Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Bidasoako Kontseilu Sozialistak antolatuta, Irungo Udaleko larrialdietarako etxebizitza bateko familia baten balizko etxegabetzea salatzeko eta ohartarazteko. Elkarretaratzera familia eta gazte talde handi bat joan ziren.
Kontseilu Sozialistatik Bidasoko Hitza-n jasotako adierazpenetan ohartarazi zutenez, epaileak “presazkotzat” joz gero amaitzen den uda sasoiagatik prozesua motel joan bada ere, etxegabetze agindua “berehala” eman zezakeen, eta etxegabetze agindua irail hasieran edo erdialdean irits zitekeen. Kontseilu Sozialistak jakinarazi zuenez, “etxebizitza borondatez uzteko epea joan den astean amaitu berri da”.
Orain etxegabetu nahi duten familiak bi urte eta erdi daramatza Landetxa auzoko Lapurdi kaleko larrialdietarako etxebizitza batean bizitzen, udalak konponbidea noiz ekarriko zain. Nahiz eta zortzi pertsonek osatutako familia izan, denbora horretan beste familia batekin partekatu dute etxebizitza. Udaleko gizarte-zerbitzuak familia horren “bizileku-alternatiba” bilatzen aritu dira. Horrela, gizarte zerbitzuek, Etxebidek edo Irunvik jakinarazi diete ez dagoela etxebizitzarik hain familia ugariarentzat.
Gipuzkoako Diputazioak bai eskaini die alternatiba bat. Donostiako Martutene auzoko eraikin batean bizitzea proposatu diete. Baina Kontseilu Sozialistak azaldu dutenez, familiako kide guztiak “behartuta” egongo lirateke “dena batera” egitera. Gainera, ez dute benetako alternatibatzat jo, Landetxa auzotik alde egin beharko luketelako, baita Irundik ere. “Egoera zaurgarrian dagoen familia bat are zaurgarriago egingo dute”, deitoratu du Kontseilu Sozialistak, Bidasoko Hitza-ri egindako adierazpenetan. Azaldu dutenez, “familia beldur da adingabeak erretiratzeko prozesu sekretu bat hasiko ote den”. “Ondo sentitzen diren alternatiba bat izan behar du” eskatu diote Kontseilu Sozialistari.