Irungo EH Bildu etorkizunari begira jarri da udal aurrekontuen negoziaketan: udal eraikin berria, eta kulturari bideratutako gune oso bat San Juan-Urdanibia plaza inguruan

San Juan Plaza

Irungo EH Bildu.- Irungo EH Bilduk udal aurrekontuaren proiektuari aurkeztutako proposamen nagusiaren berri eman du. Alderdi abertzaleak 11M euroko zuzenketa aurkeztu du San Juan plazan udal eraikin berria eraikitzeko. Aspaldi egin zen eraikin honen proiektua eta helburu horrekin gorde zen udaletxearen albo batean hutsik dagoen lursaila.

Eraikin berriarekin udal-zerbitzuak espazio berean bateratu nahi ditu EH Bilduk, arloek modu koordinatuan lan egin, proiektuei zeharkakotasuna eman eta gai desberdinak modu eraginkor batean kudeatu ahal izateko.

Dena den, EH Bilduren proposamena harago doa. Udaleko arlo desberdinak bateratuko dituen eraikin berri batek, gaur egun hirian zehar sakabanatuta dauden udal bulegoei beste erabilera bat emateko aukera irekiko luke. Eta hori da EH Bilduk mahaigaineratu duen beste helburua: Urdanibia eta San Juan Plazaren inguru hori kultur sorkuntzarako gune bilakatzea. Bertan, eskualdeko eragileek beren lana egiteko aukera izan dezaten, sinergiak sortu eta herritarrek kultur ekimen desberdinak disfrutatu ahal izateko, hala nola, erakusketak, antzerkiak, kontzertuak eta abar.

Oihana Briones bozeramaileak honela azaldu du taldearen proposamena. "Gaur egun Udaleko arloak Irundik sakabanatuta daude eta modu honetan oso zaila da gai desberdinei zeharkakotasuna eman eta modu koordinatu batean lan egitea. Eraikin hau ezinbestekoa da Irunen herritarrei modu eraginkorrean erantzungo dion administrazio moderno bat nahi badugu". Kultur sorkuntzari dagokionez, "CBAren bigarren fasea amaitzean kulturari bideratutako gune berri bat izango dugu San Juan Plazaren bihotzean. Gure ustez Urdanibia plazan kokatuta dauden udal bulegoak eraikin berrira mugituz gero, inguru guzti hori kulturara bideratutako espazio oso bat bilakatu daiteke. Bertan, eragile desberdinek sorkuntza lantzeko aukera izango lukete, eraikinak eskualdeko talentua bultzatzeko aprobetxatu zitezkeen, eta herritarrek kultur jarduera desberdinekin disfrutatzeko espazioak izango lituzkete."

Alderdiak hogei proposamenetik gora aurkeztu ditu, eta datozen egunetan jakinaraztera emango dituela adierazi du.

Etiquetas: