Irunen periferia izateaz nazkatu direnentzat

Oraindik ez den proposamen bat


“Si ser diferente es un crimen, yo mismo me colocaré las cadenas”
(Oscar Wilde)


Ikuspegi eraldatzailearekin, gure hirian, Irunen lanean ari garenon sektore ezberdinen artean, badago horrelako etsipen sentsazio bat. Entzun nahi ez arren tarteka agertzen dena: “egin ahalak eginda ere, gauza gutxi aldatzen eta aldatuko dira herri madarikatu honetan”. Jendarte parekide, ekologista,  bere historiaren jabe, demokratikoa, autogestionatua, parte hartzaile edota ekonomikoki subirau baten alde txingurri lan handia egonda ere “Irun is different”. Ditugun garaipen txikiak azalekoak dira eta denbora kontua esku artetik area bezala alde egitea, mugitzen gara baina ezer ez da metakorra. Dar-dara eragin dezakegu noiz behinka hiri honen ordena grix eta anodinoan baina indarra apur bat galdu eta segituan egoera berriz bueltatzen da bere “onera”. Irun “jende dezentearen hiria da, gente de bien” eta gu, nohiz behinka burua altxa dezakegun gonbidatuak baina ez gara, periferia. Irunen ez da errotik deus mugitzen

PSOE-EE-k neurria hartua dio hiriko soziologia elektoralari. Buen la Cambra eta gero Santanoren eskutik, alderdiak hainbeste urte daramatza boterea kudeatzen ezen, udal gobernua, udala bera eta ondare publikoaren arteko desberdintasunak ahaztu ditu, dena da alderdiaren ondare.  Azken aldian bere feudoan gonbidatuak sartzen ikusten baditu ere, eroso dago. PNV ez bai dator aldaketa politikoa ekartzera (udal gobernuaren sostengatzaile nagusi da erabaki propioz), botere instituzionalaren pastela ber-definitu eta bere zatia handitzera baizik. Irunen “status-quo” hau mantentzen den bitartean, bai PSOE-EE-k eta PNV-k nahiko jaki edukiko dute elkarren artean banatzeko eta horregatik elkarrekin zainduko dute beren Irun kanpo barbaroengandik.

Baina gustatu ala ez, instituzioak hiri soziologia eta balio batzuen isla dira, eta Irunek azken hamarkadatan ez ditu eman, jendarte aurrerakoi, parte hartzaile, ekologista, antikapitalista edota parekide bat izan nahi izateko zantzu handirik.

Alardearen gatazka tamalgarria izan daiteke honen adibide garbi, zeinak hierarkia sozial argietan (genero/adin/etnia/klase) antolaturiko hiritartasun kontserbadore baten berri ematen digun.

Hau horrela izanda ere, Irungo inmobilismo “tradizionalistaren” indarra handia izanda ere, ukatu ezin dena da ez direla bizi dugun hiriaren isla amaitua. Beren proiektu soziala baztertzailea da oinarrian, baina baztertuek kontraproposamenik ez duten bitartean hegemonikoa. Irun hegemonikoaren irudian, ez dago ezkertiarrik, ez langile auzorik, ez dago ekologistarik ez eta feministarik. Ez dago demokrazia zuzenaren zantzurik ez eta aniztasunaren zentzu positiborik. Ez dago Europaz kanpotik datozen etorkinen gorputzik indarrean dagoen Irungo iruditegi eta botere praktika errealetan, eta gazteak, irundar kanoniko izatera iritsiko diren nagusitu gabeko subjektuak dira, ez dute hitz propiorik. Indarrean dagoen Irunen, ez dago ekonomia eredu eraldatzailerik, eta hirian bizi eta lan egin ahal izateko aukera bakarrak, hiri lurrekin espekulatzea, kanpoko supermerkatu handiei lurrak merke eskaintzea, sektore inmobiliarioa sustatzen jarraitzea, kanpo inbertsioak erakartzeko Ficoba bezalako monumentu megalomanoak egitea edota kanpo kapital handiei makurtzen jarraitzea da:  Paseo Colón da honen adibide argia, zeinetan Inditex, bankak internazionalak edota  komunikazioaren transnazionalek okupatu duten hiriko arteria nagusia. Agirre bezalako erresistentziak salbuespenak dira (hortik biltzen  duen begirunea) eta tokiko komertzioak itoak, ito-bidean edo  edota periferiatara bultzatuak izan dira.

Baina oraindik periferikoa den Irun hori, gustatu ala ez gustatu badago: Badaude parekidetasunaren alde feminismotik lan egiten duten elkarteak, autodeterminazio eskubidea(k) defendatzen dituztenak, oinarri komunitarioen gainean eraikitako tokiko komunikabideak, auzo denda eta “antro popularrak”, jai berdinzaleak gauzatzen dituzten mugimenduak, gelditzeko dauden etorkin elkarteak, artea museoetatik at eguneroko bizitzaren ezaugarri izan dadin sortzen dutenak,  kapitalaren gehigikeriei aurre egiten saiatzen diren sindikatuak, memoria historiko ez ofiziala lantzen duten elkarteak, auzokako sare komunitarioak mantentzen dituzten auzo elkarteak etab. etab. etab. luze bat.

Hauekin batera, bada, azken aldian indartzen ari den mugimendu ekonomiko berria. Herri mugimenduen eta kooperatibigintzaren arteko hibridoa, autodeterminazioan, subirautzan, jasangarritasunean, parekidetasunean eta tokiko garapen komunitarioan oinarrituriko beste ekonomia antikapitalista bat planteatzen eta jada gauzatzen ari direnak. Elkarte, kooperatiba eta zenbait enpresa-autonomo sartu genitzake sare honetan Ekonomia Sozial Eraldatzailearen aterkipean.

Baina hau guztia egonda, zergatik ez da deus aldatzen Gaintxurizketa eta Bidasoa arteko gure hiri berexi honetan? Arrazoi gehiegi artikulu motz  batentzat, baina horien artean argi bat: Irungo ordena hegemonikotik kanpo geratu garen subjektuen arteko aliantza eta konplizitate falta. Honen ondorio eta kausa, indarrena dagoen Irun-hiri eredu hegemonikoari aurre egiteko kontra-proposamenik ez. Hiri honetan, nahiz eta “tradizioaren” defendatzaile sutsu izan gauzak aldatzen hasi daitezkeela irudikatuko duen, baztertuen artean ilusioa piztuko duen eta hortaz mugimendua eragingo duen proposamen eta aliantza falta. Ordenak beti behar du “betierekoa” izango dela proiektatzeko beharra, baina ondotxo dakigunez, gauzak mugitzen hasten direnean, ziurrena zirudiena ere aldatzen hasten da. Mugimendu txikienak mugimendu kontagioa dakar, eta  malgutasunean trebatu ez diren ordenaren agintariak ez dira iaioak aldaketaren dantzan, traketsak dira zorua mugitzen hasten denean.

Hau ez da proposamen bat inondik inora, hiri gris eta sormen antzuko hiri hau bizigarriago egin nahi duen periferiako iritzi bat baino. Lurralde hau, bizitoki ederra izan zitekeen, gure inguru  naturalarekiko begirune apur bat gehiago izaten ikasiko bagenu, inter-kulturalitatea ukatu ordez beraz garatzeko hautu kolektiboa egingo bagenu, kanpo kapitalen hiri eta aberastasunaren desjabetzaren  aurrean plantatu eta tokiko ekonomian oinarrituriko sareak ehuntzen hasiko bagina, sormenari bide emango bagenio udalak pribatizatu dituen espazio publikoan, genero ezberdinetako pertsonen artean errespetuzko harremanak eraikitzeko pausoak emango bagenitu, auzo elkarteak berpiztuko bagenitu eta hauekin berdintasunean ospatzeko festak, gure bizi-lagun guztien bizi baldintza duinekin konprometitu eta horren gauzapenean engaiatuko bagina (energia, etxebizitza eta lan eskubidea gutxienez), hiria zeharkatzeko bidegorri duin bat izango bagenu, hiritar sektore ezberdinak (gazteak, kultur anitzekoak, emakumeek, gizonek, etab.) kolektiboan sortzeko espazio autogestionatuak izango bagenitu....

Hainbeste gauza egin zitezkeen Bidasoaren eta Gaintxurizketaren arteko txoko berezi honetan loratu den hirian! Baina horretarako, justizia sozialarekin, parte hartzearekin eta inklusibitatearekin konpromisoa dugunok aurpegiak ikusi behar ditugu lehenik. Hiri honen status-quoak baztertuak garenok elkar-ezagutu behar dugu, eta inmobilismoaren bloke politiko, sozial eta kulturala asaldatu, interpelatu, pitzatu eta honen zati diskonformeak konbentzitu, seduzitu, eraldatu. Hiri honekiko ditugun gure behar eta desirak partekatu eta determinazioz asumitu “nekatu gara periferia izateaz, nekatu gurekin kontatu gabe gure hiria egiteaz, boterearen bila goaz jakin bai dakigu guk hobe egingo genukeela hiri hau”.  Hots marjinalitatearen erosotasun imajinariotik atera behingoz:

“Komuneko paretan graffiti batek, egin berria “ghettotik atera gorrotoa antolatu” seinalatzen zidan. Gizarte honi diogun amorrua...Ordea ni ere gustura nengoen gure banda sonorak dastatzen”
(B.S.O., Negu Gorriak)

Nago, gutako asko ere, oso gustura egon garela gure txokoetan, bakoitza bere inguruaren soinu banda entzuten. Erosotasun marginalaren gune horiek dastatuz, astean ordu gutxiz bada ere, mundua nola eraldatuko genukeen asmatzen. Erronka ez da hain beldurgarria, Irun eraldatzea besterik ez bai da, baina horretarako, soinu banda ezberdinen artean soinu polifoniko koherente bat sortzeko hasi beharko gara. Akatsak egingo ditugula jakinda ere,  entsegatzen, hiri oso baten zoriontasuna dugu eta irabazteko.

Doinu horrek Irun bere baitan hartzen duenean, agian izango da izkribu hau proposamen bat.

IZOKIN GORRIEN KOFRADIA
Kontrakorrontean pentsatzeko
(2017/10/06)

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.