Elkarretatzea: Euskal preso eta iheslariak etxera!

Non: 
Irungo San Juan Plaza
Data: 
Osteguna, Iraila 24, 2015 - 19:30
Antolatzen du : 
Sortu

Sortu Bidasoa- Ostiralean, hilak 25, Entzutegi Nazionalak bilkura egingo du euskal preso politikoek banaka egindako Euskal Herriratze eskaerei erantzuteko.

Zoritxarrez, epaileek emango duten erantzuna aurrez ezaguna da. Eta badakigu, azken finean Estatu espainiarra boikot jarrera iraunkor batean dagoelako, inboluzio bide guztiak hartuz eta apratu polizial eta judizialaren bidez gatazkaren konponbidea erreprimitu eta boikotatzeko. Horrela bada, 25ean erantzun positiborik ez dugu espero.

Egoera hau oinarritik aldatu beharra dago, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak pairatzen duen salbuespenezko egoerarekin amaitu beharra dago. Egun, 450 preso politiko inguruk jarraitzen du pairatzen aurreko egoera politikoan garaturiko neurri antiterrorista eta antidemokratikoak. Estatu espainiar osoan zehar sakabanaturik dituzte, senide eta lagunei min sendaezina eraginez.

Estatu espainiarrak presoen egoerari aterabidea sine die atzeratu nahi du, horrela konponbide prozesua zapuztuko duelakoan. Badira beste batzuk, PNV kasu, Estatuari bidea libre uzten diotenak. Gure galdera da, zer egiten du EAJk dispertsioarekin amaitzeko? Sabin Etxeak era obsesioan exijentziak ezartzen dizkio ezker abertzaleari, egunak joan eta egunak etorri. Eskaeren errotondan bueltaka dabil EAJ, ezker abertzalearekiko iraganekoak beharko luketen jarrerak eta praktikak mantenduz. Gobernu espainiarrarekiko eskaerak ordea, gordeak ditu EAJk, hauteskunde espainiarren osterako diotenez.

Presoei ezartzen dien salbuespenezko politika alboratu dezala exijitu behar zaio Madrili: ilegala delako, sufrimendu sendaezina eragiten duelako senide eta lagunen artean, 16 hildako eragin dituelarik; euskal jendartearen gehiengoak horrela eskatzen duelako. Argudio guztiak dauzkagu, kalera atera behar ditugu indarrez: presio instituzionala areagotu; prozesua bultzatu nahi duten sektore guztien inplikazioa lortu; elefante mugituko dugula sinistu eta sinistarazi behar dugu, preso guztiak Euskal Herrira ekarriko ditugula sinistarazi. Lor daiteke eta lortuko dugu.

Prozesuan murgiltzeko eta prozesua elikatzeko EPPKren asmoa argia da, prozesuaren zein gehiengo sozial eta politikoaren eskaerei erantzutekoa. Ildo horretan EPPKren ekimen guztiak babestuko ditu Sortuk.

Azkenik, irailaren 24ean mobilizatzeko deialdia luzatzen dugu, herriz herri, presoak Euskal Herriratzeko eta dispertsioarekin amaitzeko, eta horrela preso guztien kaleratzea ekarri behar duen prozesuan parte hartzea bultzatuz.

Gure eskualdean deialdi bakarra egin dugu: Elkarretaratzea Irungo San Juan Plazan, arratsaldeko 19:30 etan.

Etiquetak: