Alai, errebelde eta elkarrekin bizi nahi dugu auzoan

Non: 
Mosku
Data: 
Asteartea, Urria 6, 2020 - 20:00

Kartela

Indarkeria Poliziala Moskutik kanpora!

UZOA DEFENDATU!.- Larunbat gauean, Moskun gertakari oso larriak jazo ziren. Ertzaintza-k, berriz ere, “zaintza” eta bortizkeria bereizteko zailtasun nabarmenak dituela erakutsi zuen.

Gauerdia pasatxo, plaza inguruetan Ertzaintzaren presentzia poliziala gero eta nabariagoa zen. Ez ohikoa, poliki poliki pilatzen ari bai ziren Lakua-ko morroskoak. Eta ez edonola, formazioan, egurra emateko prest. Denbora hartu zuten berotzeko, eta beren lekua hartzeko. Ez ordea inongo abisurik edo oharrik helarazteko bertan zeuden (nagusiki) gazteei. 01.00 puntu puntuan, inongo aurretikako iskanbilarik gabe, segurtasun indarrak arriskua banatzen hasi ziren. Eskudo eta borraz, gogotsu, bertan zeudenak jipoituz eta bero etxera bidaltzeko erabakia hartu zuten. Kolpeak eta ubeldurak, garrasi eta errespetu faltak,... Ulergaitza den proportziorik gabeko indarkeria eta bortizkeria.

Kalean egurra, eta medioetan intoxikazioa. Laster, ertzaintzaren Facebook-ean honakoa irakurtzeko parada izan genuen

Irun. Radicales tras acto reivindicativo y unas cervezas ( o lo que sea) y saltándose todas las normas de distanciamiento y cuidado ciudadano, son disueltos, increpan a la Ertzaintza y Udaltzaingoa” (Iturria: Erne Euskal Polizia)

Eta beren jarrera argitzen duen “hashtag”: #juntosimparables. Geldiezinak? Zeinen kontra? Gustuko ez dituzuen herritarren kontra? Radikalak, ekintza aldarrikatzaileetan parte hartu eta garagardoa (“o lo que sea”) gustuko dituztenen kontrako indar armatuak? Benetan tamalgarria, eta berriz ere jazartzen gaituen poliziaren izaera politikoa agerian uzten duena.

Izaera ideologizatua eta gezurtia: Izan ere, ez zen inongo “ekintza aldarrikatzailerik” egon bortizkeria pasartea baina lehen. Hortaz, zertara dator dena nahastu nahi hori? Erdi egiz, eta gezurrez, Mosku-garagardoa-droga-aldarrikapena eta bortizkeria batu nahi izateko etengabeko lan hori?

Ohikoa, bortizkeria erabiltzen dutenen aldetik, beren buruak zuritzeko argudioak bilatu edo asmatzea. Baian hasi gara nazkatzen, beti topiko desitxuratu berdinen bueltan sustengatzeko saiakera etengabeko horrekin. Gazteria=balizko kriminala, Gazteria+politikoki aktiboa=kriminal potentziala, eta guri pairatzea tokatzen zaiguna, Gazteria+politikoki aktiboa+Mosku Auzoan=Kriminal Jipoigarria.

Mosku auzoaren kontrako jazarpen polizial berezitua eta gure auzoaren gaineko sekuritismoa eta alerta egoera etengabea aski ezagunak ditugu. Poliziaren joan etorri etengabeak eta urte batzuetatik hona gure bizitzak grabatzen dituzten kamerak horrek lekuko dira. Mosku, ondotxo dakigu, gazte militante ugariren, aktibismo politikoaren, sorkuntzaren eta bizi-nahi errebeldearen topagune izaten jarraitzen du hiri gris eta askotan triste honetan. Honek, dena kontrolpean nahi duen, hiritar zintzo eta mirabeak nahi dituen botereari traba egiten dio eta horregatik Moskurekin dagoen tematzea. Etengabeko jazarpena.

Baina larunbatean, tematzetik indarkeria gordinera egin zen jauzi eta hori onartezina da. Ondo prestaturiko diziplinamendu saiakera bortitza izan zen, abisurik ezak eta ezagutu genuen despliege polizial izugarriak adierazten duen bezala. Auzotar eta irundar gisa, gure aburuz gogor salatu beharra dagoen indarkeria polizial gertakaria.

Horregatik, errebelde bizi nahi duen auzoaren, Moskuren defentsan, bortxa polizialaren kontra, auzoaren defentsan eta gazteriaren kriminalizazioren kontra, mobilizatzera deitzen ditugu auzotar eta irundarrak. Gure auzoan ez dugulako indarkeriarik nahi, alai, borrokalari eta elkarrekin bizi nahi dugu!

INDARKERIA POLIZIALIK EZ! AUZOA DEFENDATU!

Etiquetak: