Migrantearen Nazioarteko Eguna. Abenduaren 17an mugaren bi aldeetako kolektiboen kontzentraziorako deia

Non: 
Santiago Zubia
Data: 
Astelehena, Abendua 17, 2018 - 19:00
Antolatzen du : 
Etorkinekin

Concentración en HendaiaIrun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubian egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du Irungo Harrera Sareak datorren astelehenean, abenduaren 17an, migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Iparraldeko Etorkinekin elkarteak deialdiarekin bat egingo du eta Hendaiako Erretentzio Zentroaren aurrean egingo da (komisaldegian). Zentro hau, migratzaileentzako kartzela bat da. Bertan,egoerairregularrean dauden migranteak giltzaperatzen dituzte beren jatorrizko herrialdeetara bidali arte.

Asteleheneko deialdiak  pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzeko balioko du eta migranteei estatuko eta EBko gobernuek aplikatzen dizkieten kontrol eta politika arrazistak salatzeko, EBko barne zein kanpoko mugetan. Aldi berean, egiturazko  fenomeno bati erantzun duina eta solidarioa emateko pertsona eta elkartasun-erakundeen borondatea eta lana baloietsi nahi dira.

Migratzaileen etorrera haztearekin batera , argi geratu da Irun eta Hendaia arteko muga ez dela desagertu. Aldiz,  poliziaren kontrolek migratzaileen eskubideak urratu eta kolokan jartzen dute  Europar Batasunaren barruko mugetan pertsonen zirkulazio askerako Schengen araudia. Horri gehitu zaio erakundeek harrerarako ezarritako neurriak, berandu eta askotan modu eskasean jarri dituztela martxan. Guzti horren aurrean, herritarren eta erakundeen mobilizazioari esker, bazterketa humanitarioko egoerak saihestu ahal izan dira.

Migratzaileen Nazioarteko Eguna NBEk 1999an deklaratu zuen, "Milioika emigrantek mundu osoko herrialdeen garapenari egiten dioten ekarpen handia aitortzeko asmoz". Nazio Batuen Erakundearen arabera, 175 milioi migratzaile baino gehiagok -munduko populazioaren %2 baino gehiago – bizi eta lan egiten dute beren jaioterri edo herritartasunaz bestelako
herrialde batean. Kopuru horrek emigrante ekonomikoak, errefuxiatuak, asilo bila dabiltzan pertsonak eta etorkin iraunkorrak barne hartzen ditu.

Horregatik guztiagatik, datorren astelehenean, hilak 17, harrera-sareen funtsezko papera aldarrikatuko da eta elkartasuna sustatzeko eta harrera duina eta integralaren aldeko  pertsona guztiak parte hartzera deitzen ditugu.

Etiquetak: