Irungo eskola denez, Txingudi Ikastolan Irungo Udaltzaingoa behar dugu

fotoTXINGUDI IKASTOLAKO GURASOEN ELKARTEA.- Txingudi Ikastolako parkinean, haurrak utzi eta jasotzeko garaian, sortzen den egoeraren berri eman genuen aspaldi. Eta egoera horri konponbidea emateko hainbat bilera egin ondoren, oraindik, ez digu inork konponbiderik eskeini.

Egoera zein den ez dakienarentzat, esan, alde batetik, ikastola aurreko parkina txikiegia dela egunero bertaraino gerturatzen diren irakasle eta familien beharrei erantzuteko; bestetik, sarrera-irteera bakarra edukitzeak ere, ez duela gehiegi laguntzen eta bukatzeko, autobusekin egondako murrizketen ondorioz, egun, lehen baino familia gehiagok eraman behar ditugula gure seme-alabak bertaraino. Faktore horiei, denok presaka eta lanera edo beste norabaitera joan beharrean egoten garela gehituta, tamalez, maizegi egoten dira parkinean arrisku egoerak, aurpegi txarrak, irainak eta egoera desatseginak. Eta honek guztiak, haurren babes eta ziurtasun ezan eragin zuzena du.

Apirilaren 21ean, gure ustez, onargarria ez den egoera bat bizitu zen ikastolako parkinean, haurrak ikastolan uztera etorri ziren bi pertsonek lehen aipatu eraso berbaletatik eraso fisikora pasa zirenean. Guraso elkartean, egoera honek goia jo duela uste dugu eta larriago izan daitekeen zerbait gertatu aurretik, dugun arazoari irtenbidea emateko beharrezko neurriak hartzea eskatu nahi dugu. Irungo gainontzeko eskoletan udaltzaingoa egoten da eskola horietako haurren babesa bermatzeko. Gurean zergatik ez? Orain arte hau eskatu izan dugunean, ikastolak Irungo ikasleak jaso arren eraikina Hondarribiako eremuan duela esan digute eta nonbait, udalerrien arteko gatazka bat dagoela hor. Aitzakiak besterik ez dira horiek, ikastola Irungo eskola bat da, gure aparkalekuaren zati bat Irunen bertan dago. Badakigu, beste udalerri batzuetan akordioak sinatu izan direla haurren babesa gainontzeko gaien gainetik jarriz.

Guraso elkartean oso kezkatuta gaude eta beste eskoletako haurrekin egiten den bezalaxe, gure seme-alaben ziurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatzen dugu.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.