Donostiako Kijera gaztetxearen aldeko manifestazioa

Non: 
Donopstiako Konstituzio plaza
Data: 
Ostirala, Urtarrila 4, 2019 - 19:00 -tik Larunbata, Urtarrila 5, 2019 - 18:55 -ra

Borroka garaia da!.- Donostiako Alde Zaharreko Kijera Gaztetxetik idazten dizuegu. 2018ko irailaren bian, okupatu egin genuen 12 urtez hutsik zeraman eraikuntza hau. Beraz, 4 hilabete betetzera goazen honetan, abenduaren 26an, udaltzaingoa etorri zen Udalak desalojoa burutzeko prozedura bat abiatu zuela jakinaraztera.

Honakoa Eusko Jaurlaritza eta udalaren ekimena da. Urgentziazko kasu izendatu dute azaroaren 30ean, “haurgunean material naturalarekin tailer bat” egin zela argudiatuz. Haien esanetara ezin dugu 3.pertsonentzako jarduerarik egin ez daukagulako horretarako titulurik eta ez garelako horretarako identifikatu. Horrez gain, “ordena publikoa” argudiatuta, epe guztiak murriztu dizkigute, beldurra ematen omen die haurren jolasak eta autogestioak. Hori dela eta, 5 egun baino ez ditugu alegazioetarako.

Ia lau hilabeteko ibilbide honetan lan eta lan aritu gara. Okupazioaren egunetatik bertatik hasita, hamaika proiektu jarri ditugu martxan. Eraikinak behar zituen konponketa, itxuraberritze eta garbiketak gure kabuz egin ditugu, inaugurazioaren bidez auzora ireki ginen eta hortik etorri zen hainbat gurasoren bidez sortutako haurtxokoa ere. Bertan, eskola egunero arratsaldez irekitzeaz gain, haurrentzako ipuin kontaketak eta tailerrak egin dira. Horrez gain, joskintza talde bat ere biltzen da josten ikasteko, autogestiorako xaboiak egiten aritu gara, zirko entrenamendu saio irekiak egin dira, bertso eskola bat sortu dugu. Santo Tomas egunean ere, ehundaka pertsona izan ziren bertatik pasatakoak. Aisialdi gela bat martxan da, bertan pin-pon lehiaketa antolatu zen, eta egunerokoan auzoko gazte ugariren elkargunea da. Rokodromoa ere bidean dago, egitura muntatzen ari gara. Gainera, bisita gidatuak egiten ditugu nahi duen orok gaztetxea erabiltzeko ateak irekita izan dituelako gaur eta beti. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi, memoriaren arloan egindako lanketa Gaztetxearen izena horren adibide nagusi izanik, baina baita eraikinaren memoria ere ezin baitugu ahaztu bertan, besteak beste, eskola frankistak egon zirela. Egindako lan honek guztiak kolektibo sozial ezberdinen babesa ekarri du eta lokalik ez duten hainbat eragile sozialek ere erabili dute, hasieratik lagun izan ditugunon babesa eta baita bide honetan egin ditugun talde berriena.

Egindako lan guztiak udalaren jarrerarekin kontraste latza erakusten du. Hasiera-hasieratik gure hutsak zerrendatzen ibili dira. Jakin badakigu gure jarduerak haiek sustatzen dituzten interes kapitalisten antagonikoak direla. Auzoarentzat duten eskaintza bakarra turismoa eta ostalaritza dira, beste ezer ez. Honek guztika prezioen gorakada nabarmena ekarri du, auzotar asko auzotik kanporatu gaituzte, auzoa zahartzen ari da eta bertan duintasunez bizitzeko baldintzak murrizten ari dira, komunitatea desegiten ari da, ez baitugu topalekurik eta euskararen presentzia ere kaltetzen ari da ingelesaren eta frantsesaren mesedetan. Espazio publikoaren erabilera murriztu da terrazen mesedetara, haurrei baloiarekin jolastea debekatu diete, ez dago ezer antolatzeko azpiegitura duinik. Non bizi behar dugu? Nola bizi behar dugu?

Auzoak dituen hamaika beharri erantzun diegu espazio honetan hilabete hauetan. Auzotarron topagune izan da, gazteok aisialdirako espazio bat sortu dugu, haurrek lasai eta gustura jolasteko toki estali bakarra izan dute… Honek guztiak zerbati ekarri badu komunitatearen sustraitzea izan da, auzotarron harteko sareak jostea, asko eztabaidatu eta hausnartzea, arduraz jokatzea, autogestioan eta merkatutik kanpo. Hasieratik jasotako babesa honen guztiaren erakusle dela uste dugu.

Hau guztia lantzen eta indartzen ari ginela mehatxatu gaituzte. Guk hasieratik udalarekin hitz egitea eskatu genuen, baina erantzunik ere ez dugu jaso, hau ez da arduraz jokatzea. Udaleko gehiengo sindikalak eta auzo elkarteak ere gurekin eseri eta gurekin hitz egiteko eskatu zioten udal gobernuari, baina kasu honetan ere, erantzunik ez. Hasarre gaude, ez gaituztelako pakean uzten eta gainera, boikoteatu egiten gaituztelako eta ez digutelako gure lana ongi egiten uzten.

Beraz, argi dugu: gu ez goaz hemendik, gaztetxea auzoarena da eta auzoak gaztetxe bat behar du. Bota nahi gaituzte baina defenditu egingo gara, hau da gure bizitza eta honek bizirik jarraitu behar du eta bizirik jarraituko du!

Horregatik guztiagatik, jarduerek jarraitu egingo dute. Hurrengo egunetan, ohiko jarduerak jarraitzeaz gain, ekimen gehiago izango ditugu. Abenduak 29an auzolana izango dugu 10etan hasita, eta urtarrilaren 2an prentsurrekoa egingo dugu 12:00tan. Prentsaurreko horretan alegazioez zein beste pausu batzuez informazio garrantzitsua emango dugu. mobilizazioa egin nahi degu, urtarrilaren 4ean, arratsaldeko 19:00tan Konstituzio enparantzatik (plaza berritik) abiatuta.

Laster arte eta gora Kijera gaztetxea!!
Okupazioa tresna, antolakuntza bide, Autogestioa helburu!
Borroka da bide bakarra!!!

Auzoa – Auzotik – Auzotarrontzat

https://borrokagaraia.wordpress.com/2018/12/29/beldurra-ematen-omen-die-haurren-jolasak-eta-autogestioak/

Etiquetak: