Oreretako 3 atxilotuak askatu!

Garai gogorrak bizi ditugu. Kapitalismo heteropatriarkarra bere azken urteetako ofentsibarik gordinena egiten ari da. Astero ditugu eraso eta erailketak lantokietan, astero, eraso eta erailketa matxistak. Astero, identifikazioak, gaztetxeen itxierak, espetxeetara bixitan doazen lagunen istripuak Espainiar eta Frantziako errepideetan...

Egunero kolpatzen gaitu sistemak eta gure bizitzen gaineko kontrola hartzen du geure lan indar guztia zurrupatzeko. Ezer berririk ez, izarren azpian. Ez Euskal Herrian, ezta gainontzeko munduko herri gehienetan ere. Brasilen MSTren aurka edo Kolonbian antolaturiko nekazarien aurka bezala, Kurdistan, Kortsika, Herrialde Katalanak, Andaluzia edota Palestinan ere errepresioz ixilarazai nahi dituzte aldarrikapen guztiak.

Azken hilabeteetan, errepresio sistemiko honi aurre egiteko mekanismoak bilatzen egon gara herri mugimenduko hainbat eta hainbat kolektibo eta eragile. Lan horretatik etorri da iragan larunbateko Iruñeako manifestazioa «Errepresioari autodefentsa» lemapean. Mezua zuzena zen: errepresioari erantzun behar zaio.

Ohikoa den moduan, Estatuko aparatuek dakiten bezala erantzun zuten: errepresio gehiagorekin. 4 gazte atxilo eraman zituzten eta horietatik 3k oraindik kalabozoetan jarraitzen dute terrorismo delituak leporatuta. Erabaki honekin, salbuespen egoera bukatu ez dela gogorarazi nahi izan dute. Oraindik ere zutik diraute salbuespen epaitegiek, lege antiterroristek, intoxikazio mediatikoak... Zoritxarrez, guk ere geure azalean ezagutu ditugunak.

Hau horrela izanik, Askapenatik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu 3 atxilotuei eta bere senitarteko eta lagunei. Bada garaia salbuespen egoerarekin bukatzeko! Amaitzeko, dei egiten dugu 3 atxilotuen askatasunaren alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Atxilotuak askatu!
Errepresiorik ez!

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.