Abuztuak 28, AHTren aurkako protesta Jaurlaritzaren Miramarreko Gobernu Kontseiluaren aurrean

Non: 
Donostiako Bulebarreko kioskoa
Data: 
Osteguna, Abuztua 28, 2014 - 11:00 -tik Ostirala, Abuztua 29, 2014 - 10:55 -ra
Antolatzen du : 
Mugitu! Mugimendua

Mugitu! Mugimendua.- Datorren ostegunean, abuztuak 28, AHTren aurkako protesta-kalejira deitu du Mugitu! Mugimenduak Donostian, hain zuzen ere Jaurlaritzak Miramar jauregian ospatu ohi duen urteko lehen gobernu-kontseiluaren aurrean azpiegitura xahutzaile eta txikitzaile horrekiko arbuioa adieratzeko. Goizeko 11etan Bulebarreko kioskotik abiatuko da protesta-martxa hori, Urkullu lehendakaria gainean jarrita duen “AHT-MARRAZO” handi bat eramango dugularik aurtengoan Miramarrera, era honetan AHTren egitasmo erraldoiaren logika depredatzailea irudikatu eta baliabideen xahuketa nahiz lurraldeen suntsiketa salatzeko.

Edonondik begiratuta, AHTa baliabide publikoen eta lurraldearen egitasmo depredatzailea da. Obrak hasi zirenetik, zazpi urte igaro direnean, kalte atzeraezinak eragin dituzte “Euskal Y”-aren trazaduaren kilometro askotan, eta gutxiengo baten mesedetan patrikak betetzen jarraitzen dute porlanezko egitasmo erraldoiaren ezarpenarekin. Horrez gain, AHTak sortu duen zorpetze publikoa ezkutatzen ari da Jaurlaritza, obraren etengabeko gain-kostuak eta ustelkeria kasuak bezalaxe: horren lekuko, porlana egiteko legezkanpoko hainbat instalazio jartzearren udaletxeak presionatu ditu, Basaurin alperrik eraiki duten biaduktoaren aferaren aurrean ezikusiarena egiten du, eta AHTrako oraindik egiteke dauden gastu itzelen inguruan ilunkeria nabarmena erakusten du. Horrenbestez, lurraldea hondatu, gastu sozialak murriztu eta jendartearen bizi-baldintza kaskarrak okertu dira, herritarren gehiengoak behar eta nahi ez duen AHTren inposizioaren ondorioz.


Eta AHTren aurkako borrokari eta desobedientziari bultzada berri bat emateko aldarria zabaldu nahi dugu bidenebar, lurraren defentsan nahiz gizarte eredu berri baten alde. Zuen partehartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko dituzuen lagunena ere.

Etiquetak: