KUTXABANKen aurkako sei zigor berri IRPH aplikatzeagatik

IRPH Stop Gipuzkoa.- Gaur ezagutu dira pasa den azaroaren 10ean epaiaren zain geratu ziren 30 salaketatik seiri dagozkien epaiak. Salaketa guztiak Kutxabanken aurkakoak dira, IRPH aplikatzeagatik.

Sei kasuetan justiziak ebatzi du IRPH aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatu eta salaketa jarri dutenei «bidegabe kobraturikoak itzultzera».

Gaurko sei hauekin jadanik bederatzi dira IRPH Stop Gipuzkoa elkartearen talde juridikoak, Maite Ortiz eta José María Erauskinek zuzenduta, lortu dituen epaiak. Eta argi dago datozen egunetan epai gehiago etorriko direla, 33 izan arte.

Baina Gipuzkoan 15.000tik gora izan daitezke egoera berdinean dauden familiak, eta beraz Kutxabankek guztiei bidegabe kobratu dizkien interesak itzultzea onartzen ez badu epaitegiek salaketekin gainezka egingo dute.

IRPH Stop Gipuzkoa elkartetik PNV, PSE eta PPri erantzukizunez joka dezaten dei egiten diegu, Kutxabanken duten botereaz abusu honi amaiera eman diezaioten, kaltetuoi euren dirua itzuliaz.

Gainera, Xabier Iturbek dimisioa eman dezan exijitzen dugu, IRPHarekin egin duen kudeaketagatik, nahiz eta bere esanetan kudeaketa hau «bikaina» izan. Xabier Iturbe gipuzkoar guztiok helburu sozialekin sortu genuen aurrezki kutxa hiritarrok epaitegietara eramatera behartzen gaituen entitate bihurtzearen errudun da. Eta epaitegietan jasotzen ari den zigor sortak ez dio dimisioa beste irtenbiderik uzten.

IRPH Stop Gipuzkoa elkarteak finantza-entitate guztiek IRPH guztiekin kalteturiko familia guztientzat justizia exijitzen dugu.

Posible da.

Etiquetas: