Zezenketekin bukatzearen aldeko manifestazioa Donostian

Non: 
Donostiako Bulebarrea
Data: 
Asteazkena, Abuztua 14, 2019 - 18:00
Antolatzen du : 
Donostia Antitaurina Orain, Askekintza eta Eguzki

Cartel contra las corridas de toros en Donostia, agosto 2019Abuztuaren 14an egingo den manifestazio antotaurinoan parte hartzeko deia

Donostia Antitaurina Orainek, Askekintzak eta Eguzkik.- Eneko Goiaren udal gobernuak zezenketak berrezarri zituen. Horren ondorioz, aurreko legealdia Illunben zezenak hiltzen hasi zen, eta, zoritxarrez, legealdi berria ere horrelaxe hasiko da, alkateak eman zuen hitza jan egin duelako. Izan ere, donostiarrok zezenketen inguruan dugun iritzia errespetatzeko hitza eman zuen, baina, donostiar gehien-gehienok udal instalazioak zezenketak egiteko erabiltzearen kontra gaudela konstatatu duenean, ez du bete, eta zezenketak sustatzen jarraitu eta jarraitzen du.

Gauzak horrela, aurten ere Donostia Antitaurina Orainek, Askekintzak eta Eguzkik Aste Nagusian manifestazioa antolatu dugu, zezenketak eta zezenketen bultzatzaileak salatzeko, bereziki Goia alkatea eta udal gobernua. Guztiz faltsua baita zezenketak ekimen pribatu hutsaren fruitu direla. Are gehiago, Udalak ekimen horri espresuki ematen dion sustengurik gabe, zezenketak aspaldi iraganaren kontu izango lirateke Donostian.

Tradizioaren eta dibertsioaren izenean, urtero bi dozena zezen sarraskitzen dituzte Illunben. Eta gu ez gaude hori isilik pasatzen uzteko prest. Ez gaude onartzeko prest hori gure kulturaren parte dela. Nongo edo noren kulturaren parte, baina? Gure kulturaren parte, behintzat, inola ere ez. Eta donostiar gehienena ere ez, Goiak eta bere gobernuak ondotxo dakiten bezala. Izan ere, haiek berek 2017an enkargatu zuten Hiritarren Pertzepzioaren Inkestak argiro erakutsi zuen donostiarron % 71 Udalak bere baliabideak edo instalazioak zezenketak egiteko erabiltzearen kontra dagoela. Beraz, badute agindutakoa betetzeko ordua.

Esan dezagun, gaizkiulertuak saiheste aldera, gure ustez zezenak plaza batean hiltzea, espektakulu bihurtuta, ez dela zilegi, herritar gehienak alde egongo balira ere. Baina Goiak berak ezarri zituen arauak: gehienak kontra egotekotan, iritzia kontuan hartzeko hitza eman zuen. Bada, bete dezala.

Betetzen ez duen bitartean, jarraituko dugu kalean salatzen zezezen sarraskiak sustatzen dituela bakar batzuen interes ekonomikoen eta beste bakar batzuen dibertsioaren mesedean. Baliabide publikoekin, gainera.

Badakigu langintza honetan ez gaudela bakarrik. Badakigu ez garela inola ere animaliak espektakulu moduan hiltzeak kulturarekin zerikurisik ez duela pentsatzen duten bakarrak. Horregatik, dei egiten dizuegu jai-batzorde, kofradia, elkarte, kolektibo, eragile eta norbanako guztioi parte har dezazuen abuztuaren 14an, asteazkenean, Bulebarretik 18:00etan abiatuko den manifestazioan.

Zezenketarik ez, ez Donostian, ez inon!

Etiquetak: