Datorren igandean, ekainak 2, Beñat Sarasola idazleak bere lehen nobela aurkeztuko du Irungo Brönte liburu-dendan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Yurre Ugartek gidatuko du solasaldia, eta amaieran aperitifa eskainiko die bertaratzen direnei Aitzondo Euskara Taldeak, ekitaldiaren antolatzaileak.
Euskal gatazka presente dago liburuan baina, autorearen beraren arabera, pertsonen arteko harremanak gailentzen dira narrazioan. Protagonistaren bi garai ezberdin kontatzen dira; 90eko hamarkadaren eta iragan gertukoago baten artean ari da saltoka, eta nabarmena da pertsonaia nagusiari gazte denborak utzi dion arrastoa.
Lehenagotik poesia liburu bi argitaratu baditu ere (Kaxa huts bat eta Alea), hamar urteko etenaren ostean ailegatu da Sarasolaren lehen eleberria. Harkaitz Canok esan zuen “akontezimendu giroa” sumatzen zuela Donostian egindako aurkezpenean. Iruñean ere defendatu du eleberria, eta Irunera heldu da igandean. Sarrera doakoa izango da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1299 irakurketak