Betiko leloa?

fotoAna Gorostidi Pagola eta Amagoia Eskudero Larrañaga*.- Betiko leloa esatean, Merkataritza Askeko Itunetaz (MAI) ari gara. Egunetik egunera, geroz eta gehiago ditugu entzungai eta honen aurrean argi utzi nahi dugu izenburuan eginiko galderaren erantzuna ezezkoa dela.

Hasteko, azken aldian gehien entzun den eta apirilaren 21ean partzialki behin-behinekoz ezarri zen CETAren ibilbidea aipatu beharra dago. Europar Parlamentuak joan den otsailean onetsi zuen ituna eta orain Europako nazio desberdinetan data desberdinetan ari dira bozkatzen. Behin betikora iritsi ahal izateko, nazio guztiek berretsi behar dute eta honen harira, Europar Batzordeak proposamen bat egin berri du, non, parlamentu nazionalak TTIP bezalako merkataritza hitzarmenei buruzko bozketetatik at uztea dioen.

Europar Batzordeak plazaratutako proposamenari buruz gutxienik pare bat zeresan baditugu. Batetik, CETA benetan martxan jartzeko zailtasunak izan ditzaketela dirudi. Espainian aurrera doan arren, pasa den ekainean kongresuan berretsiz eta senatuan bozkatzeke egonik, Frantzian oraindik bozkatzeke (urrirako aurreikusia) dago eta beste hainbat lekuren antzera, berresteko zailtasunak egon daitezke. Bestetik, proposamen honek demokrazia hitza pikutara bidaltzen du. Diotenaren arabera, erabakitzeko eskubidea dugu baina nork uler dezake herritarrok aukeratu ez dugun eta batzuek nahi dutelako ezarri duten Europar Batzordeak estatuei gutxieneko boterea kentzeko proposamena egitea? Esan beharra dago Batzordearen arabera erabakiak Europar Parlamentuak hartzen dituela baina errealitatean azken hitza Europar parlamentariena ez dela azpimarratu nahi dugu; hitzarmen bat guztiz adosteko aldaketaren bat egitearen beharra izan denean, herritarren zein herritarren ordezkarien oniritzirik gabe burutu izan du Europar Batzordeak. Beraz, utz dezatela gezurrak esateari.

Aurreko paragrafoak, argi helarazten digu kalera irteteak zukua ematen duela. Noski, honek ez du esan nahi nahikoa dugunik; egoera okerrera doa eta oraindik asko dugu egiteke. Momentu honetan, pil-pilean bi MAI ditugu zeintzuek ez diren berriak. Horietako bat, aipatua izan den TISA (Zerbitzuen Merkataritzari buruzko Hitzarmena) dugu eta berrartzeko asmoa zutela helarazi zuten pasa den kurtsoan. Bestea, JEFTA (EB eta Japoniaren arteko MAI) dugu zein politikoki amaitua dagoen baina idazteke duten. Eskuartean ditugun zein dagoeneko sinatuak dauden MAIak enpresei boterea handiagotzeko bidea inoiz baino gehiago irekitzen die eta geure egitekoa kalera irteten jarraituz bideak ixtea da.

Boterea handituz joan diren enpresa multinazionalak zerrendatzen hasiz gero,  Amazon, FedEx, Visa eta Google ditugu mundu digitalean ikaragarrizko irabaziak dituztenetariko batzuk eta enpresa hauek, hainbat alorretan orain arte ez bezalako muga gabezia lortu nahi dute. Hau lortu ahal izateko, batzuk bidea irekitzen hasiak dira dagoeneko. 2016ko ekainean AEBk merkataritza elektronikoari buruzko hamar bat proposamen egin zituen zeintzuek MMEren (Munduko Merkataritza Erakundea) eskuetan dauden. MME hainbat urtetan baztertua izanik, aipaturiko enpresek zein beste hainbatek interesa agertu dute Erakundearengan. MMEk abenduaren 10etik 13ra Argentinan izango ditu Ministerioaren Biltzarrak eta mahai gainean dauden proposamenek, aipaturiko enpresei, denboraren, espazioaren, eskulanaren, kapitalaren, insumoen eta datuen terminoetan aldaketak mugarik gabe egiteko aukera emango liekete.

fotoMerkataritza elektronikoarekin jarraituz, irailaren 29an Tallinen (Europako digitalizazioaren eredu den Estonian) Europar Kontseiluko lehendakariak, Europar Batzordeak eta Europako Gobernu edo Estatu buruek Gailur Digitala burutu zuten. Amaitzean, Europar Batzordeak 2018an enpresa digitalei Europako gobernu guztietan tasatzeko arau berriak proposatuko dituela helarazi zuen. Badirudi, gaur egun Irlanda edo Luxenburgon zentratzen dituztela beraien onura guztiak, non, abantaila ugari dituzten. Orain artekoa jakinik, inork ba al daki zein den zehazki proposamena? Diotenaren arabera, iraila erdialdean Frantziak, Alemaniak, Italiak eta Espainiak egin zuten baina guk ez dugu horretaz ezer zehatzik. Noski, badakiguna da zer nola abenduan Argentinan merkataritza elektronikoari buruzko Biltzarrak izango diren eta bertan, enpresei datuak lekuz aldatzeko aukera emango liekeen zein mugaz gaindiko zergen gabezia bideratuko luketen gaiak izango dituztela hizpide. Datuen alorrean, gobernuei informazioa izatearen onura kentzeko aukera egongo litzateke eta oso arriskutsua izan daiteke datuen pribatizazioari zein kontsumitzaileen babesari dagokionean.  Beraz, nork jakin benetan zertaz hitz egin zuten!

MAIen aurkako mobilizazioei dagokionean, datorren urriaren 23tik 27ra ONUk Ginebran izango duen 3. Biltzarrari erantzunaz, hainbat ekintza burutuko dira. Ondoren, beste data esanguratsua MMEk Argentinan izango duen lehen aipaturiko Biltzarrena dugu. Dagoeneko, egon dira deialdiak, jardunaldiak, formakuntzak… Argentinan abendura begira. Era berean, munduko txoko desberdinetan mobilizatzera deitu dute eta aurreikusiak badaude hainbat lekutan. Hego Ameriketan gainera esperientzia handia dute MAIekin eta beraiengandik asko dugu ikasteke. Esaterako, duela urte batzuk ALCA (Ameriketako Merkataritza Askeko Eremua) geratzea lortu zuten, non, mugimendu sozial desberdinek hartu zuten parte: nekazariek, mugimendu feministek … Azken hauek izan ziren ALCAren aurka joateko bultzatzaile nagusienetakoak. Arrazoi bat esatearren, zerbitzu publikoak murriztuko lituzkeela ikustean, lehenengo zein gehien kaltetuak emakumeak izango liratekeela konturatu ziren eta emakumeek inongo ordainsaririk gabeko zaintza lanak gehiago izango lituzketela ondorioztatu zuten.

Hau guztia ikusirik, ezinbestekoa dugu altermundialismoa bultzatzea eta Argentinara joan beharrik gabe, norbere herrian, norbere errealitateari erreparatuz mobilizatzea. Horretarako, munduko txoko desberdinetan esanguratsuak izango dira La Vía Campesina, Emakumeen Mundu Martxa … bezalako mugimenduak. Hauekin batera, MAIen kalteez geroz eta kontzientziatuagoa dagoen jendea ere hor egongo gara eta argi helaraziko dugu ez dela betiko leloa, baizik eta hortik haratago doan arazoa dela.

* TTIP / CETAren aurkako kanpainako kide diren

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.