BALAZTA.- BALAZTA (Bidasoko Bizikletaren Aldeko Elkartea) Bidasoa eskualdean bizikletaren erabilera hobetu, bultzatu eta sustatzeko elkartea da. Azken bi urteetan Irungo Jasangarritasun Energetikoaren Partaidetza Batzordearen bileretan parte hartu du eta horrela, 2023 — 2027 aldirako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana garatzen bere laguntza eman du.
Otsailaren amaieran, HMJP berriaren zirriborroa jendaurrean jarri ondoren, gure elkarteak hasierako onarpeneko dokumentuaren balorazioa aurkeztu zuen, bai eta zenbait alegazio eta ekarpen ere, behin betiko dokumentuan sartzeko helburuarekin.
Bi hilabete igaro direnez aurkeztutako proposamen eta alegazioei buruz eztabaidatzeko aukerarik sortu gabe, prentsa-ohar honen bidez, Balazta elkarteak jendaurrean jarri eta herritarrekin partekatu nahi du aurkeztutako dokumentu osoa, bai eta dokumentu horretan jasotako puntu garrantzitsuenen laburpena ere.
1. Hasierako onespeneko dokumentuaren balioespena
Gure elkarteak HMJParen Hasierak Onarpen Dokumentuaren balantze eta balorazio positiboa egin du. Bete-beteko dokumentua eta oso baliotsua dela iruditzen zaigu bizikletaren erabiltzaileok Irundik ibiltlzean ditugun arazo eta zailtasun ugarien azterketa sakon eta egokia egiten duelako.
Horrela, Balazta elkarteak egokitzat eta positibotzat jotzen ditu dokumentu horretan bizikleta-sarea sendotzeko eta handitzeko jasotzen diren programak eta neurriak, dela bizikletaren egoera eta konektibitatea hobetzeko, dela hirian bizikletaren erabilera sustatzeko, guztiak txirrindularien segurtasuna eta erosotasuna areagotzen dutelako.
Hala ere, eta balorazio positiboa egin arren, gure elkarteak behin betiko HMJP dokumentuan osatu, zuzendu edo gehitu beharko liratekeen bizikletari dagozkion hainbat puntu ere aurkitu ditu.
2. Bizikleta bidezko mugikortasunaren diagnostikoa eta egoera Irunen: egungo egoera kritikoa eta okerrera egiteko joeraren eszenatokia.
Gure elkartea bat dator zirriborro-txostenaren i¡dazleekin egungo egoeraren diagnostikoa oso kezkagarria dela esaten dutenean. Ados gaude ere mugikortasunaren arloan gaur egungo joerari buelta emateko berehalako neurri eraginkorrak hartzen ez badira etorkizuna benetan etsigarria dela azaltzen duten iritziarekin.
Bizikleta-sarea oraindik ez dago erabat egituratuta gure hirian; izan ere, zenbait puntutan bidegorriak ez daude lotuta, eta txirrindularia behartuta dago galtzadatik zirkulatzera, segurtasuna eta erosotasuna bermatzen ez duten bideetan.
Hori dela eta, gure hirian bizikletaz egiten diren barne-joan-etorriek ia ez dute gainditzen joan-etorri guztien % 2. Hau larria da kontuan izanda HMJPKk berak Irun distantzia laburreko hiri gisa definitzen duela, pertsonak erdigunean jarriz, oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorriei protagonismo handiagoa emateko.
2017ko Irungo bizikletaren erabilerari buruzko azterlanaren arabera, bizikleta ez erabiltzeko arrazoi nagusia galtzadan dagoen segurtasun falta da. Kale bat 30 Hiriaren parte izatea, berez, ez da nahikoa ziklagarritasun oneko ardatz bat izateko.
Datu hori ez da harritzekoa; izan ere, Irunek, gaur egun, ez du beharko lukeen bizikleta-azpiegitura adina lantoki, interesgarri gune eta gehien eskatzen diren zerbitzu askotarako sarbide segurua bermatzeko.
Beraz, gure elkarteak eskatzen du zerbitzu guzti horietara bizikletaz modu seguru eta iraunkorrean iristeko aukera bermatzea. Hori lortzeko, hiriko ardatz gehienetan, eta bereziki trafiko-intentsitate handiko bideetan, gainerako ibilgailuen zirkulaziotik bereizitako bizikleta-bideak jarri behar dira.
Dokumentuak erakusten du, gainera, egungo mugikortasun-joerak jarraitzen eta luzatzen badira eta horiek zuzentzeko neurri eraginkorrak hartzen ez badira, datozen urteetan izango dugun egoera are okerragoa izango dela. Gero eta ohikoagoak bilakatuko dira trafiko-pilaketak udalerrian, herritarren bizi-kalitatearen eta ingurumenaren kaltetan.
Hori dela eta, elkarteak eskatzen du atzerapenik gabe erreakzionatzea eta Planean proposatutako programa eta jarduera asko berehala abian jartzea. Gure ustez, premiazkoa da i¡bilgailu pribatuaren erabilerak murriztea, garraio publikoa eta mugitzeko (bizikleta, adibidez) modu iraunkorragoak erabiltzearen alde jokatuz.
Iritzi hau herritarren zati handi batekin partekatzen dugula uste dugu. Froga gisa, hiriko aurrekontu parte-hartzaileen azken 8 urteetan ¡a urtero bizikletaz mugitzeko bidegorriak eta azpiegitura seguruak garatzearekin lotutako proiektuak edo neurriak agertu dira, eta proiektu horiek izan dira, askotan, herritarrek gehien bozkatzen eta ondoen baloratzen dituztenak.
3. Balaztak hasierako onespeneko dokumentuari egindako alegazioak eta ekarpenak. Arriskuak eta konpromisoak PMUS berriari begira
Balaztak kezkaturik ikusten du edozein HMJPk izan dezakeen arriskuetako bat dela jarraitutasunik ez edukitzea edo Udalak horren jarraipena eta ezarpena bertan behera uztea. HMJP batek ez du ezertarako balio bertan deskribatutako neurriak inoiz gauzatzen ez badira, diseinuan lanerako eta plangintzarako tresna ona izanda ere.
Horregatik, gure elkarteak, bere alegazio-agirian, bizikleta-azpiegiturak gauzatzeari eta hobetzeari buruzko aldaketak eta ekarpenak sartzeaz gain, honako neurri eta zuzenketak egitearen aldeko konpromisoa hartzea eskatzen du:
- HMJParen behin-betiko dokumentuan KRONOGRAMA bat barne sartzea, legealditik geratzen diren hiru urteetan egingo diren ekintza eta neurriak zerrendatuz. Honekin, neurri guztien KOSTUAREN bBALORAZIO ZEHATZA, EGIKARITZE EPEAREN kalkulua eta URTE ANITZEKO AURREKONTU PARTIDEKIN hornitzeko KONPROMISOA; era honetan neurri horiek gauzatu ahal izateko diseinu- eta egikaritze-proiektuak egin ahal izateko.
- HMJParen behin betiko dokumentua onartzearekin batera, aldi berean ezartzea LEGEGINTZALDIAN ZEHAR ABIAN JARRIKO DIREN HMJPKO PROIEKTUEN ETA NEURRIEN ONESPENA.
- Mugikortasunari dagokionez, gutxienez hurrengo 10 urteetako erreferentziazko dokumentua izango da (aurrekoa 2011koa zen, eta azken horrek 3 urte baino gehiago daramatza plana egiteko eta behin betiko onartzeko). Hori dela eta udalean ordezkaritza duten talde politikoen artean adostu hbeharko lukete hurrengo legegintzaldian (2027 — 2031) onartutako HMJP 6EZARTZEN AMAITZEKO KONPROMISOA, legealdi honetan egin gabe geldituko diren neurrien ezarpena bermatuz, bereziki bizikletaren mugikortasunari dagozkionak.
- Bizikleta-bideen azpiegituren garapenari eta hobekuntzari dagokionez, Jasangarritasun Energetikoaren Partaidetza Batzordearen edo organo baliokidearen ALDIZKAKO JARRAIPENA egitea; era honetan gobernu-taldea legegintzaldi bakoitzerako zehaztu eta onartutako proiektu eta neurri guztien garapen-maila aztertzeko.
- HMJP berriaren IZENA ETA BALIOZKOTASUN-EPEAK ALDATZEA, legegintzaldi hau eta hurrengoa barne har ditzan. Hau da, Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarrietako Plana 2024 — 2031 izena hartzea, baldin eta HMJParen behin betiko dokumentua 2024an onartzen bada.