Paez jaunaren harrokeria lotsagabea

Juan Mari Unanue, EH Bilduko zinegotzi ohia.- Urtarrilak 27an burututako udal aurrekontuen osoko bilkuran, Paez jaunak, Ogasun ordezkariak, modu lotsagarrian jokatu zuen beste behin ere. Euskal Herria Bildu udal taldeak gure osoko zuzenketa, eremu ideologikoan politikari xedatua eta eremu geografikoan herriari xedatua zegoena,  defendatu ondoren Paez jaunak hitza hartu zuen gure oinarri sozialeko parte bat erasotzeko (“Herriko Taberna giroa” deituz) eta zalantzarik gabe lekuz kanpo zeuden Venezuelara bidai batzuen aipamena egiteko.

    Lehenik eta behin, ogasun ordezkariak jakin beharko luke jada EHBIldu lau alderdiren batura dela, eta gure adierazpenek lauen sentsibilitateen aniztasuna islatzen dutela, ezker abertzalearena (SORTU) barne noski. Eta nahiago izango genuke bere hitz-hartzean bere alderdiko oinarri soziala islatu balu, “Casa del Pueblo”-ra joaten diren pertsona horiena, eta ez bere alderdiak, PSOEk, alde lan egiten duen Enpresen Administrazio Kontseiluetan daudenenak.

    “Herriko Tabernak” mespretxuz aipatzea onartezina da guretzat, esku-hartze judizialera, eta ondoren konfiskaziora, eraman zituen legearen erreforma bat bultzatu zuen alderdiko kide denean. Guzti hura bere bertsiorik krudel eta mendekariena sententzian erakutsi zuen epaile baten laguntzarekin (ez dakigu PP-rako edo PSOE-rako joeraduna den, ezker abertzalearen aurka katu guztiak berdinak direlako). Honez gain, Ogasun ordezkariak Venezuelara bidaiak aipatu zituen erdeinuz; legebiltzar bat duen lurraldea (Espainiak bezala), hauteskunde libre batzuk (Espainiak bezala), egunkariak ixten dituen epaileen botere bat (Espainiak bezala), eta kartzelatutako preso politikoak (Espainiak bezala). Beraz, zein arazo duen Venezuelara bidaiatzearekin azal lezake?

    Harrokeria ariketa honekin nahikoa ez eta, Mariano Rajoyren jantzia jarriz, Paez jaunak gure ondorioak ezeztatu nahian datu batzuk eman zituen gure herriko langabeziaren bilakaeraren inguruan. Rajoyek hainbestetan aipatu duen “Gobernuaren erreforma ekonomiko eta laboralari esker” esatea besterik ez zitzaion falta, baina aditzera eman zuen. Tamalez, ez zituen bere alderdiak Madrilgo PP-ko Gobernu zentrala harro azaltzen denean jartzen dizkion “baina” guztiak gogoratu. Adibidez, soldaten jaitsiera,  lanaren prekarietatea, orduko kontratuak, lan-hitzarmenen deserregulazioa, gazteriaren (behartutako) erbesteratzea, etab. Paez jaunarentzat bere alderdiak Madrilen defendatzen duena, hemen paranoia da!! Paez jaunarentzat lana badago, ezer baino prekarioagoa bada ere, ez dago pobreziarik. HAU DA HAU EZKERRA!! Eta HAU DA HAU SOZIALISMOA!!
Ondoren, Bidasoa Bizirik, merkataritzari eta gazte ekintzaileei zuzendutako laguntzen datu positiboak ematera pasa zen. Esandakoa egia bada, positiboa da Irunentzat. Hala ere, hau al da guztia? Nahikoa al da? Edo gehiago egin daiteke Bidasoa Bizirik edo Irun Ekintzen indartzeko? Ba egin ezazu!!!

    Ba al zenekien Paez jauna, munduko dirutzarik handienak dituzten pertsonak direla laguntza humanitariora diru gehien zuzentzen duten berberak? Horrek sozialistak bihurtzen al ditu? Nabarmenki EZ. Kapitalista paternalistak bihurtzen ditu, besterik ez. Beraz, ez harrokeriaz azaldu egiten duzuna, zure tokitik askoz gehiago egin daitekeelako. Eta ez da kasualitatea, Alderdi Sozialistak Irunen gobernatzen duenetik beti Eskuin estatalista –PP- edo eskuin jeltzalearen –PNV- eskutik egin duela. Honenbestez, ezkerreko politika egiten duelakoaren gezurrarekin ez hasi, hau ezeztatzeko 2016rako  onartutako (eskuineko laguntxoekin batera) udal aurrekontuei begirada bat botatzea besterik ez delako behar.

    Eta nola ez, hain errepikakorra duen gaitzespena ere bota zuen, proposamen eraikitzailerik egiten ez dugula leporatuz. Ba bere memoria txarrari gogorarazten diogu aurreko agintaldiko lehenengo osoko bilkuran alokairu sozialerako etxebizitzak eskatu genituela, Irunvi-k kudeatuta, eta bere erantzuna nagusitasun barreak izan zirela. Bigarren urtean oposizioko talde guztiak batu egin ginen zure autobus bideen proiektua atzera botatzeko eta gaur egun hain harro azaltzen zaren berria onartzeko. Hirugarrenean, auzo batetarako gure prozesu parte-hartzailea aurkeztu genizuen, eta horretaz jabetu bezain pronto, zuena izango balitz bezala aurkeztu zenuten. Eta laugarrenean, Gipuzkoako Aldundien aurrekontu parte-hartzaileak zeken eta elektoralistatzat jo ondoren, boikotatu zenituzten Bilduren proposamena zirelako. Hiru hilabete beranduago, eta sobera frogatua geratu den bezala, gure hiriarentzat erabat manipulagarriak eta inolako zorroztasunik ez zuten aurrekontu parte-hartzaile batzuk aurkezteko. Eta hala, eta abar luze bat. Paez jauna, zurekin fidatzen ez bagara, arrazoi sobera eman dizkigulako da.

    Azkenik, ziur Paez jaunak “esan zertaz harro zaren eta nik esango zer falta den” atsotitza ezagutzen duela. Ba guri falta zaion horretaz harro azaltzeak ez gaitu arduratzen, harro azaltzen den hori faltatzea baizik. Udalean, dagoen tokian egonda, akats barkaezina delako.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.