REAS Euskadik (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), Euskal Herriko Merkatu Sozialaren eraketa eta sustapena dela eta, Ekonomia Solidarioaren II. Azoka antolatzen du. Ekimena, azaroaren 15ean, larunbata, Donostiako 2016 Gunean (Easo kalea 43) eta Larramendi kalean (Easo eta Urbieta artean) jarriko den karpa batean ospatuko da.
Bigarren Azoka hau, iaz Bilbon ospatutakoaren jarraipena da eta Merkatu Soziala eratzen duten enpresa eta entitateen erreferentzia-gunearen finkatzea suposatzen du. Merkatu Soziala irizpide etiko, demokratiko, ekologiko eta solidarioekin funtzionatzen duen ondasun eta zerbitzuen ekoizpen, banaketa eta kontsumo sare bat da. Sarea, ekonomia solidarioaren entitate eta enpresez eta banakako zein taldeko kontsumitzailez osatuta dago.
Euskal Herriko Merkatu Soziala eratzen duten ekonomia sozial eta solidarioaren 40 enpresa eta erakunde ingururen produktu eta zerbitzuen informazio eta salmentarako standak egongo dira: finantza etikoak, tokiko nekazaritza ekologikoa, bidezko merkataritza, energia berriztagarriak, eraikuntza, ehungintza, ostalaritza, turismoa, birziklapena, aseguruak, komunikazioa gizarte esku-hartzea, etab. Honez gain, jarduera-egitaraua zabala izango da: produktu eta zerbitzuen aurkezpenak, hitzaldiak, antzerkia, etab. Haurrentzako ekintzak burutuko dituen Txikigune bat eta tokiko produktu ekologikoak dituen txozna ere edukiko dugu.
Halaber, azokaren aurrerapen legez, azaroaren 14an, ostirala, 2016 Gunean ere (Easo kalea 43), “Posible al da bizitza ekonomiaren erdigunean jartzea?” jardunaldia ospatuko da, zeinetan, ekonomia feminista eta solidarioaren ikuspuntutik, ekonomiaren esparruko ekimen alternatibo ezberdinei ekingo diegun.
Ekimen honen bitartez, beste ekonomia bat posible dela erakutsi nahi dugu, pertsonen zerbitzura dagoen ekonomia, bidezkoagoa, jasangarriagoa eta solidarioagoa. Itxaroten zaituztegu!
:: Azokaren web orria: www.goazenazokara.org
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1370 irakurketak
- Castellano