Aurrezteko eta eraginkortasun energetikorako proposamenak nekazaritzako elikagaien sektorean

Irungo eta Hondarribiko enpresa txiki eta mikroek eraginkortasunean oinarritutako aurrezte ekintzen diagnosia eta martxan jartzea finantzatu ahal izango dituzte. Nekazaritzako enpresetan espezializatuta dagoen zentro baten laguntza jasoko dute, Bidasoa Bizirik-en bidez.

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik-en bidez, diagnosirako eta “Aurrezteko eta Ekoizpen Ekoeraginkorreko Planak” martxan jartzeko zerbitzuak eskaintzea helburu duen programa sustatu dute. Nekazaritzako elikagaien sektorean dabiltzan Bidasoa eskualdeko enpresei zuzenduta dago.

Programa berriak ikuspegi ezberdina dauka, ondorengo baldintzak betetzen dituzten nekazaritzako elikagaien sektorean ari diren eskualdeko enpresei zuzenduta baitago: produkzio eta eraldatze fabrikan 50 langile baino gutxiago edukitzea, eta urteko negozioaren bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi euro baino gutxiagokoa izatea.

Programa honetan parte hartuz gero, Irungo eta Hondarribiko enpresek sektorean espezializatuta dagoen zentro baten zerbitzuak finantzatu ahal izango dituzte. Ingurumenari dagokionez haien egoera hobetu, aldi berean gastuak murriztu eta bide batez epe laburreko emankortasuna handitu nahi duten enpresek, helburua lortzen lagunduko dieten zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte horrela.

Programak burutuko dituen ekintzak

Espezializatutako aholkularitza zerbitzua egokitutako hobekuntza plana da. Plan horren baitan ekintza ezberdinak bideratuko dira, sei hilabeteko epean. Bi fase nagusi izango ditu planak:
  - 1.Ingurumenari buruzko diagnosia: lehengaien, uren eta beste isurien fluxua aztertuko da, eta gastuak kalkulatuko dira. Eraginkorrak ez diren prozesuak identifikatuko dira, baita murrizketa horien arrazoiak ere. Hobekuntza plana egingo da, eta prozesuak aldatu, teknologia berriak ezarri, edo ohitura onak ezarri ahal izango dira.
  - 2. Ekintzak ezartzea: proposatutako hobekuntza ekintzen bideragarritasun plana egingo da, eta egokitutako ekintza plana definituko da. Azkenik, enpresak aukeratutako ekintzak eta neurriak martxan jarriko dira, aholkularitza enpresaren jarraipen etengabearekin.

Programan parte hartzeko eskaerak egiteko epea urtarrilaren 28an bukatuko da, arratsaldeko seietan. Parte hartzen duten enpresek otsailaren 4tik uztailaren 30era arte izango dute Aurrezteko eta Produkzio Ekoeraginkorrerako Planak prestatzeko.

Finantzazioa

Zerbitzuen kostua Bidasoa Bizirik-ek finantzatuko du %100ean, Innov Mugabe proiektuaren bidez. Proiektua PCTEFAk finantzatu du (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Kooperaziorako Programa Operatiboa).

Informazio gehiago lortzeko eta Aurrezteko eta Ekoizten Ekoeraginkorrerako Planei buruzko dokumentazioa lortzeko, Innov Mugabe proiektuaren web gune ofizialera jo daiteke: www.bidasoa-sudpaysbasque.com, baita Bidasoa-Bizirik-en web gunera ere: www.bidasoa-activa.com. Bidasoa Bizirik-eko Ekonomia, Ikerketak eta Berrikuntza Departamentura ere dei daiteke: 943 633 076.

Etiquetas: