Ekainaren 1ean, ikasturteko azken bertso-gaua: Txingudi I VS. Txingudi II

Non: 
Kabigorri
Data: 
Osteguna, Ekaina 1, 2017 - 19:30

Bereziak izaten dira ikasturte amaierako bertso gauak, ezbairik gabe, eta berezia izan nahi du aurtengoak ere. Gipuzkoako Herriartekoan ibili dira  Txingudi I eta Txingudi II taldeak, beste 34 talde gehiagorekin lehian, baina lehen aldiz igoko dira bi taldeak batera oholtzara, jendeaurrean. Batera oholtzaratu? Aurrez aurre jarri? Nork daki? Izan ere, Irunabarren jirako hainbat lagun bildu da bi talde hauetara, Gipuzkoako Herriartekoan parte hartu eta antolakuntza lanetan laguntzeko, eta honakoan ere Adrian Arruti, Zuhaitz Olazabal, Mikel Garmendia eta Gotzon Aizpiolea aritu dira ekainaren 1eko saioak zer-nolakoa beharko lukeen pentsatzen. Eta zer izango den? Bada, hori bertaratzen direnek bakarrik jakingo dute. Kabigorrin hamaika ikusiak gara honezkero… Beraz, auskalo!

Azken bertso gaua izaki, Irunabarrek jatekoa eta edatekoa eskainiko die bertaratzen direnei, aurreko hiru ikasturte amaieretan eta zenbait egun berezitan egin bezalaxe. Joan da laugarren urtea, dagoeneko, hilabeteko lehendabiziko ostegunarekin bertso gauak antolatzen; urtean bederatzi bertso gau… Datorren ostegunekoa, beraz, hogeita hamaseigarrena: Txingudi I vs. Txingudi II. Hantxe izango gara zuen zain, plazer baduzue.

Irunabar  (Irungo Bertsoaren Bilgunea)

Etiquetak: