Indar okupatzaileen kontrako manifestazioa, urriaren 12an Iruñean

Non: 
Iruñeko Errekoletako Plaza
Data: 
Ostirala, Urria 12, 2018 - 13:00 -tik Larunbata, Urria 13, 2018 - 12:55 -ra

Urriaren 12an, espainiarrek, duela 500 urtetik gora amerikar kontinentean burutu zuten kolonizazio eta genozidioaren hasiera ospatzen dute. 1492ko urriaren 12an iritsi ziren lurralde haietara eta ehunka urtetan zehar bertako kulturak, hizkuntzak eta bizimoduak zapaldu eta desagerrarazi zituzten.

Gizateriaren genozidiorik handiena izan zena burutzeko espainiarren indar armatuek jazarpena erabili zuten Koroari men egiten ez zion orori torturak, bortxaketak edota erailketak aplikatuz. Ondorengo mendeetan kolonizazioak eta jazarpen militarrak aurrera jarraitu zuen, fase desberdinetan Ameriketako herriek espainiarren botere eta indar armatuei aurre egin eta haien lurraldea askatzea lortu zuten arte, burujabetasuna eskuratuz.

Euskaldunok ere garai horretan jasan genuen Pirinioen hegoaldeko gure azken lurraldeen galera. 1512an Gaztelako Koroak Nafar Erresuma armen bidez inbaditu zuen eta ondorengo hamar urteetan Nafarrek hainbat birkonkista saiakera egin arren, 1522an behin betikoz geratu ginen euskaldunok espainiar Koroaren menpe, betiere indar armatuak izanik zapalkuntza hori mantentzeko bermea. Ondorengo 500 urteetan mota askotakoak izan dira euskaldunon askapen saiakerak eta bide horretan espainiar indar armatuen aldetik jazarpena, errepresioa, tortura gogorrak eta erailketak jasan ditugu.

Azken 50 urteetan 10.000 euskaldun baino gehiago espainiar indar armatuek torturatuak izan dira. Beste asko izan dira eraildakoak, kuarteletan bortxatutakoak edota kalean beraien biolentzia eta jazarpena jasan behar izan dutenak.

Urriaren 12a zorigaiztoko data da euskaldunontzat. Ez daukagu ezer ospatzeko egun horretan! Are gehiago, milaka arrazoi dauzkagu gure aurkako jazarpena salatzeko!

Hori dela eta, urriaren 12an Iruñean “Alde hemendik! Indar okupatzaileak kanpora!” lemapean manifestatzeko deia egiten dugu. Askatasunean oinarrituko den bake iraunkorra lortzeko, borrokan murgildu diren kide guztiak etxera bueltatu eta guda egitera etorri zirenek alde egin beharko dute. Utzi Euskal Herria bakean! Alde hemendik orain eta betiko!

Urriaren 12an, 13:00etan, manifestazioa Iruñeko Errekoletako Plazatik.

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua

Etiquetak: