Apirilak 17, Nazioarteko preso politikoen eguna: Munduko preso politikoak kalera!

Apirilaren  17a, Preso  politikoen  nazioarteko  eguna  hain  zuzen,  egun esanguratsua da askatasunaren alde borrokan ari garen herri guztiontzat, baina baita  elkartasun  internazionalistaren  baitan  justizia  eta  askatasunaren  alde dihardugunontzat ere. Azken batean, han eta hemen, errepresioak jo puntuan ezarri  eta  kartzelaratzen  gaituen  etsai  beraren  aurka  indarrak  batu  eta aldarrikapen  kolektibo  gisa  irudikatzeko  eguna  dugu  berau,  milaka  etxeetako ohe eta bihotz hutsak saretu eta elkarren beroa sentitzerainoko oihartzun ozen bakar bat osatuz.

Izan  ere,  ez  ote  da  agian,  preso  politikoak  egote  hutsa  adierazle  argiena, gordinena,  sistema  bidegabe  eta  kriminal  batean  bizitzera  kondenatzen gaituztela  ohartzeko?  Estatu  kapitalistetan  gainerako  zapalkuntza  bide leunagoek  huts  egin  edo  zeharkako  bideak  aski  ez  eta,  zuzeneko  eraso bortitzari  ekin behar  izan dutenaren ispilua da  haiekiko  errepresioa. Baina  ez dezagun ahaztu aldi berean eta txanponaren bestaldean, adierazle ere badela berau, preso politikoak egote hutsa alegia, herri langile borrokalariak ez garela kikiltzen  eta  ez  direla  falta  han  eta hemen  askatasunaren  alde borrokatu  eta dena emateko prest dauden emakume eta gizonak. Eta esan gabe doa inork ez ditzan hitzok  bestelako  aldarrikapenez  mozorrotu,  oligarkia  eta inperialismoaren alde borrokan diharduten mertzenarioak ez ditugula ez preso politiko gisan kontsideratzen ezta haien amnistiarik eskatzen ere.

Gaurko  egunez  baina,  euren  herriaren  alde  dena  eman  dutenak  gogoratzeaz gain,  haien  eskubideak  etengabe  zapaltzen  dituztenak  salatzea  ere badagokigu. Ezin salatu gabe utzi hortaz, estatu frantziar eta espainiarrak bere ziegetan  bahiturik  eta  euren  sorlekutik  urrun  dauzkan  ia  350  euskal  preso politikoak. Gogora ekarri nahi dugu, nazioartetik haiekiko egiten den elkartasun guztia  eta  bereziki  azken  egunotan   Euskal  Herriaren  Lagunak,  elkartasun komiteek,  Euskal  Preso  gaixo  larriekiko  egin  duten  salaketa  kanpaina.  Lan ezinbestekoa gure lagunen askatasuna lortze bidean.

Hala  ere  gaurkoan  gainontzeko  herrietako  presoak  ekarri  nahi  ditugu  gogora. Ezin  ahaztu  5  kide  galiziar  nahiz  18  preso  korsikarrak,  haiek  ere,  tamalez,  bi estatu  zapaltzaile  hauek  sakabanaturik  dauzkanak.  Aldi  berean,  borrokalari gaztelar  zein  andaluziarrek  jasaten  duten  errepresio  egoera  ere  salatzeko baliatu  beharrekoa  da  gaurko  eguna,  Alfon  eta  Andres  Bodalo  jornalarien kasuak  esaterako,  herri  zapalduon  duintasunagatik  borroka  egin  eta  herri langileon interesak defendatzeagatik kartzelan daudenak egun.

Modu berean, eta gugandik urrunago baina gertu, 10 mila militante kurdu eta 6500  palestinar  preso  politikoei  elkartasuna  adierazteko  eguna  ere  bada gaurkoa.  Estatu  turkiar  faxistak  zein  israeldarrak  euren  ziega  zikin  ilunetan bahiturik  dauzkatenak  egun,  haietariko  asko  epaiketarik  inoiz  ezagutu  gabe, gaixotasun larri eta sendaezinekin hainbat, bakarturik, bisita eskubiderik gabe, eta hainbatetan tratu txarrak jasoz, gehiegitan torturatuak edo erailak...

9500 preso politiko kolonbiarrek sufritzen duten egoera bortitza salatzekoa ere bada  gaurkoa,  hain  zuzen,  kartzeletan  pilaturik  eta  oso  baldintza  gogorretan egoteaz gain, xantaia politikorako erabiliak dira, bake negoziaketetan Santosen gobernuaren aldetik.

Egun  honetan,  eskuz  esku  gaude  itsasoaren  bestaldean  izan  arren, sentimenduz  auzo-lagun  ditugun  40tik  gora  preso  politiko  maputxeekin, oraindik  ere  Pinocheten  legediaren  ondorioak  jasan  beharrean  diren wallmapuko  jatorrizko  herri  borrokalariekin,  hain  zuzen.  Txileko  gobernuak euren  lurrak  lapurtu  eta  miseriara  kondenatzea  gutxi  ez  eta,  milaka  km  egin beharrean  dira  senitartekoak,  komunitateetatik  ibilaldi  amaigabeak  burutuz hiriguneetara. Eta nola ez, 52 preso politiko sahararrei elkartasuna adierazteko eguna ere bada berau, sakabanaturik hauek ere, osasun zaintza ukatzen zaiela, tribunal  militarrek  epaituak  haietariko  asko.  Eta  haiekin  batera  doazela  gure agurrik beroenak aipatu gabe utzi ditugun gainerako presoei ere.

Baina  esan  bezala,  apirilaren  17ko  hau,  salaketa  egun  izateaz  batera, aldarrikapenenez  janzteko  eguna  ere  bada,  guzti  haiek  kalean  eta  borrokan zihardutenean  zein  orain  kartzeletan  egon  arren  defendatzen  duten  proiektu politiko  guztiak  aldarrikatzeko  eguna  ere  badelako  ezabirik  gabe  gaurkoa. Proiektu  eta  askapen  borroka  guztiak,  berezitasun  eta  desberdintasun  gutxi batzuk  salbu,  helburu  bera  elkarbanatzen  baitute:  Pertsona  librez  osaturiko herri libre batean bizitzeko beharra eta honekiko konpromisoa. Borroka hau ere bada beraz apirilaren 17 honetan defendatu behar genukeena, hori baita preso politikoek  guregandik  jaso  nahiko  luketena,  kate  begiak  etenik  ez  duela  izan jakitearen harrotasuna arnasten jarrai dezaten dauden lekuan daudela.

Honegatik guztiagatik, denak behar zaituztegulako, libre  eta borrokan, Euskal Herriko kale eta plazetan bezala, Bogota edo Medellingo Unibertsitateetan, El Aioun edo Smarako Haimetan, Kandileko mendietan edo Ramalako auzunetan, gurekin batera, herri libre eta burujabeen mundu baten alde borrokan eta tinko.

Munduko preso politikoak kalera!

Hamaika herri, borroka bakarra!

 

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.