EH Bildu.- EH Bilduk gaurko udalbatzan Irungo kiroldegietako matrikulazioetan emandako arazoak hiriko udal kirol eskaintza murritzegiaren ondorio zuzena direla defendatu du. Behin eta berriro Irungo kirol espazioak gainezka daudela mahaigaineratzen duten arren, Udalak kirol instalazioen politika garbirik ez duela salatu dute.
Ane Unanue zinegotziak egindako interbentzioan udal gobernua interpelatu du; “Nola eta noiz emango zaio irtenbidea Irunen dagoen ur azalaren beharrari? Nola eta noiz frontoi estalien beharrari? Nola eta noiz eskubaloia, saskibaloia eta bestelako kirolen praktikarako espazio estalien beharrari?
Kirola Osasuna da. Gizarte bezala hori barneratua dugu gaur egun, eta horrek Udala zuzenean interpelatzen du proiektu handietara ez ezik, auzoetan kokatuko diren kirolgune eta kiroldegietara begira jartzea dagokigu, horiek ere badirelako Irungo hiriarentzako, eta batez ere hiritarrentzako, proiektu izarrak.” Udalbatzan zehar, igerilekuetako ikastaro egokituetan aldaketak egingo direla salatu du Aurreratu Elkarteko ordezkari batek; kiroldegietako zuzendariak bakarkako ikastaroak eskaintzetik, desgaitasun funtzionala duten pertsonez osatutako taldeak egingo zirela jakinarazi ostean. Honek erabiltzaile eta familiengan kezka eta ezjakintasun handia sortu du.
Bere aldetik, EH Bilduk Udalak kudeaketa honetan duen ardura nabarmendu du, eta Aurreraturen hitzartzearen aurrean Udalak eskainitako soluzioak zeintzuk izango diren argitzea eskatu du.
“Kiroldegien kudeaketa konplexua dela badakigu, eta horregatik, gai hauetan elkarlana sustatzeko esfortzu handiagoa egin behar dela uste dugu; hiritarrei informazioa helaraziz, elkarteekin batera, kirol klubekin harremanak estutuz, eta udal talde politikoekin batera”.