Kutxabank eta hizkuntza eskubideak

cartelJoxan Garaialde.- Aspertuta ez ezik, nazkatuta ere banago. Noiz arte agontatu behar dugu euskaldunok Kutxabankek egiten digun burla? Zeren, burla, iseka, irri egiten digute Kutxabankeko bulego batera joan eta “no te entiendo” esaten digutenean; hau da, gaur bertan, Irungo Kutxabanken bulego nagusian gertatu zaidana, nire txanda heldu denean, euskaraz ez zekiela eta euskaldun bat libre egon arte itxaron behar nuela esan didate.

Kutxabank euskaldunon etsaia da, bestela, ez da ulertzen nola, gaur egun, euskaraz ez dakiten langileak jar ditzaketen lehiatilatan, edo jendearen harrerarako bulegotan.

Ez da langilearen errua, edo bai? Hark lan egiteko eskubidea badu, nola ukatu, baina, Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial daudela eta jendearen aurrean lan egiteko biak menperatu behar direla jakin beharko luke, edo ez? Berrogeita hamar urtetik gora dira ikastolak martxan jarri zirela, beste hainbeste gau eskolak, HABE, AEK eta abar..., honez gero, ikasi ez duenak nahi izan ez duelako da, ez dago besterik.

Bitartean, gu zertan ari gara? Hori guztia agoantatzen jarraitu behar dugu? Non daude gure eskubideak? Oso polita da “Euskaraz bizi nahi dut” leloarekin joatea, baina gero, hala bizitzeko aukera kentzen digutenean isil-isilik gelditzen gara.

Nahikoa da! Edo gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitzen dugu, edo jai dugu.

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.