Lehentasuna eman behar zaie oinezkoak arriskuan jartzen dituzten arazoei

fotoLandetxako Auzo Elkartea.- Olaberria eta Katea (Ventas) auzoak lotzen dituen errepidean bada tarte bat oinezkoak (haurrak eta helduak) errepidetik joatera behartzen dituena, ez espaloirik ez bazterbiderik ez dagoelako. Bertatik igaro ohi dira hortik gertu dauden egoitza multzoan, baserrietan eta etxeetan bizi diren bizilagunak, eta udan, batez ere, Oiakinta putzura joan ohi diren haurrak eta bizilagunak; baita Uralde, Oiakinta, Mendiola... erreken inguruan paseatzera joaten direnak ere. Ez dago esan beharrik zer arrisku pairatzen duten bizilagun horiek egunero eskolara joateko, erosketak egiteko...

Eragindako bizilagunek hala eskatuta, auzo-elkartea harremanetan jarri zen Irungo Udalarekin eta Aldundiko Azpiegitura Saileko zuzendari ohiarekin. Horren harira, bide- azpiegituretako zuzendaritza eremua ikustera etorri zen joan den urtean, eta salatutako arriskuaren egiazkotasuna ikusita, proiektu bat idatzi zuen zegokion aurrekontu- sailarekin, oinezkoentzako sarbide segurua garatzeko aipatutako bide-tartearen eremurik zabal eta arriskutsuenean (Zelaiburu baserriaren eta Mendiola bidearen sarreraren artean, hain zuzen). Gainerako tartea udalaren eskuetan utzi zuen (Otatze baserriaren paretik Zelaiburu baserriraino). Proiektu haren guztizko zenbatekoa (BEZ barne) 144.000 €-koa zen. 2015eko maiatzean, ofizialki jakinarazi zitzaigun, hauteskundeak gertu zirela-eta, proiektua Batzorde Teknikoan onartuko zutela ofizialki jasota gera zedin eta egikaritu zedin Azpiegituretako Zuzendaritzaren buruzagitza edonork hartuta ere, oso garrantzitsutzat jo baitzuten bide-segurtasun arrazoiak medio. Hori horrela, udalak eragindako jabeekin hitzarmenak ebaztearen mende geratu zen proiektua egikaritzea.

Hain arriskutsua den eremuari irtenbide bat emango zitzaiola ikusirik, pozez hartu zuten albistea bai auzo-elkarteak, bai bizilagunek. Zoritxarrez, ez da hain erraza suertatu. Hauteskundeen eta foru-gobernuaren aldaketaren ostean, zentzuzko tarte batez itxaron genuen sail berria egunean jar zedin. Erantzunik jasotzen ez genuela ikusirik, foru- gobernuko Azpiegituretako Zuzendaritza berriari beste bilera bat egiteko eskatzea erabaki genuen. Martxoaren erdialdean izan zen bilera. Gure harridurarako, jakin genuen ez zegoela aurrekontu-sailik aipatutako proiekturako ez 2015. urterako, ez 2016. urterako. Dena dela, konpromisoa hartu zuten Irungo Udalarekin bilera bat egin eta proiektuaren kostuak bi erakundeen artean partekatzeko eskatzeko.

Oraindaino ez dugu aurrez ikusitako bilera horren berri izan; hau da, proiektua guztiz etenda dago. Aitzitik, prentsari esker jakina da badirela milioi askoko bestelako bide- proiektuak garatzeko hitzarmenak (batzuk interesgarriak eta beste batzuk gizarte-onura zalantzagarrikoak). Ez dugu ulertzen zein diren zenbait erakunderen lehentasunak; izan ere, joan den urtean onartutako proiektuak eragotzi egiten zuen gure auzotarrek beren bizia egunero arriskuan jartzea errepidetik joan behar ez izanda zenbateko barregarri baten truke, prentsan agertzen ari diren megaproiektuen kostuarekin alderatuta.

Auzo-elkartearen izenean eskatzen dugu lehenbailehen bilera bat egiteko aldundiaren eta udalaren artean gaiari irtenbidea emateko eta horren berri emateko. Horrez gain, proiektua aurten egikaritzea eskatzen dugu. Oinezkoak arrisku larrian jartzen dituzten arazoei lehentasuna eman behar zaiela uste dugu, ezbeharren bat gertatu baino lehen, eta ez ondoren, egin ohi den moduan.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.