Espainiako Bankuak uko egin dio justiziarekin elkarlanean egiteari

Espainiako Bankuak ezezko borobila eman dio Donostiako epaitegi baten informazio eskaerari, IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanken aurkako salaketa baten harira.

Kutxabank izan zen froga bezala IRPHaren manipulazioagatik inolako zigor-espedienterik egon den zehaztuko zuen Espainiako Bankuaren txosten bat eskatu zuena. Kutxabankek espero zuen inolako zigorrik egon ez dela esango zuen txosten bat jasoko zuela. Azpimarratzekoa da horrelako txosten batek ere ez liokeela inolako arrazoirik emango, bi arrazoi nagusi hauek medio:

    - Espainiako Bankuak esango balu inongo manipulaziorik ez duela ezagutzen (gertatu ez den hipotesia), honek ez luke frogatuko inoiz gertatu ez denik.

    - Inolako manipulazioaren frogarik ez balego ere, honek ez luke arrazoi ukaezin bat baliogabetuko: banketxeek indizean eragina izan dezakete, eta eragiteko aukera izate hutsak (berdin dio bidegabe eragitera iritsi diren ala ez), indizea indarrean dagoen araudiaren kontrakoa izatea dakar.

Baina ezustekoa Espainiako Bankuaren erantzunarekin iritsi da, sekretu profesionalaren argudioarekin uko egin baitio epaitegiari entitateek Espainiako Bankuari hilero ematen dioten informazioa eta gai honen inguruan inolako zigor- espedienterik egon denaren inguruko informazioa emateari. IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak dokumentu hau eskuratu du.

Begibistakoa da Espainiako Bankuaren erantzuna ez dela Kutxabankek espero zuena, indizearen gardentasun ezaren inguruko gure salaketak indartu egiten baititu (badaude gainera irregulartasun gehiago).

IRPH Entidades aplikatzeagatik Kutxabanke aurkako salaketa honi dagokion epaiketa datorren astelehenean, irailak 22, ospatuko da Donostian, eta elkarte honek espero du IRPH Cajas indizearekin lortutako emaitza berbera lortzea:  IRPHa bertan behera uztea eta Kutxabank bidegabe kobraturiko interesak itzultzera zigortzea.

Oraindik indarrean dagoen eta estatu espainiarrean milioi bat familia kaltetzen dituen IRPH Entidades aldaeraren aurkako lehen garaipen judiziala izango litzateke.

Dei egiten diogu gizarteari astelehenean, irailak 22, goizeko 10:30tan epaitegien aurrean egingo dugun elkarretaratzera batzeko. Hipotekaren Kaltetuen Plataforma edo PAH-ko ordezkariek, beste probintziatako kaltetuek eta alderdi politiko desberdinetako hautetsiek iadanik konfirmatu dute etorriko direla, kalteturiko familiei babesa erakusteko egingo den kontzentraziora. 

Etiquetas: