Akordioetara iristeko gaitasuna, baita Bidasoako Gazte Langileon Asanbladarekin ere

Pancarta

Abotsanitz.- Uztailaren 16ean, Bidasoako Gazte Langileon Asanbladak ekintza bat burutu zuen, Gaztetxe baten beharra gizarteratuaz, lehenik San Telmo gazteluaren eremuan eta ondoren, Udaletxeko arkupeetan. Aipatu beharrean gaude, aldarrikapena ez dela berria, iraganean honelako hainbat ekintza ere burutu izan direlako, horietan gertueneko adibidea, 2019an Egiluz jauregiarena izango genukeelarik.

Abotsanitzen sorreratik, garbi eduki dugu Hondarribia herri bizi eta aktibo batean sinesten dugula eta bide horretan, herriko eragile ezberdinek berebiziko funtzioa betetzen dute. Auzo-elkarteak, kultur eragileak, kirol-elkarteak eta baita gazte mugimenduak ere, bizirik dagoen herri baten adierazle nagusi dira.

Buruturiko ekintzari dagokionez, iraganean, gu ere ideia horien defentsan aritu izan gara eta horrexegatik, haien eskakizunen edukiarekin bat egiten dugu. Oraingo honetan, ordea, beste egoera batean aurkitzen ginelarik, harro gaude udalak erakutsi duen jarrerarekin, ez baitugu gure erantzukizuna ekidin nahi izan eta aipatu gisan, herriko eragile bat bezala aintzat hartu ditugu, behar zen modutan.

Hasieratik, hizketarako borondatea adierazi izan da eta beste behin ere, horren fruituak izan dira akordioetara iristeko gai garela herriko eragile edo estamentu oso desberdinekin, gure hitzak hitzezkoak eta fidatzekoak diren seinale. Baina mahai gaineratu den gisan, Gaztetxe baten beharrari dagokionez, egun batetik bestera alternatiba edo espazio egoki bat topatzea ezinezkoa da eta helburu horrekin jarraipen bat egiteko, bide-orri baten inguruan lan egitea txalotu egiten dugu eta espero dugu, etorkizunean, lanketa guzti horrek emaitzak ematea.

Etiquetas: