'MOSKUKO URREA' libururaren aurkezpena

Non: 
Aia Taberna, Mosku
Data: 
Larunbata, Abendua 20, 2014 - 10:30

MoskukoUrreaAzalaHeldu den larunbatean aurkeztuko dugu, Irungo AIA taberna berrian, Urdanibia plazaren eta ospitale zaharraren plazatxoaren ondoan. 10:30ean hasiko da aurkezpena, eta galderen txanda izango da segidan, baita hamaiketako edo luntx ttiki bat ere.

Mezu honen bitartez atsegin haundiz gonbidatzen zaituztet 'Moskuko urrea (Kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993)' izenburuko liburuaren aurkezpenera etor zaitezten. Elkarrizketen bitartez, ahozko historia eta istorioak bildu ditut hiru urtetan, Euskal Herri osoa astindu zuen kultur loraldiaren hainbat protagonistarekin, alor ezberdinetan aritu zirenekin. Musika alorrak hartzen du liburuan tokirik gehien (esate baterako, Muguruza anaien, eta Baldin Bada, Vomito eta halako taldeetako kideen lekukotzarekin), baina beste hamaika gai ere agertzen dira: Angula irrati librea, fanzineak, literatura, arte dramatikoa, bertsolaritza, euskalgintza, ekologismoa, gazte asanbleak eta okupazio mugimendua, antimilitarismoa, auzoetako jaiak, Santo Tomas Futbito Txapelketa, feminismoa, gay eta lesbianen borroka... Horrez gain, Irundik kanpoko musikari, kazetari, idazle eta abarren ikuspegia jaso dut. Guzira 35 bat elkarrizketa luze eta 15 bat labur egin ditut libururako.

Egileari hainbat galdera egiteko aukera izango duzue, baina elkarrizketa luzeetarako, hobe beste egun baterako hitzordua finkatzea.

'MOSKUKO URREA (Kultur eta gizarte mugimenduen eztanda Irunen, 1983-1993' LIBURUA

Juanma Sarasola Murgia, 'Xaun'

'Moskuko urrea' ez da nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma. Ez da soilik musikari eskainitako liburua, RRV edo Rock Radical Vasco delakoari mugatua. Ez da soilik Irungo Mosku eremura mugatutako liburua. Mosku jendearen topagunea eta kultura eta gizarte susperraldiaren epizentroa izan zen, baina hortik kanpo ere hamaika gauza egin zituzten urte horietan Irunen. Bestalde, liburu honen asmoa ez da entziklopedia izatea.
 
Irunen, Euskal Herriaren testuinguruan, garai jakin batean izandako kultura eta gizarte mugimenduen eztandaren edo loraldiaren kontakizuna da, protagonisten eta lekukoen hitzetan. Ahozko historiaren eta istorioen bilduma da, garai hartako pintzeladak edota hitzez nahiz irudiz osatutako argazki orokorra jasotzeko asmoa duena. Argazki orokor horretan, haatik, lupa edo zoom-a erabiliz gero xehetasun ugari topatuko dituzu, irakurle.

Franco hil ondoko urteak aurrekari eta testuinguru historikotzat hartuta 1980ko hamarraldi hasieratik 1990eko erdialdera hamaika alorretan egindakoa eta gertatutakoa hizpide izan dugu protagonistek eta lekukoek, batetik, eta kazetari honek, bestetik. Halere, galdera-erantzun soilez osatutako elkarrizketa hutsetik harago joan gara, eta kasurik gehientsuenetan -posta elektronikoz egindako kasu bakanetan izan ezik- solasaldi bilakatu dira jarritako hitzorduak, eta maiz ildo zurrunetatik desbideratuta aritu gara blagan, berriketa librean. Horrek bestelako giroa eta datu bilketa ere ahalbidetu ditu, eta atseginagoa, lasaiagoa eta mamitsuagoa suertatu da ekinaldia. Zenbait kasutan elkarrizketatuak 1983 baino lehenagoko garaietara jo du kontakizunean, baita 1993ko ondorenera ere.
 
AIA tabernaren kokapenaNire herrian eta kasu gehienetan nire nerabezaro-gaztaroan egositako saltsa-maltsa hura hobeto ezagutzeko jakinminak zirikatuta ekin diot proiektu honi, ahalik eta ahots gehienen bitartez testigantzak zuzenean eta aurrez aurre jasotzeko gogoak bultzatuta. Saltsa-maltsa horretako osagai batzuen lekuko izateak eta tartetxo batez bederen parte-hartzaile izateak ere motibazio berezia eman dit. Izan ere, ekitaldi eta produktu ugaritako ikusentzule pasibo izateaz gain, bolada batez rol aktiboa eta sortzailea ere izan nuen, bai 1988an Angula Irratian Stornudo de Passion musika saioa egin nuenean -izenak izen, euskara zen komunikazio hizkuntza- bai Auskalo rock taldearen bigarren etapan kantari eta letragile aritu nintzenean, 1991-1993 bitartean. Beraz, konfiantza haundiagoarekin eta barne ezagutza pixka batekin ekin diot liburuaren egitasmoari. Kasu batzuetan beste protagonistekiko hurbiltasunak edo ezagutzak ematen duen abantailarekin jokatu dut, batez ere kontaktuak lortzeko tenorean. Hala, errazagoa eta erakargarriagoa egin zait bidaia honetarako animatzea eta prestatzea. Sumendiaren leherketa hurbiletik oroitzeko eta interpretatzeko bidelagunak -tarte baterako- ez zaizkit falta izan.

