Azken geldialdia Santiagon Korrika hasi aurretik eta erromeria ibiltaria Moskutik

SANTIAGOKO KORRIKA EGUNA

Korrika.- Kateako eta Larreandiko Korrika egunen ondotik, gaur Santiagoko Korrika eguna aurkeztu dute Irungo AEK-k eta Kultura eta euskara zinegotziak.

Aurreko bi Korrika egunetako arrakasta azpimarratu eta pozez eta ilusioz aurkeztu dute Santiagokoa ere. Auzoko frontoian egingo dira ekintza guztiak eta haur, gazte eta helduentzako egitaraua ondu dute.

Goizeko 10:00etan ekingo diote egunari, pilota topaketa parte-hartzailearekin, 12 urtetik gorako edonorentzat irekia. Horren ondotik, buruhandiak izango dira auzo elkartearen eskutik. 12:30ean, Náyade abesbatzak eta Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialde ipuin kontalariek hartuko dute lekukoa ipuin musikatu bat egiteko. Bazkalostean, 17:00etan, Izarkomek gailuak euskaraz erabiltzeko tailerra emango du. 18:00etan Lumak Haize elkartearen eskutik bingoa izango dugu, euskotrabestiek bideratua. Eguna amaitzeko, Auntxak eta kontserbatorioko ikasleek erromeria egingo dute denok dantzan jartzeko.

Martxoaren 2an, horretaz gainera, Euskal Herriko IX. Hitz gurutzatuen txapelketa egingo da Palmera Montero gunean, goiz osoa hartuko duen txapelketa izango da. Izen ematea eta informazioa www.hitzgurutzatuak.eus webgunean.

Asteburua borobiltzeko, Erromeria ibiltaria ere aurkeztu dute. Moskutik Zabaltzarako bidea egingo duen kale eta kantu jira. Hauek dira talde antolatzaileak: Meakako Adixkideak, 'Txorimaloak Soinu Taldea, Kemen, Eraiki, Meaka dantza taldea, Landetxa-Kateako Elatzeta elkartea, Lagun artean, Atzokoak abesbatza, Nabartenea abesbatza, EKT, Ametsa abesbatza eta Maite muxiko taldea.

17:00etan abiatuko da Moskutik eta dantzatzeko eta kantatzeko aukera emango dio hurbiltzen den herritar orori.

Martxoaren 14a gertu dago eta motorrak ondo bero iristeko Korrika kultural oparoa izan da aurten irunen, baina oraindik beste asteburu batez euskaraz eta kulturaz gozatzeko aukera izango dugu.

Erromeria ibiltaria

Etiquetas: