Bor-bor Hausnarketa Plaza Kolektiboa.- Iragan uztailaren 28an izan ziren hauteskunde presidentzialak Venezuelako Bolibartar Errepublikan, eta oligarkiaren zerbitzura diharduen oposizioa ultra-eskuindarrak, aurreratua zuen bezala, ez zituen emaitzak onartu, gobernua ezegonkortzeko ahaleginean bere zaleak kaleak indarrez hartzera xaxatuz.
Herrialdearen egoera argitu eta bertako komunen egitura ezagutu asmoz, Bor-Bor hausnarketarako plaza kolektibotik Hazia Kultur Elkartera gonbidatu genituen Venezuelako Unión Comunerako Juancho, Luis Miguel eta Oswaldo kideak.
Unión Comunerako kideek, demokrazia hauteskundeetatik haratago doan prozesua dela defendatu zuten hitzaldian zehar. Testuinguru horretan, demokrazia partehartzaile eta protagonikoaren eraikuntzan komunek jokatzen duten papera goraipatu zute.
60 lagun batu zituen hitzaldiak Venezuelako komunak eta herrialde horretako aktualitate politikoa izan zituen mintzagai. Komuneroek bizitzaren esparru guztietan, izan lan produktibo zein erreproduktiboa, auto-antolaketan eta administrazioarekin batera egindako kudeaketan oinarritzen den eredua partekatu zuten.
Era berean, konplexurik gabe izendatu zituzten iraultza bolibartarrak dituen kontraesanak; bere buruaren jabe izaten ikasten ari den jende inperfektuak eraiki duen demokrazia inperfektua baita oraindik ere Venezuelakoa. Edonola ere, argi eta garbi azaldu zuten funtsezkoa dela uztailaren 28an herriak hautaturiko gobernu chavistak eustea eta estatu kolpe saiakerari aurre egitea. Gaur gaurkoz Madurok gidatzen duen gobernua lurraldean demokrazia komunala eraikitzen jarraitzeko aurre-baldintza baita, ultra-eskuinak boterea eskuratzeak kalapita suposatuko bailuke herri mugimenduarentzat. Horrekin elkartasun internazionalistaren garrantzia azpimarratu zuten, nazioartean antolatua den ultra-eskuinari aurre egiteko.
Bor-Bor haunarketarako plaza kolektibotik eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren guztiei. Aurrerantzean formakuntzan sakontzeko bestelako ekimenak burutzeko konpromisoa berresten dugu.