Etxebizitza politikak urrats berriak behar ditu

fotoIrungo EH Bildu.- Ohar honetan EHBilduren etxebizitza politikaz hitz egiteko deitu dugu. EHBildurentzat, etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta hori aldarrikatu izan dugu. Betidanik defendatu izan dugu alokairu soziala, ez da ezer berria gure aldarrikapenen artean.

Azkenaldian, beste alderdi batzuek bere aldarrikapenen artean sartu dute alokairu soziala, Irungo 2016ko aurrekontuetako eztabaidan ikusi ahal izan dugun bezala. Aurrekontu hauetan, oposizioko hiru taldeek aurkeztutako zuzenketen ondorioz, hiru etxebizitza “berri” erosteko eta ondoren alokairu sozialean eskaintzeko erabakia hartu zen. Onura hau jasoko duten hiru familiengatik pozten garen arren, HAU NAHIKOA EZ DELA ARGI ESAN BEHARRA DAGO.

EZ, ez da nahikoa. Eraiki berri diren etxebizitza horiek eskaintzea ez da nahikoa, batez ere “babes ofizialeko etxebizitzen” jabetzaren salmentan oinarritutako eredu zaharkitu horren ondorioz ezin izan zituztelako saldu. Ez da nahikoa, modu honetan, egungo krisiaren erantzule nagusienetakoak diren enpresa eraikitzaileei eta adreiluaren ekonomiari joko egiten zaielako.

Hau ez da bidea, batez ere kontutan izanik Irunen 2000 etxebizitza inguru hutsik daudela. Saldu ezinean geratu diren etxebizitza horiek alokairu sozialera bideratzeko arrazoi bakarra, hauei irteera eman eta gehiago eraiki ahal izatea da, eraikitzaileen eta instituzioaren artean pilatutako zorra kitatzeko.

Hau dela eta, EHBildutik inoiz baino behar handiagoa ikusten dugu alokairu sozialera zuzenduta egongo den udal etxebizitza parke bat sortzea. Hau da gure apustua, lehen eta orain. Gaur egun dauden etxebizitza hutsei irtenbidea emateko hurrengo aukerak proposatzen ditugu:

TRUKEA: Bai adinagatik edota beste arrazoiengatik etxebizitzak erabilgarritasuna galtzen duenean.

BERRITZEAK: Zaharkituak edo egoera desegokian dauden etxebizitzak, instituzio publikoek konpondu ditzatela epe baterako erabilpenaren truke.

JABEGOARI ERRAZTASUNAK EMAN: udaletik urratsak eman ditzaten, alokatzeko abantailak eskainiz.

ERAIKITZEN edo ERAIKITZEKE dauden etxebizitzak egungo famili eredu ezberdinei erantzuna emanez, hona adibide batzuk:

  • Emantzipazioa lortu nahi duten gazteentzat
  • Adineko herritarrentzat, non etxea handia gelditu zaien seme alabek bere bidea hartu eta gero
  • Banaketa baten ondorioz noraezean eta ezinean gelditzen diren pertsonentzat
  • Non bikote berriak sortzen diren eta bikotekideak seme alabak ekartzen dituzten eta etxe handiak behar diren.

Hau hala, EHBildutik etxebizitza politika berri bat abian jartzea proposatzen dugu, interes ekonomiko eta espekulatiboak baztertuz.

Horregatik, gai honen inguruan lan egiteko gure borondatea jakinarazi nahi diegu gainontzeko alderdiei, etxebizitza eskubidea zer den hein txiki batetan egoerak behartuta ikasi badute ere. Eta nola ez, eskubide honen inguruko gaien formakuntza eta ezagutzarako Irungo elkarte eta eragileekin elkarlanerako prestutasuna, beti ere, etxebizitza duinerako eskubide unibertsalean oinarritutako etxebizitza politika baten alde lan egiteko.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.