Lezo.- Munduko Osasun Erakundearen 2016ko txostenak zera dio: “Airearen kutsadurak haurren arnas aparatuan, garapen psikiko eta motorrean eragin kaltegarria du”. Joan den azaroaren 21ean, Herreratik Trintxerperako oinezkoen igarobidea inauguratu zen.
Nahiz eta bertako biztanleentzat, bereziki emakumeentzat, berri pozgarria izan, ezin da iparra galdu eta iparra Pasaiako Badiaren biziberritze integrala da. Inaugurazioan ikusitako bortizkeria instituzionalaren aurrean herritarrok aho bete hortz gelditu ginen, irudiak horren lekuko.
Hedabideetan ikusi ahal izan zen, agintariak bertan zeuden bitartean, inguruko herritar bat errauts (ez porlana) eskukada batzuk aireratzen. Ekintza metaforiko horren bitartez herritarrek egunero jasaten duten kutsadura salatu nahi zuen.
Ekintza hori burutzeagatik bizilagun hori bortizki atxilotua izan zen eta agintarien aurkako erasoa egiteagatik salatua.
Izugarrikeria onartezin horren aurrean Lezoko bizilagun talde batek publikoki salatu nahi dugu hau guztia:
- Pasaiako Badiaren inguruko herritarrak, egunero eta hainbat hamarkadatan, jasaten ari garen aire kutsadura jasanezina . Inaugurazio egunean agintarien jantzietan pausatuko errautsa herritarrok egunero irensten dugunaren zati ñimiño bat besterik ez da.
- Airearen kutsadura, eta portuko zamalanak burutzeko segurtasun neurri eza salatu diren bakoitzeko, portuko agintaritzaren erantzuna bera izan da beti: gutxiespena, aitzakiak, erantzun partzialak, eta ez, inondik inora, Badiaren biziberritze integrala.
- Portuko agintaritzak bere jarduera ekonomikoak herritarron osasunarekiko inongo begirunerik gabe burutzen ditu. Are gehiago, jarduera kutsakorrenak herritarren etxebizitzetatik gertu burutzen ditu, portuan aparkatuak dauden auto berriak inongo kalterik izan ez dezaten. Portuko agintaritzak autoen garbitasuna lehenesten du gure seme-alaben biriken osasuna lehenetsi ordez.
- Felix Garciandia jauna, Portuko Lehendakaria, salatu nahi dugu azaroaren 21ean, Trintxerpen, gure bizilagunaren aurka berak erabilitako indarkeriagatik, irudi horrek auzo lotsa eragin zien harekin zihoazen kargudunei ere. Indarkeria erabili izanak , herritarrak horren lekuko, herritarrekiko eta gainerako agintariekiko mespretxua eta pertsonaren izaera erakusten du. Horregatik eta portuaren kudeaketa desegokiagatik bere berehalako dimisioa eskatzen dugu.
Aski da! Hipokresia alboratu eta agintari politiko bezala zuen lanak eta ardurak bete itzazue. Herritarren protestak kriminalizatu beharrean, bizilagunak entzun, bizilagunen arazoei heldu eta konponbideak bilatu.
Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1423 irakurketak
- Castellano