Alarde Parekidearen Junta.- "Argi eta garbi dago gero eta gehiago direla Irunen ehunka urtetako tradizioak berdintasunez ere goza daitezkeela uste dutenak. Horren erakusgarri da aspaldiko urteotan Alarde Parekideari babesa ematen diotenen kopuruaren emendatzea, bai lerroetan, bai espaloietan."
Horrela hasten zen 30eko arratsean Gipuzkoako egunkari batek egindako jaien kronika. Ez da berria, urtez urte baieztatzen den joera baizik.
Bertatik bertara ikusi dugu, beste behin, adin eta izaera guztietako lagunek Alardea eginda sentitzen duten poza eta emozioa. Batzuk uzkur hurbiltzen dira, ez dute inor ezagutzen. Emakume helduak izan ohi dira, luze pentsatu ondoren erabakia hartu dutenak; beste batzuk neska gazteak dira, bizi-biziak. Denek bukatzen dute ekainaren 30ean hunkituta, konpainiak egindako abegi onari eskerrak emanda, ordura arte ukatua zitzaien aukera baliatu eta behingoz ospakizun eta jaian bete-betean murgildu direlarik zirrararen zirraraz bizitakoa deskribatu ezinik. Bertatik bertara ikusi dugu nolako harrotasunez jotzen duten erredoblea, partxea, txilibitua, edo eskopetarekin. Adina, jatorria, sexua, kolorea zeinahi dutela ere, urtetik urtera ehunka batzen zaizkigu. Emakumeek gizonen pare Alardeaz berdin goza zezaten duela 28 urte zailtasun pila gaindituta lanean hasi ginen lagunok sentitzen dugu gaurgero familia handi bat osatzen dugula, pausua arrera egitera ausartzen direnak elkartzen zaizkigun heinean hazi egiten garela. Zeren eta, inklusioa, jai giroa, berdintasuna, aniztasuna gehitu ahala, alardea hobetu egiten baita. Izan ere, inor bazter uzten ez duen jaia jai hobea izaten da, gizarte hobea egiten du.
Berriro eman behar dizkiegu eskerrak barruan nahiz espaloietan parte hartzen dutenei, antolatzen duten agintariei, Alardea gauzatzeko antolamenduetan ahaleginak eta bi egiten dituzten guztiei. Emakunderi eta Gipuzkoako Foru Aldundiari ere bai, naski, ekonomikoki ahalbidetzen baitute.
Aurten Udalak berriro egin dio uko gure eskabideari eta ez du herritar guztiontzako Udal Alarde bat antolatu. Baina ez dugu amore emango: berdintasunezko Alarde batek bizikidetza sustatzen du, eta horrelako Alardea sustatzen, antolatzen eta defenditzen duen erakunde batek herritarren zilegitasuna eta atxikimendua erdiesten ahal du. Eta guk harro sentitu nahi dugu, geure Udalaz ez ezik, haren ordezkari politikoez eta geure ospakizun handia geure herrikideekin partekatu ahal izateaz ere.