Langileak hiltzen dituzten lan-baldintzen aurrean erantzutera deitu du LABek

Gaur, azaroak 25, Dantxarinean gertatutako lan istripua salatu behar dugu. Izan ere, lan istripu horretan ERRETI ERAIKUNTZAK SL enpresako langile bat hil da eta beste 4 zauritu, hauetako 2 oso larri.

LAB sindikatutik lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi genieke hildakoaren senide eta gertukoei eta zaurituen lankide, lagun eta gertuko guztiei

Jasotako informazioaren arabera, badirudi istripu honen atzean puntu ilunak daudela obra lizentzia eta baimenei dagokionean behintzat. Konkretuki prentsan atera denaren arabera, eta Urdazubi Elgarrekin udal taldeak errandakoaren arabera Nafarroako Administrazio Epaitegiak obra lizentzia baliogabetzat jo zuela dirudi. Informazio honek dioena egia balitz, obra geldirik egon beharko litzateke epaitegiko ebazpena konpondu bitartean behintzat.

Osasuna galtzea, lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baino. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen diru-gose aseezinak sortaratzen dutena, horrela langileok kondenatuz.

Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Euskal Herrian 2015ean 54 langile hil direla gutxienez (Araban 02; Bizkaian 21; Gipuzkoan 13; Iparraldean 03 eta Nafarroan 15).

Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik gertatutako guztia argitzea exijitzen dugu, eta ikerketa azken muturrera eramatea. Norabide honetan ere Urdazubiko udalari lizentziaren inguruko argipen guztiak ematea exijitzen diogu. Bukatzeko gertakari honen atzean erantzulerik dagoen ala ez argitzea eskatzen dugu.
Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik eredu propio eta berriaren alde egitera dei egiten dugu eta guztien artean, langile zein jendartean odolhuste hau geldiarazi dezagun eta langileen osasuna eta bizitzeko eskubidea berma daitezen.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz!

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.