Kondaira batek dio... ostadarraren bukaeran urrez betetako eltzea, iratxo eta galtzagorriez inguratua atzeman dezakeela haren bila abiatzen dena. Liburu hau egiterakoan, ordea, urrea ez dut aurkitu ostadarraren atzeneko muturrean, bidearen eta denboraren bihurguneetan baizik. Unez une, eta protagonistaz protagonista lekukotasunak jasotzen, horrela aritu naiz gure herrian sakabanatuta dauden pitxi ugarietako batzu-batzuk biltzen. Denboran atzerako bidaia eta atzerabegirako kritikoa izan da, nostalgia edo oroimin merkerik gabekoa.

Musika arlokoak dira liburuan nagusi, baina beste eremuetan ere barneratu naiz istorioak eta pitxiak biltzera: Angula irrati librea, antzerkigintza, bertsogintza, literatura, gazte asanbleak eta okupazioak, gazte eta ikasle mugimendua, feminismoa, gay eta lesbianen mugimendua, ekologismoa, kontzertu argazkigintza, diskodenda alternatiboak eta diskoetxe autogestionatuak, tabernarien ikuspuntuak, antimilitarismoa, euskalgintza... Esparru anitz eta askotarikoak, 1983-1993 urte arteko saltsa-maltsa hura biltzeko, eta hark Irungo gizarteari nahiz Euskal Herrikoari egindako ekarpena begirada kritikoz azter-tzeko, beti ere elkarrizketatuen ahotsetan. Protagonista batzuk, gainera, arlo ugaritan parte hartuak dira.

50 bat lagunen testigantzak jaso ditut, horietatik 35 bat elkarrizketa luzeren eta beste hamabost bat laburragoren bitartez, Euskal Herri osoa astindu eta zipriztindu zuen sumendi haren laba gehiegi gogortu eta trinkotu baino lehen Irungo kontuen bilduma batean jasotzeko, ahozko historia gisa paperean islatzeko. Garai hartako zirrikitu guziak edo gehienak bertatik bertara ezagutu zituenak haiek gogora ditzan, eta ezagutu ez zituenak haien berri izan dezan. Oroitzeko, oroitarazteko, ulertzeko, ikasteko.

LIBURUAREN EGILEAZ:  

Juanma Sarasola Murgia, 'Xaun' (Irun, 1969) bereziki kazetari eta euskara irakasle aritu da urtetan. Kazetari Euskadi Irratian, Egin-en, eta batez ere Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n (batik-bat Mundua sailean) lan egina da, baita Behe Bidasoako Hitza-n ere, eta horrez gain, kolaborazioak egin ditu Euskadi Irratian -Faktoria saioko tertuliakide denboraldi batez-, Antxeta Irratian, eta Gure Irratian. Euskara irakaskun-tzan, AEK-n sei urtez jardun du (beti ere Irundik kanpo) eta Seaskan urtebete. Azkenaldian bestelako zereginetan ibilki da.

Literatura alorrean, poesia librean nahiz hitz neurtuetan ibilia, talde lanetan eta bakarka argitaratu izan ditu olerkiak, bertsoak, eta kantu hitzak: Senpereko Hatsa Elkartearen Hatsaren Poesia urteroko bilduman 2000. urtetik hona, Oreretako Mikelazulo Elkarteko 'Beste bat apalerako' (2002) bilduman, eta bakarkako 'Ametsek ez dute kartzelarik' liburuan (Maiatz, 2006). Gainera, Mikelazulo Elkarteko hainbat kiderekin batera poesia, antzerki, musika, dantza, eskultura, eta pintura diziplinak biltzen dituzten ekitaldietan hartu du parte, poesiak errezitatzen edota unean bertan inprobisatzen. Ipuingintzan ere sartualditxoa egina du, eta 2003an Satarka-Bordari Lehiaketan Hondarribiko Onenaren Saria jaso zuen (Hondarribia zuen orduan bizileku).

Era berean, elkartasun bidaiak eta kazetari lanak uztartuta, Palestinako gatazkaren gaineko liburua argitaratua du: 'Olibondoetatik Apartheid Hesira' (Arbizuko Udala, 2006), eta Thamer Birawirekin batera nahiz bakarka han hemenka hainbat hitzaldi eskaini izan ditu auzi horren inguruan.

'Moskuko urrea' liburuak aztergai duen garaian Angula irrati librean aritu zen urte batez, eta Auskalo rock taldean kantari eta letragile (1991-1993). Gerora hainbat kolaborazio egin izan ditu, hala nola Lasai-Massai, Addis Abeba, Debekatua eta Gaxen taldeekin.

PORTADAMoskukoUrreaLibururako1 IRUDI

Etiquetak: