Pasa den urtarrilaren amaieran aurkeztu genituen Askapenaren 2017ko brigadak, “30 urte borrokak uztartzen” lemapean. Berrikuntzez josirik etorri da aurtengo kanpaina, bai brigadetan joango garen lekuen aldetik zein aurkezpen fase honetan buruturiko hitzaldi kopuruari dagokionez ere.
Behin aurkezpenak burututa eta izen emate epea itxita, formakuntza saio batzuk egingo ditugu datorren ekainaren 3 eta 4ean Gernikako Astran, urtero bezala “Herri jantzia, garaipenaren hazia” lemapean.
Formakuntza hauek guztoi irekiak dira eta jorratuko ditugun gaien artean, Ekialde Hurbila eta Latinoamerikako txostenen azterketak izango dira, alde batetik, eta bestetik internazionalismoaren bilakaera historikoa, Europar Batasunaren inguruko mahai ingurua, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikori gainbegirada eta baita feminismo internazionalista ere. Gernikako Astran bertan jan edota lotan geratzeko aukera izango da eta horregatik formakuntza saio huetara etortzeko asmotan den orori helbide honetara idaztea eskatzen diogu: herrijantzia@askapena.org
Apirilaren amaieran egin genuen prentsaurrekoan iragarri genuen datorren urriaren 7an Berriozaren egun handi bat egingo dugula, aurten betetzen baitira Askapena sortu zenaren 30 urteak. Herrion burujabetza aldarrikatzera gatoz, ez baita proeiktu askatzailerik burujabetzaren aldarrikapenik gabe. Burujabetza, ordea, ez soilik zentzu politikoan, hau da, lurralde jakin bateko erabakiak hartzeko gaitasun gisara ulertua. Burujabetza ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren… gaineko boterea eskuratzea ere bada. Burujabetza herri langileek beren interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da.
Beraz, formakuntza saio hauetara etortzera gonbidatzen ditugu Euskal Herriko internazionalista guztiak, elkar ikasiz etorkizuna irabazteko haziak erein ditzagun.
Herri jantzia, garaipenaren hazia!
30 urte, borrokak uztartzen herriok burujabe!
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1286 irakurketak