Idatzi honen bidez Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzak irailean zehar Irungo udal Gobernuko ordezkariek komunikabideei egindako hainbat baieztapen argitu nahi dizkizue.
Zuzendaritza honek 2011tik, Herritarrekin Sarea sortzeko lehen urratsak eman genituenetik, dauka harreman zuzena Irungo Udalean Herritarren Partaidetzaren ardura duten ordezkari politiko eta teknikoekin, lurraldeko udal gehientsuenekin bezala.
Hiru urteko ibilbidea oparoa izan da Gipuzkoan herritarren partaidetzari dagokionean; udalek eta Foru Aldundiak berak beren politika publikoak herritarrekin erabakitzeko borondate politikoa agertu dute eta Foru Aldundiak eskainitako elkarrekin lanean aritzeko espazioek eta kofinantzaketek lagunduta herritarren parte hartzeko eta eragiteko gaitasuna inoiz ez bezala hazi eta zabaldu da lurraldean.
Foru Aldundiak, udalen laguntzarekin, parte hartze prozesu interesgarriak eta dimentsio handikoak gauzatu ditu herritarrentzat garrantzitsuak diren gaietan; adibidez, 6 eskualdetako 46 herritan denbora berean autobus zerbitzua hobetzeko Herritarrekin martxan prozesua, edo lau eskualdetan gauzatzen ari den Foru Aldundiaren Partaidetzazko aurrekontua.
Testuinguru horretan pozgarria da jakitea Irungo Udala udalerrirako partaidetzazko aurrekontua martxan jartzera doala, Foru Aldundiak bere partaidetzazko aurrekontuak martxan jartzerakoan zeharka helburu hori baitzuen, hau da, udalerriak beren partaidetzazko aurrekontuak lantzera bultzatzea modu iraunkorrean, partaidetzazko aurrekontua oso ekimen garrantzitsua delako demokrazia demokratizatu nahi bada. Irunen lortu dugu.
Irungo Udalaren herritarren partaidetzarako lanari buruz, guk ez dugu inolako baloraziorik egin hiru urte hauetan, eta are gehiago, izandako desadostasunen aurrean erakundeen arteko errespetuarengatik ez dugu sekula adierazpenik egin. Horregatik, benetan harritu egin gaitu Irungo Udalak publikoki esatea guk balorazio positiboa egiten dugula haiek egindako lanari buruz.
2012. urtearen hasieran udalen eta Foru Aldundiaren elkarlanerako Herritarrekin sarea martxan jarri genuenetik, Irungo Udalak puntualki parte hartu du espazio horretan. Herritarren Partaidetzarako teknikariaren lanpostua betetzeko zuela eta, hura betetzerakoan iraunkorki parte hartuko zuela adierazi zigun. Lanpostua betetzeko emaitzarik gabeko saiakera egin ondoren, agintaldi honetan lanpostua ez betetzea erabaki zuen eta, ondorioz, bere parte hartzea halakoxea izan da. Irunek duen dimentsioa kontuan izanda, behar beharrezkoa iruditzen zaigu Herritarren Partaidetza zeharka landuko duen talde teknikoa izatea eta hala jakinarazi diogu behin baino gehiagotan, baina ez dauka.
Zuzendaritzak 2012. urtean udalentzat sortu zuen diru laguntza lerro berrian Irunek 4 proiektu aurkeztu zituen eta hirutan jaso zuen diru laguntza, guztira 10.331 euro.
PROIEKTUA / PROYECTO | AURREKONTUA / PRESUPUESTO | ESKAERA / SOLICITUD | DIRU LAGUNTZA / SUBVENCIÓN |
El alcalde en los barrios (2012) | 9.989 | 7.491 | 3.700 |
Buzón ciudadano (2012) | 15.500 | 11.625 | 0 |
Procesos participativos en los barrios de Artia y Belaskoenea (2012) | 23.040 | 6.912 | 3.456 |
Proceso participativo asociado al proyecto de remodelación de la Plaza Urdanibia y entorno (2013) | 7.473 | 3.736 | 3.175 |
Guztira / Total | 10.331 |
- 2012an 3 proiektu aurkeztu zituen, horietako batek ez zuen laguntzarik jaso ez zetorrelako bat deialdiaren helburuekin, tresna bat egiteko zelako.
- 2013an proiektu bakarra.
- 2014an ez du batere aurkeztu.
Irungo herriak duen biztanleria izanda, prozesu gutxi (batez ere agintaldiaren lehen bi urteetan) eta txikiak izan direla ikus daiteke taulan.
2012an egindako bi prozesu horiek Herritarrekin parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2011-2013) liburuan azaltzen dira.
Horrez gain, adierazi behar dugu emakume eta gizonen berdintasunaren alorreko Irungo eragileen kexua jaso zuela zuzendaritza honek Irungo berdintasun plana egiteko parte hartze prozesuan udalak egindakoa salatzeko. Adostasunez landutako plana aldatu egin zuen udalak azken momentuan eta ezer esan gabe, Emakundera bidali aurretik. Horrelako jarrerek eragileen eta udalen arteko konfiantza galtzea dakar eta oso kaltegarria da herritarren parte hartzea indartzeko dugun helburuarentzat. Joko arauak argi adierazi eta bete behar dira parte hartze prozesuetan.
Foru Aldundia herritarrengana gerturatzeko eta udal eta herritarrekin harreman berriak sortzeko Herritarrekin Herrira ekimena dugu martxan 2013tik. Hilero, diputatu nagusia, bere ekipoko hainbat zuzendarirekin batera, herri batera joaten da egun osoko bisitan. Ekimen horren helburua da eskualde, tamaina eta kolore politiko desberdina duten herriak bisitatzea eta 2014ko urtarrilean Irungo Udalarekin harremanetan jarri ginen Irunera bisita koordinatzeko. Agenda arazoak tarteko bisita ezinezkoa zela esan ziguten arren, jakin badakigu, erraztasun guztiak eman genizkielako aurrerago egiteko, datak moldatzeko…. gobernu taldeak ez zuela borondate politikorik Foru Aldundiko ordezkaritza batek Irun bisitatzeko, betoa ezarriz eta irundarrei lurraldeko erakunderik garrantzitsuenaren bisita galaraziz. Eta garrantzitsua da aipatzea hori Irunen bakarrik gertatu zaigula. Maila desberdineko erakundeen arteko koordinazioa eta harremana ezinbestekoak dira politika modu eraginkorrean egiteko.
2014an Partaidetzazko aurrekontua ekimena lehen aldiz martxan jarri dugu Gipuzkoan, iaz Urola Erdian egindako esperientzia pilotua egin eta gero.
Ekimen horretan ezinbestekoa da udalekin elkarlanean aritzea eta lau eskualdetako udal guztien artean Irungo Udalak bakarrik jarri dizkigu oztopoak koordinatzeko.
Zailtasunak bere kanaletan informazioa zabaltzeko, hainbat tokitan kartelak pegatzeko, auzo mailako lokalak (eskolak adibidez) erabiltzeko… Partaidetzazko aurrekontuetako Irungo tailer bat egiteko lokal pribatu bat alokatu behar izateraino iritsi gara.
Aipatzekoa da Irungo eragileek udalari gutuna bidali ziotela ekimenari trabarik ez jartzeko eta babesa emateko eskatuz, eta orduan egin zituela udalak proiektuaren aldeko lehen adierazpen publikoak.
Proiektu horren inguruan komunikabideei emandako datuak ez dira benetakoak, eta aipatu behar da proiektua udalekin koordinatzeko gune bat sortu zela, baina Irungo Udalak ez duela bertan parte hartzen eta, horren ondorioz, ez dituela benetako datuak ezagutzen.
Bukatzeko, esan zuzendaritza hau elkarlanerako prest agertu dela beti eta aurrerantzean ere dituen bide guztiak jarriko dituela Gipuzkoako udal guztiekin elkarlanean aritzeko, baita Irungoarekin ere. Herritarren parte hartzea lurraldean sakontzen eta indartzen jarraitu behar dugu udaletatik eta Foru Aldunditik herritarrek eragiteko eta erabakitzeko duten eskubidea bermatuz gipuzkoarren bizitza hobetzeko dugun helburu nagusia lortzeko.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1967 irakurketak
- Castellano