Uztailaren 21ean, ‘BLACK IS BELTZA GAUA’, Donostiako San Telmo Museoan

Non: 
Donostiako San Telmo Museoan
Data: 
Larunbata, Uztaila 21, 2018 - 20:30

Uztaileko San Telmo Gauak Black is Beltza erakusketa izango du ardatz.

Uztailaren 21ean, larunbatean, 20:30etik 24:00etara, aldi baterako erakusketak, eliza eta klaustroa irekita egongo dira; eta, gainera, taberna zerbitzua eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera egongo da talde hauekin:
 - The Sey Sisters: Ghanako jatorria duten Edna, Yolanda eta Kathy Sey ahizpek osatzen dute. Bakarka lan egiten dute abeslari eta aktore moduan, baina sorkuntza pertsonalaren bidean, beraien agendak bateragarri bihurtzea erabaki zuten, elkartzea, eta euren karrerak finkatzea The Sey Sisters sortuz. Black is Beltza animazio filmaren soinu bandan parte hartu dute.

 - Bad Sound System: Euskal Herrian jamaikar kultura eta musika egiteko modua ulertu eta barneratu duen talderik bada, hori Bad Sound System talde irundarra da. Euskal Herriko hip hop eta reggae eszenaren aitzindari, musika estilo hauek maite dituenarentzat nahitaezko erreferente bilakatu dira egin duten ibilbide luze bezain oparoan.

 - DJ Unai Muguruza: Bonba eta kaxa artean jaioa. Musika bere zainetan dago. Sabelean zegoenetik kontzertuetara joanaz. Hau bere bizitzaren parte da. Publiko heterogeneo bat dantzan jartzea lortzen du, bere sesioak sortzen duen musika erakargarriarekin eta show bakoitza gau paregabean bihurtuz. 18 urte zituenetik klubetan, kontzertuetan, eta gaztetxetan jotzen egon da. Euskal hiriburu guztietan jo du “Don Lion” ezizena erabiliz. Madrileko klub ezagunetan eta Bartzelonako zenbait aretoetan erresidente bezala eta DJ internazionalekin kartela partekatuz pintxatu du ere. Herrialdetik kanpo, Mexikon eta Lincolnen egon da. Fermin Muguruzaren DJ bezala ere aritu da. Gaur egun Bilboko Fever aretoan El Chapo bezala Trap Avenue klubean Dolcce ezizenarekin aritzen da DJ moduan.

‘Black is Beltza’, San Telmon
Ekainaren 15ean inauguratu genuen Donostiako San Telmo Museoan Black is Beltza erakusketa. Erakusketak bidaia bat proposatzen digu: Black is Beltza animazio filmeko protagonista den Manex Unanueren abentura hainbat leku eta herrialdetan barrena. Abiapuntua da 1965ean Iruñeko erraldoien konpartsak New Yorkeko 5. etorbidetik egindako desfilea.

2018ko ekainaren 15etik irailaren 30era. Asteartetik igandera, 10:00-20:00. Laborategia. Doako sarrera.

Fermin Muguruzak Harkaitz Cano idazlearen eta Jorge Alderete irudigilearen laguntzaz sortutako eleberri grafikoari buruzko erakusketa erabat berrituta dator San Telmoko Laborategira (2014an Azkuna Zentroan egon da): irailean aurkeztuko den animazio filmerako erabilitako edukiekin.
Black is Beltzak proiektua burutzeko erabili den materiala du erakusgai, hala egileak istorioa egituratzeko laguntza moduan izan dituen prentsa-artxiboak, nola animazio filmaren marrazkiak, edota ikus-entzunezko materialak, sasoi hartako ikuspegi sozial, politiko eta kulturalaren erakusgarri.

Black is Beltza proiektuak (eleberriak lehenbizi eta laster, filmak) ekintza eta espioitzako istorio bat eraikitzen du, musika, amodioa eta iraultza nahasiz, eta zinemagintzako genero desberdinak eta ikus-entzunezko aurrerapenak elkartuz.

Fermin Muguruzak proiektu honi ekitea erabaki zuen prentsan gatazka bat jasotzen zuen irudi bat aurkitu zuenean, paradoxikoki bada ere, gatazka hori arrotza eta ezaguna baitzitzaion aldi berean: 1965ean New Yorken egindako desfilean, Iruñeko erraldoien konpartsako erraldoi beltzek parte hartzea debekatu zuten.

Gertaera historiko hori abiaburu hartuta, Muguruzak gure istorioko pertsonaia nagusiaren kontakizuna eraikiko du, Manex Unanuerena.

Gazte horren begirada hartuta, kontakizunak zehatz azalduko dizkigu hirurogeiko hamarkadaren erdialdeko asalduzko garaietan izan ziren gertaera nagusiak.

Jarduerak
 - Proiekzioak
Uztailak 17, 22:00. Re-vengeance (2016), Bill Plympton. JBA euskaraz

 -Zeharkako begiradak
Erakusketa Fermin Muguruzaren eskutik ezagutzeko aukera.

Doan, izen-ematearekin: 943 48 15 61 / stm_erreserbak@donostia.eus

Irailak 6, 18:00. Euskaraz

Irailak 13, 18:00. Gaztelaniaz

Antolatzaileak: San Telmo Museoa, Azkuna Zentroa, Talka Records & Films

Zinemetan urriaren 5ean
Animazio filma zinemetan ikusi ahal izango da urriaren 5etik aurrera.

Etiquetak: