CAFeko zuzendaritzari

Author: Escla

CAFeko Enpresa Batzordea.- CAF aukeratu dute Israelgo Saphir raikuntza‐enpresarekin batera Jerusalem hirian tranbia‐linea berria eraikitzeko.

Enpresen partzuergoa arduratuko da ibilgailuen fabrikazioaz ez ezik, baita azpiegitura guztiaz ere.

CAFi dagokionez, tranbia‐unitate berriak hornitzeaz nahiz beste linea batzuetan lehendik daudenak birgaitzeaz arduratuko da. Horrez gain, seinalizazio‐ eta energia‐sistemak banatzeaz eta unitateen mantentze‐lanaz ere arduratuko da.

Proiektuaren berezitasuna da azpiegitura hori legez kanpo Palestinako lurretan eraikita dauden Israelgo asentamenduak lotzeko erabiliko dela. Hala, okupazio‐agintariek okupazio hori legezkotu eta iraunkortu nahi dute, biztanleei “normalizatutako” azpiegiturak eta garraiobideak egokituta. Gogoratu beharrekoa da NBEk berak legez kanpokotzat hartzen dituela Jerusalem Ekialdeko lurretako okupazioak, hala, indar okupatzaileak ezarritako lan hori ere legez kontrakoa da nazioarteko zuzenbideari dagokionez.

CAF ez da trenbide‐sistema huts baten hornitzailea bakarrik izango, Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista izango da. Joan den otsailean, Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordetik Zuzendaritzari eskatu genion atzera egin zezala eta lehiaketa honi uko egin ziezaiola. Baina CAFeko Zuzendaritzak, Enpresa Batzordeari jaramonik egin gabe, nazioarteko legediari ere aurka eginez, negozioa egitea erabaki du.

Gainera, langileen kolektiboaren ordezkari gisa, oso kezkatuta gaude CAF partaide den beste lehiaketa publikoetan proiektu berriak esleitzeko garaian horrek konpainiarengan ekar ditzakeen ondorioengatik eta eragin publikoagatik.

Gogoratu behar da Europako enpresa garrantzitsuenak, hala nola Alstom, Siemens eta Systra (Frantziako SNCFen filiala), Kanadako Bombardier eta Australiako Mcquarie ere atera egin zirela proiektu honetatik lizitazioa eman aurretik. Era berean, Palestinako agintaritza Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri omen direla diote esku har dezan eta CAFi eska diezaion obra honetan parte hartzeari uko egin diezaiola, eta BDS mugimendutik presioa egiten ari dira CAF horretara bultzatzeko.

Hori guztia gutxi ez eta, inork ezingo du CAFeko langileen segurtasuna bermatu obran bertan lan egin behar izanez gero. CAFeko langileek gatazka‐eremu batera joan beharko dute lanera, eta horrekin, CAFeko zuzendaritzak bere langileak jartzen ditu arazoaren erdigunean.

Ekar litzakeen ondorioak eta CAFeko etorkizuna aintzat hartuta, gure eskaera berresten dugu. Obra horretan parte ez hartzeko oraindik garaiz gaudela uste dugu. Berriz ere eskatzen diogu Zuzendaritzari ez dezala parte hartu Jerusalemgo tranbiaren linea berriaren proiektuan.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.