Osasunaren alde eta erraustegiaren aurkako giza-katea Kontxako hondartzan

Non: 
Kontxako hondartzan (Alderdi Eder: hondartzara jaisteko tokia)
Data: 
Igandea, Iraila 10, 2017 - 11:30

Aurreko urte askotan bezala Donostia Bizirik Elkarteak, Errausketaren Aurkako Koordinadorak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak irailaren 10ean giza katea antolatuko dute Kontxako hondartzan, 11:30ean abiatuta.

Aurten egoera berri baten aurrean aurkitzen gara: Zubietako erraustegiaren obrak hasiak dira. Hala ere gure borrokak darrai, ez dugu etsitzeko asmorik eta gertatzen dena gertatzen dela ere, hiri hondakinen errausketaren aurka jarraituko dugu. Klase politiko errauketazalearen eta modu batera edo bestera inplikatuta dauden enpresen interesak salatzen jarraituko dugu eta modu guztietako oztapoak jartzen saiatuko gara.

Ezin dugu ahaztu Zubietako erraustegia hainbat gezur handietan oinarrituta dagoela. Lehenengoa erraustegiaren beraren beharra da; 2007tik 2015era bitartean gipuzkoarren zabortegietara bidaltzen duten zaborra %45a gutxitu da, beherakada hau urtez urte etenik gabekoa izan delarik. Kasualitatez 2016an ez da jaitsierarik gertatu 2015arekiko. Egungo Gipuzkoako agintarien interesa garbi ikusten da: erregaia behar dute munstruo ia elikatzeko, urtean 200.000 tona eta gaur egun bakarrik 160.000 dituzte. Beraz ez da komeni murriztea, ez berrerabiltzea eta gutxiago birziklatzea eta konpostatzea. Guztia erraustegira!

Zabortegiak itxi behar direla da beste aitzaki bat eta ados gaude. Onartezinak dira usainez, lixibiatuz, kaioz betetako zabortegiak. Baina zabortegiak beti egongo dira; erraustegiak hiru zabortegi behar ditu: atmosfera isurtzen dituen gas eta partikulentzako, zabortegi kontrolatua zepentzat eta segurtasuneko zabortegia errauts toxikoentzat. Askoz hobe litzateke zaborra murriztea eta sortzen den errefusa inertizatu ondoren zabortegi bakarrean uztea.

Azken teknologia erabiliko dutela eta ez dela kutsadurarik sortuko esaten digute. Beti erabili izan azken teknologia eta beti izan ditu akatsak, beti egon dira istripuak, beti sortu da kutsadura. Mundu osoan egindako ikerketek, Espainian eta Frantzian egindakoek ere bai, baieztatzen dute erraustegien eragin kaltegarria osasunean, ingurumenean, nekazaritzan. Zubieta inguruko biztanleengan duen eragina aztertuko dutela diote, baina gaixotu denarentzat alperrik dira azterketak; kasu egin diezaigun lehendik aztertuta dagoenari.

Milako etxeentzako energia sortzeko erabiliko dela ere esaten digute. Zaborra oso erregai kaxkarra da; plastikoak eta paperak (biak birziklagarriak) dira erretzen direnak eta ez oso ondo. Labean behar den tenperatura lortzeko gas naturala erabiltzen da eta honek bai, honek ematen du energia. Hurbilen daukagun erraustegian, Zabalgarbin, energiaren %70a gas naturaletik dator.

Salatu nahi dugu, baita ere, kosto izugarri handia, 1.000 milioi euro baino gehiago, gipuzkoar bakoitzeko 1.500 euro baino gehiago, beti ere alternatiba merkeago, ekologikoa eta osasungarriagoa mahai gainean daukagunean. Halako gastua erraldoia azken batean multinazional atzerritar baten esku pribatuetara joango delarik dirua.

Eta ez dezagun ahaztu oso lanpostu gutxi sortuko dituela. Ekonomia zirkularrean oinarritutako proiektu batek, merkeago izatez gain, hamar aldiz lanpostu gehiago sortuko du eta dirua Gipuzkoan bertan geratuko da.

ALTERNATIBA DAGOELAKO, ERRAUSKETARIK EZ!
GURETZAT ETA ONDORENGOENTZAT OSASUNA NAHI DUGU!

Etiquetak: