Salbuespen legeari STOP

Askatasun Ekintza.- Hamarkada gehiegi dira inposaketen menpe  gaudela, baina bereziki 36ko gerra latzarekin hasi, pairatutako ondorengo genozidioa eta frankismoaren erregimenarekin jarraituz, eta azkeneko hamarkadetako Estatu terrorismoarekin eguneraino, Espainiako Erresumak Euskal Herriari eta  euskal herritarroi ezarri dizkiguten salbuespen lege andana, euskal gatazka soziopolitikoa suntsitzeko asmo garbia izan  du.

Hainbeste urte legeri honekin, azkenean ezohikoak diren neurri hauek gure egunerokotasunean barneratu ditugula, normalak bailiran; euskal izatearen askatasun zibil, nazional eta politiko eza, berezko zerbait balitz bezala. Gainera batzuk, beraien  erosotasunetik ukatzen dute salbuespen egoeran bizi garenik, baina kinka larriegia da eta larriagotzen ari da, zurikeriarekin estaltzeko.

Salbuespen egoera honen adierazle garbia EAE-ANVren zein Batasunaren eta EHAK-PCTVren aurkako 04/08 makro-epaiketa da. Auziperatutako 35 militanteei hamarna urte zigorra eskatzen zaie, soil-soilik bere jarduera politikoagatik. Eta ezin dugu ahaztu, epaiketa honen sustatzailea PSOEko  Zapateroren gobernua izan zela; hau horrela, PSE eta PSN dira gaur egungo egoeraren erantzule nagusiak.

Horregatik, Askatasun Ekintza Plataforma honen helburu nagusienetako bat lagun hauei gure  sostengu soziopolitikoa eta laguntza ekonomikoa eskaintzea da, gure elkartasuna eta babes militantea beste erakundeetako militante auziperatuei helarazi nahi dugularik ere.

Kontuan hartu behar dugu horrelako epaiketa batek kostu handia izango duela EAE-ANVko auziperatuentzat, bai beraien eta baita alderdi zaharraren defentsa aurrera eramateko; alderdi zaharra non orain bide penaletik ilegalizatu nahi duten, bere ibilbide ekintzale guztia delinkuentzia bihurtu nahirik.

Epaiketa hau, finean, “dena ETA da” doktrinaren ondorioa  besterik ez da, eta egun ere, sufritzen ditugun polizi operazioek argi uzten digute, doktrina errepresibo honek  indar betean dirauela; herritarrok etengabe auziperatuak eta espetxeratuak gara adierazpen askatasuna aldarrikatzeagatik, zein gure jardun soziopolitikoagatik, edota preso politikoen defentsa egiteagatik.

“Dena ETA da” doktrinaren sustatzaileak PSOE, PP-UPN eta UPyD dira. Aipatu behar dugu ere, PSOE barruan hau guztiarekin kontrako iritzi pertsonalak (goraipagarriak badira ere) izan badaudela, baina honek ez du  egoera ezertan aldatzen eta jakina, ez dio arintzen PSEri berari eragozten zaizkion erantzukizun politiko larriak.

Gaur arte, alderdien legeak indarrean dirau. Oraindik orain, Euskal Herrian, berrogei mila pertsona inguru “kutsaturik” jarraitzen dugu salbuespen legeriaren eraginez. Honek esan nahi du, hainbat herritarrok ez dugula ez askatasunik politikan parte hartzeko, ezta nahi dugun proiektu politikoa aurrera eramateko eskubiderik ere.

Demokrazia batean, politikan jardutea eta hauteskundeetan parte hartu nahi izatea, ezin daiteke delitua izan. Espainiako Erresuma, berriz, ez da iritzi berekoa eta bere onura zapaltzailerako salbuespen legeria indarrean  mantentzen du.

Ikusten denez, ETA erakundeak emandako beharrezko urratsek ez dute normalizazio politikorik ekarri, zoritxarrez. Alderdien legea zein gainontzeko salbuespen legeak eta honen ondorioak, elkarbizitza politiko normalizatu bat eraikitzeko zuzendu behar dira: Euskal Herritarron artean, zein Euskal Herria eta Estatuen artean.

Beraz, normalizazio politikoa dagoela esatea eta aldarrikatzea egungo egoeran, salbuespen legeriari zilegitasuna ematea da, eta tamalez, ilegalizazioen eta arrazoi sozio-politikoengatik espetxeratze zikloa ez da bukatu.

Eta salbuespen legediarekin jarraitzeak, etengabe biktima berriak sortzea esan nahi du ere, eta aldi berean, elkarbizitza normalizatu batean bizitzeko eskubidearen kontra erasotzea ere. Eta horren adierazle garbiena, preso politiko zein beraien senide eta lagunen egoera injustua eta jasan ezina da.

Horregatik guztiagatik,

    - Askatasun Ekintza Plataformaren lehen helburua, orokorrean salbuespen egoera amaiezina agerian uztea eta salatzea da. Ezin dugu normaltzat hartu  salbuespena eta injustizia.Estatuak eta PPko gobernuak ez dute une honetan inolako beharrik sentitzen salbuespen egoera honekin bukatzeko. Egungo egoeran oso eroso daude, inolako urratsik eman gabe, non euskal gatazka bera ukatzeko ausardia ere izan dutelarik. Aipagarria da ere, hamarkadetan euskal herritarron kontra sortutako salbuespen legedia, gainera, Estatu Espainolean sortzen ari diren ezkerreko mugimendu zein mobilizazio sozialekin  bukatzeko tresna gisa erabiltzen hasiak direla; egungo egitura eta aginte politikoa eta ekonomikoak onartzen ez  duen edozein herritarren aurka jotzeko tresna dira, alegia.


   - Aipatu egoera hau, soil-soilik eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu zabal eta indartsu batek errotik astinduko duelakoan gaude: UPN – PP – PSOEri ahulezi sozial eta politikoa sortzeko gai izango dena, beti ekinbide demokratikoak eta baketsuen bitartez ariko dena, baina aldi berean, intsumisioa eta desobedientzia borroka tresna gisa erabiliko duena. Horren tradizio luzea badago jada gure herrian.Eskubide zibil eta politikoen aldekoen bidean aldebakartasunetik urratsak emateko garaia delako, konfrontazio demokratikoaren garaia delako.Eta horretarako, herritarrez zein eragilez osatutako mugimendu zabal bat, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu.Gure plataforma xume honek mugimendu horren zati txikia izan nahi du, finean, euskal jendartearen aniztasunaren eta auto-antolaketaren isla baikara. Eta honexegatik, bai “herri harresi”en ekintzak, bai sinbologia faxistaren kontrako ekintzak, bai zapaltzen gaituzten legeen kontrako ekintzak, eta nola ez, euskal preso politikoen aldeko mugimendu herritarren ekintzak ere txalotzen ditugu.

    - Era berean, Askatasun Ekintza Plataformak Amnistia osoa aldarrikatzen du. Amnistia hau gauzatzeko, beharrezkoak diren aldaketa legal guztiak eman beharko dira euskal preso, deportatu eta errefuxiatuen egoera konpontzeko normalizazio politiko prozesu baten baitan.Garbi esaten dugu soil-soilik Amnistiak, bere esanahi politiko guztiarekin, ekarriko duela gatazkaren zikloaren benetako amaiera.Amnistia hau justizia trantsizionalaren testuinguruan eman beharko da non, gatazka luze honen biktima guztien eskubideak berma daitezen.Amnistia helburu estrategikoa izanik, bitartean, euskal presoek jasaten duten beraien oinarrizko eskubideen urraketekin amaitu behar da.

    - Bestalde, Espainiako gobernuak salbuespen egoera anker honen aplikazioarekin badaki, EAE-ANV sigla historikoaren aurka jotzen duenean, Euskal Herriko Oroimen Historikoaren kontrako eraso zuzena egiten ari dela ere, eta beraz, jakin badaki, Nazio Batuetako Erakundeak berak eskatu moduan, genozidio frankistaren biktimei, Egia, Justizia eta Erreparazioz gain, berriro ez gertatzeko bermeak zor zaizkiela, oraindik orain.1936tik 1977.ren urte bitarte, EAE-ANV erakundeko ia 800 militante erailak izan ziren; beraz, frankismoaren biktima dela eta diktadura horretan  erakunde gisa ilegalizatua izan zela kontuan harturik, berriro horrelako zapalketak ez gertatzeko bermeak ez zaizkio inondik inora errespetatu.

    - Euskal gatazkaren aro modernoa 1936.ren urtean hasten da, altxamendu faxistarekin, ondorengo gerrarekin, eta estatu terrorismoaren hamarkadekin jarraituz. Eta 1960tik aurrera pairatutako bortxakeria politikoak, bere adierazpen ezberdinekin, 1936kin lotzen dira zuzen-zuzen. Honek milaka eta milaka biktima sortu ditu gure herrian.Gatazkaren biktima guztiek Egia, Justizia eta Erreparaziorako eskubidea izanik, garbi geratu behar da Genozidio Frankistaren zein Estatu Terrorismoaren biktimak direla, egun ere, oro har, eskubide hauek gabe geratzen ari direnak.Biktima batzuk eskubiderik gabe uzteak ez dakar beste biktimen eskubideak bermatzea, kontrakoa baizik.

    Eta guk, gatazkaren biktima guztien eskubideen aldeko adierazpena eta aldarrikapena egin nahi dugu.

    - Badakigu, euskal gatazkaren inguruko irakurketa ezberdinak  daudela gure herrian. Hau, finean, Euskal Herriaren aniztasunaren isla besterik ez da. Gure ustez, gertatutakoaren kontakizun ezberdinak egotea eskubide bat da. Kontakizun bakarra inposatzea ordea, errepresaliatu berriak sortzeaz gain, aniztasunaren aurkako  eraso zuzena da. Gatazka baten inguruan ezin da pentsamendu edo errelato bakarra onartu. Kontakizun ezberdinekiko errespetua, oinarrizko jarrera demokratikoa baita.

   - Eta espreski, EAE-ANV sigla historikoari, ezker abertzaleko alderdi txiki honi, Errepublikako Gobernuan zein Eusko Jaurlaritzan ministroak izan zituen alderdi historikoari; bere gudariek faxismo espainiarren zein nazien aurka borroka tinkoa egin zuenari; azken hamarkadetan ezker abertzaleko hainbat aliantza bultzatu dituenari (Herri Batasuna, Euskal Herritarrok…) baita herri mugimenduetan ere, gure esker ona aitortu nahi diogu. Azken batean,  zortzi hamarkada hauetan Euskal Herriko eskubideen defendatzaile sutsua izan denari.

Bukatzeko esan, gatazka politikoa sortu duten zapalketak eta errepresioak gainditu behar direla gatazka bera gainditzeko. Ildo horretatik, Euskal Herriari zor zaion autodeterminazio eskubidea funtsezkoa da; honekin batera etorriko dira kartzelak hustutzea eta berriro ez betetzea, eta noski, benetako amnistia lortzea.

Atxikimendua emateko web orria: www.askatasunekintza.eu

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.