Udal gobernuak beste taldeen ideiak bereganatu egiten ditu

argazkiaIrungo EH Bildu.- 2016ko ordenantza fiskala onartzear dago udalbatza, hurrengo asteazkenean egingo den osoko bilkuran eztabaidatuko da. Hilabete honen hasieratik gaia lantzen ari gara eta azken egun hauetan gertatutakoak ez zaizkugu batere gustatu eta horiek argitzeko ohar hau argitaratzen dugu.

2016 ORDENANTZA FISKALA

EH Bildu udal taldetik, PSOE-PNV udal gobernuak ordenantza fiskalaren aldaketa proposamenaren aurrean egindako lana aurkeztu nahi dugu.

Ogasun delegatuak egindako adierazpenak irakurri eta entzun ondoren eta atzo bertan burutu zen batzorde informatiboan gertatutakoa kontuan izanik, badirudi inongo udal taldek ez duela lanik egin. Hori gezurra da, herritarrei hori hala izan ez dela argitu nahi diegu.

Gure proposamenak bi helburu ditu; a) ordenantza fiskala bere osotasunean berrikustea, b) “biñetaren” zerga justuago bat edukitzea eta d) PSOE-PNV udal gobernuak duen funtzionatzeko moduak aldatzea.

Horiei erantzunez hauek izan dira eman ditugun urratsak:

Ordenantza fiskala bere osotasunean berrikusteko beharra dago, bertan akats larriak topatu ditugulako. Horretarako, errenten ardura duen teknikariarekin bildu ginen, guzti honen inguruan hitz egiteko eta zehazki udal gobernuak egiten zuen proposamenean garrantzia handiena zuen ibilgailuen zergari, “biñetari”, aldaketak proposatzeko.

Gure proposamenari so egin bezain pronto, teknikaria berehala konturatu zen egungo ordenantzaren erredakzioan akats larriak zeudela, eta akats hauek udalari hainbat arazo eta konplikazio ekar ziezaiokeela. Hori horrela, teknikariak, guk baimena emanda, udal gobernuari erredakzioaren zuzenketa eta aldaketa normatiboa egitea proposatu zuen.

“Biñetaren” zerga justuago bat edukitzeko helburuarekin gai honen inguruan lanketa serio bat egin eta proposamen bat osatu dugu. Inongo aldaketa erradikalik planteatu gabe eta ezer ere ez hankaz gora jarriz, araudian, kuota sistema progresibo bat jasotzea planteatu genuen.

Honetaz gain, gure proposamenak, ibilgailu elektrikoek jaso dezaketen hobaria %75etik %95era igotzea eta geroz eta kutsadura maila gutxiago sortzen duten ibilgailuen erosketa bultzatze aldera, gehienez kilometro bakoitzeko 100 g/CO2 ko emisioa sortzen duten ibilgailuentzako %75eko hobari berri bat sortzea barnebiltzen zuen.

Egindako proposamenetik udal gobernuak onartutako bakarra akats larri horiek aldatzea izan da, zerga justuago hori helburu zuten atalak aldiz ez.

Eta hau guztia, udal gobernuak duen funtzionatzeko moduari erantzuten dio. Duten gehiengoa edukita nahiko omen dira eta ez dituzte talde politikoen proposamenak eztabaidatu ere egin nahi.

Euskal Herria Bildu udal taldetik behin eta berriro saiatu gara funtzionatzeko moduak aldatzen eta honetan ere saiatu gara. Gure proposamena ogasun batzordeko partaide guztiei helarazi genien bilera baina lehen, ezagutu zezaten, eta batzordean bertan proposamena azaldu egin genuen, marko hauek horretarako direlako sinesten dugulako.

Udal gobernu honek gainontzeko alderdiei proposamenak eta ekarpenak egiteko eskatzen digunean, ez du guztion artean eztabaida piztu eta era eraikitzaile batean lantzeko helburuarekin egiten, baizik eta behin baina gehiagotan erakutsi duen bezala, interesatzen zaiena bereganatu eta gero publikoki egiteko, proposamena egin duen taldearen aipamenik egin gabe.

Ez diogu udal gobernu honi barkatuko taldeen proposamenak ez eztabaidatzea, ezta proposamen horietatik puntu batzuk bereganatzea, kasu honetan egin duen bezala.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.