Irungo EH Bildu.- Azken bi urteetan Irungo udalak “eskola materiala erosteko Irungo familiei eta merkataritzari laguntzak” kanpaina jarri du abian ikasturte hasieran, eskolara ikasleen itzulerak dakartzan neurrigabeko gastuei aurre egiteko laguntza gisa.
Lehenik eta behin esan beharra dago, EHBildutik horrelako ekimenak txalotu egiten ditugula, bereziki bizi ditugun zailtasun ekonomikoak bizita, eta herritarren ongizatera eta oinarrizko beharrak asetzera bideratutako inbertsio guztiak egokiak iruditzen zaizkigu eta oraindik ere, argi eta garbi, beharrezkoak. Baina deialdiaren baldintzak aztertu ondoren, udal gobernuak burututako prozedura desegokia dela deritzogu. Eta EHBildutik mila bider salatu dugun bezala, beste behin ere laguntza hauek adabaki bat besterik ez direla eta sinbolikoak baino ez adierazi nahi dugu, batez ere baliabide gutxien dituzten familientzat.
Deialdiaren baldintzen arabera, << eskaeraren unean, eskatzaileak faktura(k) eduki beharko ditu,(…) betiere eskola-materiala Irungo dendetan erosi duela egiaztatuz, laguntzaren kopuruko edo gehiagoko balioan>>, non kasu jakin batzuetan dirua aurretik jartzea ezinezkoa gerta daitekeen. DBE batekin bizirauten duten familiei, edo beste nolabaiteko laguntza sozialak dituztenen diru sarrerak jakinda, ez zaie alternatiba errealik eskaintzen, eta eskola materialaren fakturari aurre egin ezean daudenez, laguntza eskatzeko ere ezinean daude; edo ongintza-erakunderen batetara jotzera behartuak daude dirua aurreratzeko eskatuz, faktura lortu ahal izateko eta horrela laguntza “barregarri” hori (gastuarekin alderatuta) eskuratzeko aukera izateko.
Eta ez hori bakarrik, <<laguntza hauek erabakitzeko eta jakinarazteko epe maximoa sei hilabetekoa izango da, eskaeren epea amaitu eta hurrengo egunetik zenbatuta>>, hau da, udaberria laguntza baina lehenago iritsi daiteke.
Honez gain, Familiaren Urteko errentaren esleipen tarteak arintasun deigarriarekin markatzen direla uste dugu, Familia Unitatearen erabateko sarreren zenbatekoa bakarrik kontatzen delako, familia hori zenbat pertsonez osatua dagoen kontutan hartu gabe. Hots, ez da aintzakotzat hartzen urteko 25.000€ baina gutxiagoko diru sarrera horiekin 3, 6 edo 9 kide bizi behar diren. Eta laguntza hau adingabeko bakoitzarengatik ematen den arren, ez da adinaren edo mailaren araberako bereizketarik egiten, hauek garaiagoak diren heinean gastuak nabarmen areagotzen direla begi bistakoa izan arren. Eskaintzen den material zerrenda zehatza begiratzea besterik ez dago (guztiak “eskola materiala” deitutakoak) Rotring, kalkulagailu edo konpas baten kostua margotzeko pintura kaxa batekin alderatu ezin dela eztabaidaezina da eta.
Bestalde, bitxia da udal gobernu honek “bertako komertzioaz” zer ulertzen duen ikustea. Laguntza hauek, Irungo komertzioa laguntzera ere bideratzen dira ustez, baina behin baina gehiagotan agerian geratu den bezala, gertuko komertzio txikiak ixtera behartu dituzten merkatal zentro handietan erostea onartzen da. EHBildutik, laguntza jaso ahal izateko gastua bertako komertzio txikietan egitea ezinbestekoa izan beharko litzatekeela uste dugu, eta ez merkataritza-gune handietan.
Aurrekontuak beste gai bat dira. Aurreko ikasturterako laguntzetarako aurrekontua gehienez 310.000€-koa izan zen, eta honetatik 90.241€ gastatu ziren, hau da, ia aurrekontuaren %30-a. Hasi berri den ikasturterako berriz, aurrekontua 200.000€-ra murriztu da (oraindik jakin gabe gastua zein izango den). Hau hala, eta familiek ikasturte hasieran egin beharreko esfortzua jakinda, udal gobernuari laguntzak igo ditzan exijitzen diogu herritarren beharrei benetan erantzun dezaten eta ez daitezen izan itxurakeria eta barrura begirako atsegin neurria soilik. Eta bide batez, ez legoke gaizki laguntza ukatu zaien 200 familiatik gora horiei erabaki horren arrazoiak jakinaraziko balizkiete.
Bi urte hauetan argi geratu da udal gobernu honek ez dituela Irungo herritarren beharrei erantzuteko laguntzak eraikitzen. Horregatik, EHBildutik prozesu partehartzaile bat jarri dugu abian herriko eragile sozial, hezkuntza eragile eta bertako merkatariekin batera familien benetako beharrak eta kasuak sakonki aztertzeko, eta datorren kanpainarako deialdiaren oinarrien birplanteamendua exijitzeko proposamen bat lantzera begira, zinez familiei eta bertako komertzioari laguntzeko neurriak hartzeko, eta ez, beste behin ere, udal gobernuaren aurpegia garbitzeko.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1278 irakurketak
- Castellano