Dena prest Irunen, 23. KORRIKAri hasiera emateko

Non: 
San Juan, Mosku
Data: 
Osteguna, Martxoa 14, 2024 - 00:00 -tik 23:55 -ra
Antolatzen du : 
AEK

Korrika 23

Bidasoko AEK.- Datorren ostegunean, martxoaren 14an, Irunen hitzordu garrantzitsua du Euskal Herriko jendarteak; izan ere, “Harro Herri” lelopean, 23. KORRIKA bertatik abiatuko da, arratsaldeko 16:00etan. Goiz-goizetik giro ezin hobea izango da hirian, hainbat ekimen antolatuta.

Egun osoko jaia prestatu dute Irungo herritarrek 23. KORRIKAri hasiera emateko. Egitaraua goizeko 11:00ak aldera hasiko da, Gazte Korrikarekin, eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dute eguna: Muxikoak (Almudena Grandes plazan), bertso triki-poteoa eta artisau-azoka, besteak beste.

Ondoren, 15:30 aldera, 23. KORRIKAren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan instalatuko den oholtzan. Bertan, AEKren hainbat eledunek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.

Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da KORRIKA. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 ¡irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, «Lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, KORRIKAk hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko».

Lehendabiziko gauaren bila KORRIKAk Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Irunen jaiak segituko du, kontzertu eta ekitaldi anitz (denak Mosku plazaren inguruan): Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Horrez gain, bi txosna ere egongo dira edariez horniturik eta beste bat jatekoez, Moskun bertan, 12:30etik gauerdira arte.

Irun, KORRIKAren alde

Irun izango da, beraz, ostegun honetako protagonista nagusia, bertako AEK euskaltegiak eta herriko eragileek egindako lanari esker. Hilabeteetako ahalegina izan da, auzolan erraldoia, elkarlan handia burututa, eta martxoaren 14rako hiria prest izango da 23. KORRIKAren hasierara etorriko den herritar andanari behar bezalako harrera egiteko. Maddi Sanz hasiera-jaiaren koordinatzailearen esanetan, «KORRIKAk aukera eman digu Herriko euskaldun eta euskaltzale guztiok topo egin dezagun, eta guk euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu nahi dugu. Irun euskaldun eta horregatik harroa ezagutzera gonbidatu nahi dugu Euskal Herri osoa».

Azkenik, azpimarratu behar da KORRIKA hasierari telebistaz (baita Interneten ere) nahiz irratiz jarraitu ahal izango diogula zuzenean, hainbat hedabideren saioei esker.

Hasiera eguneko informazio guztia.

Beste informazio asko, ohi bezala, KORRIKAren webgunean.

Korrika 23 hasierako kartela

Etiquetak: