Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko alkateari gutun irekia

Ez nian uste, baina bai, hi marka guztiak hausteko prest hago. Benetan, alkate aukeratu hindutenean zerbait aldatuko zela uste genian, bai zera! Egia esan, zerbait aldatu duk, baina okerrera.

Aurten, hire jokabide maltzurra programaren kartelarekin hasi zuan, Jaizkibel Konpainia de facto baztertzen zuen kartela aukeratuta.
 
Hasiera horren jarraipena atzo izan zian. Goiz-goizetik, udalaren arkupetan, zenbait kargudun politikari bildu zituan Jaizkibel Konpainiari —giza-eskubideak errespetatzen duen konpainia bakarra— harrera egiteko, besteak beste: Hondarribiko bi zinegotzi, senatariak, foru-diputatuak, biltzarkideak, batzarkideak, eta abar.
 
Orain arte, horiek guztiak espaloiaren ertzean jartzen zituan, baina atzo ez, atzo bi hesi zituan espaloi-ertz horretara ez iristeko; bat, egurrezkoa, espaloiaren ertzean;  burdinazkoa, arkupeen barruko aldean bestea.

Zinegotzi batek burdinazkoa ireki eta  egurrezkora hurbildu nahi izan zian; orduan, udaltzain bat hurbildu eta oso modu erasokorrean, herriko udaltzaingoak herriko zinegotzi bati zor zaion inolako errespeturik gabe, atzera bidali zian; hire aginduak betetzen egongo zuan; bestela, ulergaitza duk. Gero bai, gero burdinazkoa ireki eta aurrekora hurbildu ahal izan zitean. Han zegoen jende multzoa bi hesien artean aurkitu zuan, hesia aurretik, hesia atzetik. Parean, inolako oztoporik gabe, emakume multzo bat beren pankarta, plastiko beltz eta gorroto aurpegiekin.
 
Bitartean, hi, legeak ezartzen duten agindu guztiak ankapetik pasatuz, alarde baztertzailea den eta emakumeen eskubideak zapaltzen duen hori auspotzen. Jakingo duk legeek erakunde publiko guztiei debekatzen dietela giza-eskubideak betetzen ez duten talde edo ekintzei inolako laguntzarik ematea, baina horrek hiri ez dik axolarik, hik Ama Guadalupekoaren ukitua daukak, bedeinkazioa, alegia.

Izan ere, hire agindu zapaltzaileak, eguna aurrera joan ahala, aurrera egin zitean.  Hondarribiko gazte talde batek —Jaizkibel Konpainiari beren sostengua eta laguntza adierazi nahirik— pankarta bat zintzilikatu zitean harresietako zubitik, baina hor zuan hire udaltzaingoa —ez diat gogoan dudan beste hitz bat erabili nahi— pankarta, ia-ia jarri baino lehen, kentzeko; berek kentzeko ez, Txingudi Zerbitzuak SAko  langileei kenarazteko. Hori ere, hire agindua izango zuan, noski, haiek hire aginduak bete baino ez baitute egiten.

Baina Jaizkibel Konpainiaren aurkako hire jokabide maltzur eta zikina ez zuan hor bukatu; horrekin guztiarekin ez zuan nahikoa izan, eta jakinik Jaizkibel Konpainiak bere ibilbidea Gipuzkoa Plazan bukatzen duela eta bertan Konpainiaren jarraitzaile asko biltzen dela oholtza handi bat utzi zuan bertan jarrita: esanez, hurrengo egunean dantza-emanaldi bat zela aurreikusita eta euri-arriskua zegoela. Hik duk hik larrua.

Beno, Txomin Sagarzazu Ancisar, Hondarribiko Alkatea —ez diat jauna esango, zeren gure herrian, Euskal Herrian, alegia, Jauna deitzailea irabazi egin behar baita—, hasieran adierazi nahi nian bezala, hire aurreko alkateak txiki utzi dituk giza-eskubideen aurkako jazarpenean, eta gauza bat pentsatu beharko huke, historia urteetan gertatutakoetan oinarritzen duk. Historialariek garaietan idatzitakoetan oinarritzen dituk, eta gutun hau, beharbada, egun hauetan zer gertatzen zen, eta bakoitzaren jokabidea zein zen jakiteko balioko dik noizbait.

Hondarribian, 2017ko irailaren 9an
Joxan Garaialde Manterola

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.