozesua babes dezala. Urteak igaro dira eta argi geratu da udal ordezkarien inmobilismoak ez duela konponbiderako aukerarik sortzen.

PSE-EEri eskatu nahi diegu zintzotasun politikoa erakuts dezatela, eta ez ditzatela zurrumurruak eta oinarri objektiborik gabeko buloak zabaldu. Badakite, irailaren 7an alardeko agintariek alkate dekretuz baimena zutela plazara sartzeko eta inork ez ziela sarbidea oztopatu. Alardeko agintariek libreki erabaki zuten plazara ez sartzea, beraz ez dezala inork ondoren emango zen eta antolaturik zegoen erasoa aitzaki gisa erabili. Gertatu zena justifikagaitza delako gizarte demokratiko batean.

Eta EAJ-PNVrekin aipatu bezala, nabarmena da PSE-EEko goi instituzioetako agintariek duten jarrera udal ordezkariena baino argiagoa dela.

Uste dugu horrelako jarrerek talde politikoen sinesgarritasunaren galera dakartela herritar guztiona den instituzioaren kaltetan, eta beraz, elkarrizketa bidera bueltatzeko, eta erantzukizun eta leialtasun politikoz jokatzeko eskaera luzatzen diegu.

Etsipen momentuetan ere, herriaren jarrerak esperantzara eramaten gaitu: Hilak San azpimarragarriena da egun osoan emandako normaltasuna eta gatazka gertakari-eza. Hondarribiko hiriak erakutsi zuen gorrotoaren aurrean, errespetua eta heldutasuna dela nagusi; segurtasun-faltaren mehatxuak hori besterik ez direla, mehatxu; hauspotu ziren mamu eta beldurrak gezurrezkoak zirela baieztatu ziren; herritarrek bere jarrerarekin argi utzi ziguten ez dutela elkarrekin egoteko inolako arazorik hilak 5an.

Bidegurutze historiko batean gaude eta aurrera jarraitzeko, bi aukera posible ikusten ditugu: Edo sufrimendua beste 25 urtez luzatu eta beste generazio oso bat kaltetu edo behingoz, maila politikoan elkarrekin bidea egitearena eta alardearen afera alderdikerietatik urruntzea, herritarrekin bat eginez: Alardeak ezin du gehiago herria zatitzeko arrazoia izan.

Amaitzeko, gure azken hausnarketa plazaratu nahiko genuke. Desberdinen arteko elkarrizketaren bidetik iritsiko da konponbidea eta gure sorreratik ardatz izan dugu ideia hori. Alardearen inguruko eragile guztiekin elkartu, aintzat hartu eta hitz egiteko gai izan gara eta diskurtso horrekin koherenteak izan garela harro esan genezake, nahiz eta hasieratik batzuek gure jokamoldea ez ulertu. Jaien aurretik zabaldu genuen idatzia berretsiaz, argi daukagu bide hau eta bide honetako guztia elkarrekin egin nahi dugula, inor atzean utzi gabe.

Aurtengo botoan Fernando Prado gotzainak esandakoak gure egin nahi ditugu, enpatia, malgutasuna eta elkar-ulertzeko mezuak aldarrikatu baitzituen hilak San Guadalupen: “Gaur jai egun handia dugu eta hemen, herri bezala gaude bilduta ospatzeko, gure elkartasuna ere ospatzeko”.

Etiquetas: