Lantzeko Inauteria plazaratuko du Kemenek larunbatean

Non: 
Pio XII plazan
Data: 
Larunbata, Otsaila 22, 2020 - 12:00 -tik Igandea, Otsaila 23, 2020 - 11:55 -ra
Antolatzen du : 
Kemen Dantza Taldea

Puska BiltzeaKemen Dantza Taldea.- Euskal Herriko herri inauteri bat plazaratuko du Kemen Dantza Taldeak larunbatean, otsailaren 22an, hamaikagarren urtez, dagoeneko. Nafarroako Lantz herriko inauteriaren txanda izango da aurtengoan. Alde batetik, Lantzeko Inauteriko hainbat dantza prestatu ditugu: Lantzeko zortzikoa, muxikoak, karrika dantza etab. Dantzez gain, eta Nafarroako herrian egiten den moduan, Lantzeko Inauterietan egiten den antzerkia plazaratuko dugu. Horretarako, bertako pertsonaia guztiak kaleratuko ditugu: Miel Otxin, Txatxoak, Ziripot, Zaldikoa, eta Perratzaileak.

Kemen Dantza Taldeko dantzari, musikari eta bere harrobia den Adaxka dantza taldeak, 200 parte hartzaile baino gehiagoko konpartsa osatuko du. 11.30tan elkartuko gara Pio XII plazan. 12.00etan lehen dantzak egingo ditugu plazan bertan eta ondoren, kalejiran, hurrengo ibilbidea osatuko dugu: Pio XII plaza, Serapio Mujika, Juan Arana, Gipuzkoa Etorbidea, Zabaltza Plaza, Colon ibilibidea, Foru kalea, Kale Nagusia, San Juan Harria plaza. Ibilbidean zehar Zabaltza plazan eta San Juan Harria plazan geldialdia egingo dugu.

Pio XII plazan pertsonaien “aurkezpena” egingo da, Zabaltza plazan Zaldikoaren perraketa eta Miel Otxinen ihesaldia antzeztuko dira, eta bukatzeko, S.Juan Harria plazan Miel Otxinen harrapatzea eta su ematea egingo dira.

Puska Biltzea, igandean

Irunen ohitura denez, zenbait elkartek nekazal inauterien tradizioari eusten diote Inaute asteburuan zehar. Kemen Dantza Taldeak Olaberria auzoko baserri eta etxeak bisitatzen ditu igande goizez, bertako atariak garbituz, etxekoentzat erromeriak antolatuz, eta goizaldea goxatzeko puskak bilduz. Aurten ere, otsailaren 23ko goizean irtengo da Kemen.

Irungo inauterietako ohituretan zaharrena da Puska Biltzea. 1936ko gerraren aurretik, baserriz baserri eskean aritzen ziren gazteak inauterietan, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan bezala. Abestu beharrean, dantza egiten zuten.

Hiriko zenbait elkartek 1970eko hamarkadaren amaieran berreskuratu zuten ohitura hura. Baserritarren laguntzaz ikerketa lana egin zuten, gerraren aurretik Irunen Puska Biltzea nola egiten zuten argitzeko. Fandangoak eta arin-arinak dantzatzen dituzte taldeek baserrietan, trikitixaren eta panderoaren, edo txistuaren eta danbolinaren musikaz. Ondoren, baserritarrek emandako jakiak edo puskak biltzen dituzte.

Etiquetak: