Gu ere erotuak omen

imagen

Onddarbiko Pertsona Normalok.- Lehenik bere aita, Fernando Katolikoa, eta gero bere semea, Carlos V-aren agindupez gartzelaratu zuten Juana I 46 urtez Tordesillaseko dorre batean. Gaztetatik izan zen desberdina Juana eta 16 urte bete zituenerako ama sutan jartzea lortu zuen Jainkoari zion gorrotoa denborarekin pasatzen ez zitzaiola demostratuz. Jakina egun haietan ateoa izatea ez zegoela modan!

Aita eta semeari baino, Juanak Jainkoarekiko zuen erlazioak bost axola zitzaien. Hauei gehien inporta zitzaiena Juanak jaiotzez jaso zuen herentzia zen. Fernando eta Isabel errege-erregina katolikoen alaba izatea ez zen nolanahiko herentzia eta lehenik aitak eta ondoren semeak, euren koroak arriskuan ikusi zituzten. Ez zitzaien ordea erremedioa bilatzea gehiegi kosta. Garaiko sasi-mediku edo sorginak urrezko txanpon pare batez erosita iritzi publikoari Juana burutik oso sano ez zegoenaz konbentzitzea ez zitzaien zail egin. Geroztik eta betirako, Juana I, inperio oso baten oinordekoa izan zitekeena, Juana La Loca bihurtu zen.

Porrot batzuk eta zenbait Iraultza beranduago, emakume talde batek herriko jaietan gizonen moduan parte hartzea erabaki zuen. Juanaren antzera, batere modan ez zegoen eta inor gutxik ulertzen zuen sinismenaren jarraitzaileak ziren hauek ere. Feminismoak baino, ez zien loa oztopatzen boteretsuei, hauen kezka bakarra, garaiko koroa, egungo makila, galtzea zen. Ez zitzaien baino, iritzi publikoa emakume hauek inolako sentimendurik gabeko asaldatzaileak zirenaz konbentzitzea kostatu. Botere eta protagonismo pixka baten truke, garaiko sasi-mediku eta sorginek, egungo farmazeutiko eta kotillek, egin zieten lan zikina. Orduztik eta betirako, herriko jaietan parte hartuz, emakumeen eskubideak aldarrikatu eta mundua aldatu nahi zuten emakume hauek, eskopetera eta kanpotar bihurtu ziren.

Historiak zerbait badu, behin eta berriz errepikatzen dela da. Eta denok dakigu nola bukatu zuen eguzkia sekula ostertzen ez zen Carlos V-aren Plus Ultra inperioak mende batzuen ondoren, barne gatazka eta gerrek eragindako krisi ekonomikoak itota, uretatik kanpo dagoen arrainaren azken hatsa lez, Kuba eta Marokoko koloniak alperrik defendatuz. Gurera ere iristear dira Trafalgar eta Annualeko porroten mamuak.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.