Irungo Ostomila txotxongilo taldeak antolatutako Euskal Herriko Txotxongilolarien I Topaketa, emakumeen presentzia eta sormen artistikoa nabarmenduz, urriaren 19 eta 20an Irun eta Hondarribian izango da.
Bi egunez, txotxongiloaren munduko sortzaile eta artistak bilduko dira ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko. Ekimen hau bultzatzeko, errifak jarri dira salgai Hazia, Kabigorri eta Larragane ostatuetan.
Munduan zehar eta Euskal Herrian bertan txotxongilo jaialdi ugari dagoen arren, Euskal Herriko txotxongilolari guztiak biltzen dituen topaketaren beharra sumatu dute.
Topaketan, txotxongilo emanaldiez gain, mahainguruak eta tailerrak ere izango dira, emakumeen rola eta txotxongiloaren etorkizuna eztabaidatzeko. Emanaldi guztiak emakume artistek eskainiko dituzte, eta euskaraz izango dira.
Irun eta Hondarribiko hainbat gunetan egingo dira ekitaldiak, hala nola Dunboa auzo elkartean, Hondarribiko Baluartean eta Kabigorri ateneoan. Ekitaldi guztien egitaraua ondorengo asteetan jakinaraziko dute antolatzaileek.
Ostomila taldeak azpimarratu duenez, topaketa hau ez da soilik emanaldiak eskaintzea, baizik eta sektoreko profesionalen arteko harremanak sendotzea eta etorkizuneko proiektuak elkarrekin garatzeko oinarriak jartzea.
Hau da momentuz iragarri dezaketen egitaraua:
Urriak 19, larunbata
- 11:00 Dunboa auzo elkartea / Muna. Behi`Bis. (Gipuzkoa)
- 12:30 Hondarribiko Baluartean / Dona Barriga Verde. Larraitz Urruzola (Galiza-Euskal Herria)
- 14:00 Larragane Ostatuan bazkaria
- 16:00 Arbes auzoko Toki Alai ikastetxean. Basoa. Firulete Txotxongilo taldea (Nafarroa)
- 17:30 Kabigorri ateneoan / Gogoeta mahaingurua
- 18:30 Hazia Taberna. Barriga Verde Dokumentala (Galiza)
- 22:00 Kabigorri ateneoa / Titiriteroen kabareta
Urriak 20 Igandea
- 10:30 Elitxuko auzo elkartean / Kolorez-Kolore. Pantzart (Bizkaia)
- 11:30 Elitxuko auzo elkartean / Gogoeta mahaingurua
- 13:00 Irungo hiri erditik Kalejira
- 14:00 Irungo Motor Elkartean bazkaria
- 18:00 Hondarribiko Baluartean. Ostomila txontxongilo taldea (Nicaragua/Euskal Herria)