Osasun Bidasoa Plataformaren komunikatua, Irungo lehen mailako arretarako guneak handitzeari buruzkoa

Plataforma Osasun Bidasoa 04-03-23

Osasun Bidasoa Plataforma.- Joan den martxoaren 7an, Osasun Sailak “BIDASOAKO ESIAREN PLAN ZUZENTZAILEA. 2023-2033 ESZENATOKIA” izeneko agiria argitaratu zuen. Horren arabera, Irungo Lehen Mailako Arretako zentroek zailtasun handiak dituzte egungo eskariari behar bezala erantzuteko, eta ez dute ezaugarririk herritarren beharretara egokitutako zerbitzu-zorroa eskaintzeko”. Agiri hori aztertuta, akats garrantzitsuak antzeman dira, eta horrek zalantza sortzen du agiriaren zorroztasunaz.

 

Joan den martxoaren 26an, Noticias de Gipuzkoa egunkariak artikulu bat argitaratu zuen, Osasuneko Sailburuak Irungo Alkateari bidalitako gutun bati erreferentzia eginez. Gutunean “Irun Erdialdeko egungo eraikinak dituen espazio-arazo larriak” aipatzen ziren, eta baztertu egiten zen egungo anbulatorioa handitzea.

Osasun Bidasoa Plataformak behin eta berriz salatu du duela urte askotatik Irun Erdialdeko eta Dunboako anbulatorioetan kontsultarako lekurik ez dagoela. Egungo egoerak eragotzi egiten du kalitatezko arreta ematea. Gainera, etorkizunean langile gehiago izatea bideraezina izango da nahiz eta plantilla handitzea ezinbestekoa izango den, Irungo biztanleriaren hazkundea eta egungo biztanleriaren zahartze progresiboa dela eta.

Osakidetzak eskatuta, 2015ean Irungo Udalak orube bat gorde zuen Oinaurren, hirian hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko. 2022an Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko proiektuaren lizitazioa hastea aurreikusita izan arren ez zen lizitaziorik egin.

Proposamen zehatzak:

Oinaurren hirugarren osasun-zentroa eraikitzeko prozesuari lehenbailehen hasiera ematea.

Lehenbailehen aktibatzea Oinaurren hirugarren osasun-zentroa eraikitzeko proiektuaren lizitazioa. Obra honetarako, Osakidetzak duela 20 urte baino gehiagotik aurreikusi zuena, 201 5etik aurrera badago urbanizatutako orube bat prestatua eta, beraz, lanak amaitzeko 3 urte beharko lirateke. Zentro berri honetan koka litezke gaur egun Dunboan dauden osasun publikoko profesionalak eta baita helduen eta haur eta gazteen osasun mentaleko kontsultak ere.

Oinaurre ingurutik gertu behin-behineko kontsultategi bat jartzea.

Oinaurreko proiektua lizitatu ondoren, behin-behineko kontsultategi bat jartzea inguruko lokaletan, Osakidetzak aitortutako espazio-arazo larriak dituzten Irun Erdialdeko eta Dunboako anbulatorioen jarduera arindu ahal izateko. Kontsultategi horretan 4-6 mediku, 4-6 familia-erizain eta 4-6 administrari kokatzea, Bentas eta Oinaurre auzoetako biztanleria esleituta dutela. Profesional horiek, ondoren, Oinaurrera joango ziren behin betiko, zentro berriaren obrak amaitzen zirenean.

Irun erdialdeko anbulatorioa.

2-3 familia-mediku/erizain/administrari ekipo birkokatzeak atzeko patioko barrakoiak kentzea ahalbidetuko luke. Bigarren fasean, atzeko patioan 1.500 metro karratuko eraikin bat eraiki beharko litzateke, 5 solairutan. Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratutako informazioaren arabera, lanak kontsultak egiteko 473 metro koadroko azalera erabilgarria handitzea ekarriko luke, 15 metro koadroko 30 kontsulta berri izateko. “BIDASOAKO ESIAREN PLAN ZUZENTZAILEA. 2023-2033 ESZENATOKIA“k 2500 metro karratu erabilgarri (gaur egun erabilgarri diren 1900 metroak baino 600 gehiago soilik) erabiltzea proposatzen du Lehen Mailako Arretarako, Irun Trenbide etorkizuneko zentro handi berrian. Irun Erdialdeko zentroko handitzea anbulatorioaren funtzionamendua aldatu gabe egin daiteke, eta aukera emango du EAGa, ikuskaritza medikoa, kontsulta espezializatuak eta prestakuntza eta zerbitzu-arloak birkokatzeko. Gainera, zerbitzu-zorroa handitzeko aukera emango luke, errehabilitazioa, kirurgia txikia, talde-jarduerak eta abar eskainiz.

Dunboako anbulatorioa.

Lehen fasean, zentroaren hirugarren solairuan dauden Osasun Publikoko profesionalak beste behin-behineko lokal batzuetan kokatu beharko lirateke (Oinaurre inauguratu arte). Horri esker, solairu hori eraberritu ahal izango litzateke, Lehen Mailako Arretarako espazioa handitzeko.

Aldi berean, 2-3 familiako mediku/erizain/administrari taldeak Oinaurreko behinbehineko kontsultategian birkokatzeak egungo kontsultak arinduko lituzke, ordutegiak hobeto banatzeko aukera emanez, eta, gainera, zerbitzu-zorroa handitzeko aukera emango luke, Osasun Bidasoa Plataformak:

  • Irungo hirugarren osasun-zentroa, Oinaurren, lehenbailehen eraikitzea eskatzen du.
  • Zentro berria eraikitzen den bitartean, Irun erdialdeko eta Dunboako egungo anbulatorioetako kontsulta-espazioko arazo larriak konpontzeko, behin-behineko espazioak egokitzea proposatzen du.
  • Plataformaren ustez, Oinaurre inauguratu ondoren, Irun Erdiguneko egungo eraikinaren etorkizuneko handitzeak Irungo biztanleen beharrei erantzun nahikoa emango liezaieke, Irun Trenbidea urbanizatu arte 10 urte baino gehiago itxaron behar izan gabe, Lehen Mailako Arretarako lekua la irabazi gabe.
  • Herritarrek eta profesionalek ezin dugu gehiago itxaron. Berehalako ekintza zehatzak behar dira konpondu gabeko arazo zahar bati irtenbidea emateko.

BIDASOAKO ESIAREN PLAN ZUZENTZAILEA. 2023-2033 ESZENATOKIA AGIRIARI BURUZKO AZTERKETA TEKNIKOA OSASUN BIDASOA Plataformak BIDASOAKO ESIAREN PLAN ZUZENTZAILEA

2023-2033 ESZENATOKIA izeneko agiriaren berri izan du. Agiri hau Gotzone Sagardui Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak 2023ko martxoaren 7an igorri zion David Soto Rodríguez legebiltzarkideari. Dokumentuaren edukia aztertu ondoren, honako alderdi hauek agerian jarri nahi dugu.

  1. Denbora-esparrua: dokumentuaren izenburuan zein sarreran 10 urteko epea aipatzen da (2023-2033). Dokumentuaren gainerakoan, 7 urtekoa da aztertutako aldia (2023-2030).
  2. Beharrezko jarduketak: ados gaude proposatzen diren jarduketekin, bat baitatoz OSASUN BIDASOA plataformak eskatzen dituenekin. Gure ustez, ezinbestekoa da osasun-arretarako gune berriak izatea, egungoak zabalduz, bai LMA, bai ospitalean.
  • 2030 eszenatokia: Bidasoako ESI. Lehen Mailako arreta:
    • Egungo egoera aztertzean, agirian agertzen da Irungo lehen mailako arretarako 3.934 metro koadroko azalera dagoela. Ez da kontuan hartzen helduen osasun mentalerako arreta behin-behineko udal lokal batzuetan dagoenik ezta Irun Erdigunean ere 2020ko uztailaz geroztik bi barrakoi daudela, 4 kontsulta dituztenak eta 50 metro koadro erabilgarri inguruko azalera dutenak.
    • Etorkizuneko egoeran, 2022/09/19ko OINARRIZKO OSASUN LAGUNTZAKO PLAN FUNTZIONAL bat aipatzen da, baina ez da eransten. Lehen Mailako kontsultei buruz hitz egiten denean, ez dira zehazten aurreikusten diren kontsulten kopurua, ez eta osasun-profesional bakoitzarentzat kontsulta bat egin beharko litzatekeela ere, 2 profesionalentzako kontsulta bakar baten egungo egoeraren ordez
    • Irungo etorkizuneko egoera taulan, 1. eszenatokian: Irun erdialdeko etorkizuneko helduen kupoak 21 izango direla agertzen da; gaur egungoak, berriz, 22 direnez, familia-mediku kupo bat galduko litzateke eta Irun egungo 40 kupotik etorkizuneko 39ra pasatuko da. Irun Dunboa zutabean, zehazten den azalera okerra da eta Hondarribikoari dagokiola dirudi.
    • Irun Erdialdeko Osasun Zentro berriaren justifikazioa: zentro berrirako proposatzen diren 10.000 metro koadroetatik, 2500 baino ez dira erreserbatuko Lehen Mailarako, gaur egungo 1900en aldean (barrakoiak barne). Horrek esan nahi du 600 metro koadro baino ez direla handituko. Irun osorako, gaur egungo 4.000 metro koadrotik etorkizuneko 4600 metro koadrora pasatuko ginateke. Horrek ez luke inola ere arinduko gaur egungo espazio falta, eta ez luke aukerarik emango etorkizunean Irungo Lehen Mailarako hazkunderik izateko.
    • Irungo etorkizuneko egoera, 2. eszenatoki: Irunen artatu beharreko biztanleria gaur egungo 68.450 pertsonatik etorkizuneko 63.000 pertsonetara pasatuko dela aurreikusten da. Horrek esan nahi du 5450 biztanle gutxiago izango direla. Familia-medikuak, handitu ordez gaur egungo 40tik jaitsiko lirateke 39ra. Beste aldetik, Dunboako azalera Hondarribikoarekin nahasten da.
  • 2030 eszenatokia: Bidasoako ESla. Ospitalea. Etorkizuneko egoera 2030ean
    • Ospitalizazioa: unitate berri bat (seigarrena) planteatzen da, 30 oherekin. Ez da zehazten non. Dokumentuan ez da aurreikusten eraikin erantsi bat eraikitzea espazioak handitzeko.
    • Larrialdiak: birmoldaketa egin zen 2020an, baina arreta-eremua handitu gabe. Horrek esan nahi du oraindik ere leku falta dagoela.
    • Bloke kirurgikoa: proposamenak egungo azalera handitzea dakar. Hala ere, dokumentuan ez da aurreikusten eraikin erantsi bat eraikitzea espazioak handitzeko.
    • Kontsulta anbulatorioko guneak: Ospitalean egin beharreko kontsultak eta Irun erdialdeko osasun-zentro berrian kokatu nahi direnak ez datoz bat Lehen Mailakoaren atalean deskribatutakoekin.
    • Serbitzu zentralak: nahitaez espazioak handitu behar dira (EMNrako izan ezik). Ez da adierazten non kokatuko liratekeen behar diren espazio berriak. Dokumentuan ez da aurreikusten eraikin erantsi bat eraikitzea espazioak handitzeko.
    • Beste asistentzia arloko antolaketa: ez da aipatzen helduen osasun mentalaren egungo kokapena.
    • Pazienteak hartzeko eremuak: ez da adierazten non kokatuko liratekeen berrantolaketaren ondoren.
    • Lan-eremu komunak: Une honetan espazio fisiko arazo handiak daude, ez da adierazten non kokatuko liratekeen eta etorkizunerako behar den espazioa nola irabaziko litzatekeen.
    • Elementu komunak: Une honetan espazio fisiko arazo handiak izanik ere, ez da adierazten non kokatuko liratekeen eta etorkizunerako behar den espazioa nola irabaziko litzatekeen.
    • Ez da aipatzen ESlren Zuzendaritzak etorkizunean izango duen kokapena; izan ere, gaur egun bigarren solairuan gune bat hartzen du, non kirofano berriak kokatuko direla aurreikusten den. Dokumentuan ez da aurreikusten eraikin erantsi bat eraikitzea espazioak handitzeko.
  • Etiquetas: